Cristobal Balenciaga: dotorezia Getariatik mundura, Donostia eta Paristik barrena

Aurten 100 urte dira gure diseinatzailerik handienak Donostian lehen denda ireki zuela.

Zenbakiak eta neurriak

1917an Cristobal Balenciaga jostun eta moda-diseinatzaileak bere lehen denda ireki zuen Donostian. Aurten, 100 urte beraz, eta 80 urte Parisko denda ireki zuenetik.

Balenciaga 1895ean jaio zen, Getarian. Aita arrantzale eta alkatea zuen, eta ama jostuna. Cristobalek umetatik ikusi zuen ama josten, eta josten irakasten. Bera ere amarekin  hasi zen ikasten. Donostian ere ikasi zuen.

Uda batean, Getarian, 12 urte zituela, markesa bat ezagutu zuen, Belgikako Fabiola erregina izango zenaren amona. Cristobal gazteak markesaren arropa lisatzen zuten langileekin ikasi zuen lisatzen. Behin, aristokratak oihal bat eman zion, eta harekin bere soineko bat kopiatzeko eskatu. Emaitzak zur eta lur utzi zuen markesa. Soinekoa ikusi, eta hurrengo igandean elizara joateko estreinatu zuen. Hura poza mutikoak!  Markesa Cristobalen mezenas bihurtu zen. Donostian eta Bordelen hainbat urte eman zituen lanean maila handiko tokietan. 

20 urte pasatxorekin, bere lehen denda-tailerra jarri zuen Donostian. Lizaso ahizpen diruarekin, 1927an, beste bat. 30 bat ofizial zituen lanean. Hau da, enpresaria ere bazen: hiru arropa-marka desberdin sortu zituen Donostian, ehun bat markesa zituen bezero, Victoria Eugenia erregina… 

30eko hamarkadan, Madrilen eta Bartzelonan sukurtsalak jarri zituen, baina gerra zibilean Parisa itzuli zen, sukurtsalak aldi baterako itxita. Ordurako ezagutzen zuen Wladzio d’Atainville bere bikotekide, lagun eta bazkide izan zena. Parisko denda irekitzeko beste bazkidea Nikolas Bizkarrondo izan zen, Bilintxen iloba.

Parisen sekulako arrakasta lortu zuen goi-mailako joskintzan. Coco Chanelek esana da Balenciaga zela soineko bat marraztu, sortu, ebaki eta josten zekien bakarra.  Koloreak konbinatzen eta bolumenak sortzen ere oso trebea zen. Hori batetik, bestetik, oso zorrotza zen bere buruarekin eta besteekin, oso perfekzionista. Maiz kendu zituen mahukak modeloen soinekoetatik, zakar, ez zeudelako ondo eginak edo jarriak… 

Hiru hamarkadatan bera izan zen goi-mailako joskintzan handiena, miretsiena, aristokraten eta Hollywoodeko antzezle askoren jostun. Belgikako Fabiola erreginak Balenciagaren soineko bat zeraman ezkondu zenean. Berritzailea zen Balenciagaren estiloa: oso ezagunak egin ziren, adibidez, bere zaku-soinekoak, edo tunika-itxurakoak,  globo-itxurako gona… Baina Chanel eta Christian Dior ere baziren norbait modaren arloan, eta horiek ere bazekiten emakumeentzako arropa egiten. Balenciagaren miresleak lehiakide gogor ari ziren bihurtzen. Arropa dotorea egiteaz gain, bere etxea izango zena zaharberritzen hasi zen, Igeldoko baserri bat. Guraize-bilduma jarri zuen bertan.

Torresko markesak Aldamar jauregian pasatzen zituen udak. Gaur egun museoa dago bertan.

Balenciaga bera ere oso dotorea zen, espanturik gabea jantzi kontuan.  Igeldoko baserrian bizitzea atsegin zuen, baina eguraldi hobearen bila, oporretan Alacantera joaten zen. 

Mundua aldatzen
60ko hamarkadan, mundua, aldatzen ari zen.  Prêt-à-porter estiloa hasi zen nagusitzen; asko garestitu zen jantziak banan-banan egitea…  1968an erretiroa hartu zuen, Parisko denda itxita, eta Madrileko tailerrak. Handik gutxira, 1972an, Francoren ilobari, Carmen Martínez-Bordiuri, ezkontza-soinekoa egin zion. Martxoan izan zen ezkontza, eta martxoan hil zen Balenciaga, Javean (Alacant). Getarian ehortzi zuten.

2011n, Getarian, Balenciaga Museoa sortu zuten. Urte berean argitaratu zen “Kristobal Balentziaga, maisuaren eratzea” liburua, museoko bildumen-arduradun izandako Miren Arzallusek idatzia.

100 urteurrena ospatzeko hainbat ekitaldi antolatuko dira museoan, eta  baita Parisen ere, Montparnasse artista-auzoko Bourdelle museoan. Finean, artista bat artisten gunean.

 

 

Balenciagari buruzko audioa Euskadi Irratian.
 


B1
2017-03-14
16139050
4377