Coco Chanel: moda-disenatzaile ausarta baino zerbait gehiago

1883ko abuztuaren 19an jaio zen Coco Chanel. Modaren munduko figura mitikoa da Coco Chanel. Goi-mailako modara irakultza ekarri zuen: bere garaiko eskemak hautsi eta arropa sinple eta erosoa sortzen hasi zen.

Gabrielle Bonheur Chanel, edo Coco Chanel (1883-1971), moda-diseinugile aitzindaria izan zen, iraultzailea. Coco Chanel moda-etxea sortu zuen. Haurtzaro zaila pasatu ondoren, nortasun bereziko emakume honek goitik behera aldatu zuen moda. Nazien espia ere izan zela esaten du Hal Vaughan kazetariak.


Gabrielle Bonheur Chanel 1883ko abuztuaren 19an jaio zen, Saumur herrian, Frantzian. Aita saltzaile ibiltaria zen; ama, etxekoandre. Gabrielle eta bere anai-arreben haurtzaroa pobrea izan zen. 1895ean tuberkulosiak ama hil zion. Aitak izeba batzuen esku utzi zituen hiru alabak, eta haiek mojen umezurztegi batean sartu zituzten hirurak. Han josten irakatsi eta lana aurkitu zioten: jostun-laguntzaile, ona omen zen-eta horretan; 18 urte zituen. Beste zerbait ere ikasi zuen mojekin: diziplina behar zela, dirua aurreztu eta posiblea zela arropa sinpleak sortzea, baina ondo egindakoak. 1905-08 urteetan kabaret-abeslari ere izan zen, eta bere ikuskizunetara joaten ziren militarren uniformeek txunditu egin zuten Coco; militarrek ere bai. Harreman haiei esker bere ametsa bete nahi izan zuen Cocok: jostun ospetsua izatea. Agian ordukoa du Coco ezizena ere.


Zaldian ibiltzen ikasi zuen, gizonezkoak bezala, hankak zaldiaren alde batera jarri gabe. Polorako arropa dotore erosoak txunditu egin zuen Coco. Arropa hori emakumeentzako egokitzen hasi zen, eta arrakasta sekulakoa izan zuen. Chanel etorri arte, moda emakume aberatsentzat zen, eta ez zen erosoa lanerako, edo autoa gidatzeko. Paul Poiret diseinatzailea ere ari zen arropa erosoa eskatzen, andreen gerria torturatzen zuen gerruntzearen aurka.


Amorante eta jostun
Parisera joan zen amorante dirudun batekin. Apartamentu txiki batean bizi izan zen. Laster ireki zuen han bere lehen kapela-denda, Chanel Modes. Maitaleen diruari esker hainbat hiritan bizi izan zen: Deauvillen (Normandia, 1913-14) eta Miarritzen (1916). 1914a gerra-urtea da eta andre asko erizain aritu ziren zaurituak zaintzen, adibidez, Deauville herrian, erietxe bihurtutako hoteletan. Chanelek lantegi bat ireki zuen herri horretan emakume horiei arropa egiteko. Baina aurretik, 1910eko antzerki batean bere hainbat kapela azaldu ondoren, moda-aldizkarien arreta piztu zuen. Dena den, Arthur Capel auto-gidari eta polo-jokalari famatuarekin izan zuen harremana izan zen arrakastarako bidea behin betiko ireki ziona. 1914rako bazituzten bi denda irekita, eta 1915ean Chanel-Capel bikoteak beste denda bat ireki zuen Miarritzen, jostundegi bat, kasinoaren ondoan. 1916rako 300 langile zituen Chanelek.


Capel auto istripuan hil ondoren, Parisen lehen Chanel etxea ireki zuen. Ez zuen arazorik izan harremanetan egoteko gizarteko gizon dirudunekin, zine-izarrekin, ofizial naziekin eta tsarren senideekin. Denei gezurra esten zien: aristokrata zela jatorriz.
Modaren beste esparruek erakarrita, bisuteria-lantegi bat sortu zuen, eta, 1921ean, Chanel 5 lurrin ospetsua, Pierre Wertheimer-ekin batera. Gaur egun haren oinordekoak dira Chanel markaren jabe. Oso ezaguna egin zen Marylin Monroe aktorearen esaldia, lotarako Chanel 5 janzten zuela, besterik ez.



Moda-ikonoa, espia?
Montecarlon 1925ean Weinmister-eko Dukea ezagutu zuen, Ingalaterrako gizonik aberatsena orduan, eta, aurreko beste batzuetan bezala, bere mutil-lagunaren estiloa bere arlora ekartzen saiatu zen, estilo ingelesa oraingoan. Baina ez zuen nahi amodioa traba izatea bere lanean: “gizonaren eta nire arroparen artean aukeratu behar izan nuenean, arropa aukeratu nuen”. Harremana amaituta, AEBetara joan zen, milioi bat dolarreko kontratua besapean zuela. Helburua, Hollywood: aktoreentzako arropak diseinatzea. 1931 zen, eta ez zeuden koplatarako 1929ko krisiaren ondorioz. Berriro ere jende asko liluratu zuen, baina lehiakide gazte eta ausartak zituen, gogor zetozen arerioak modaren arloan. Eta New York aldizkariak ere ez zituen ontzat hartu aktoreei Chanelek egindako arropak, jantzi txundigarriagoak nahi zituzten. Parisen ere bazuen arerioa: Elsa Schiaparrelli italiarra.


Chanel, 50 urte beteta, Paul Iribarnegaray euskal karikaturagile eta diseinatzailearen maitale izan zen, hau tenisean ari zela bihotzekoak jota hil zen arte.


1939an, naziek Frantziak hartuta eduki zuten denboran, Chanelek bere dendak itxi eta Ritz hotelera joan zen bizitzera, nazien buruak bizi ziren leku berera. Nazien espia zela idatzi izan da, baina Chanel etxeak beti esan du bitartekari gisara aritu zela Winston Churchill ezagutzen zuelako, bitartekari izan zela Ingalaterraren eta Alemaniaren artean, bakea lortzeko.


1939an Gunther von Dincklage militar alemanarekin maitemindu zen, eta gerra-ostean Suitzan gorde ziren biak, gerra-ikerketen beldur. Militar alemanei asko gustatzen zitzaien Chanel 5 lurrina oparitzea andre eta neska-lagunei.


Erretiratuta egon zen urte horietan “New Look” izeneko modaren arrakasta iritsi zen, Christian Dior eta Balenciagak bultzatuta.


B2
2013-08-19
16235877
6260