Rikardo Arregi, euskal idazle, kazetari eta kultur eragile

Euskara batuaren bultzatzailea eta helduen alfabetatze eta euskalduntzeko mugimenduaren aitzindaria.

1942ko irailaren 22an jaio zen, Andoainen, eta 1969ko uztailaren 10ean hil zen 27 urterekin, auto-istripuz, Ramon Saizarbitoriarekin zihoala.
Hiru urte zituela bidali zuten Sasierrota eskolara eta 1945-1951 urteen artean, berriz, La Sallen ikasi zuen. Jarraian, hamaika urterekin seminarioan sartu zen, Saturraranen egon zen lehendabizi eta Donostian ondoren. Hamar urte egin zituen apaiztegian, 1962an Filosofiako ikasketak amaitu zituen arte. Orduan seminarioa utzi eta Bilbon Ekonomia Zientzietan eman zuen izena.
Klandestinitateko politikagintzan hasi zen 20 urterekin, eta 1964an, EGIko kide izatea leporatuta, Donostiako Martutene kartzelan lau hilabete egin zituen. Urte hartan euskaltzain urgazle izendatu zuten.
Ordurako, hasia zen idazten Zeruko Argia, Anaitasuna eta Jakin aldizkarietan. Lauaxeta Sariarekin, urteko artikulugile onena izendatu zuten 1965ean, eta saiakera laburrak ere landu zituen Jakin aldizkarian. 
Lur argitaletxeak andoaindarra hil eta gutxira, 1969ko urrian, Politikaren atarian liburua kaleratu zuen. Bere beste zenbait lan ere hil ondoren argitaratu ziren.
Rikardo Arregik euskarazko kazetaritza landu zuen gutxik egiten zuten garai batean, nazioarteko gaiei buruz, ekonomiari buruz edota politikari buruz idatziz. Euskara errazean idazten zuen, edo, A. Lertxundik 1979an Jakinen idatzitakoaren arabera, euskarari funtzionaltasun bat aurkitzen saiatu zen.

Familia-argazkia. Rikardo ezkerrekoa da.

Baina euskaldunon alfabetatzearen beharra ere ikusi zuen Rikardo Arregik, euskaraz jakin arren, hizkuntza horretan irakurtzen zein idazten ez zekiten euskaldun asko zeudela ohartu baitzen. Besteen artean, Euskaltzaindiari alfabetatze-saila sortzeko eskaera egin zion. Proposamena onartu eta modu horretan eman zituen aurreneko urratsak helduen alfabetatze eta euskalduntzeko mugimenduak. Arregiren eskuetan egon zen kanpainaren antolakuntzaren ardura nagusia, eta gako bezala gainditu beharreko hiru arazo nagusi nabarmendu zituen: euskara modernorik eza, euskararen batasun beharra eta analfabetismoa.
Alfabetatzearekin erlazionatutako beste behar bat ikusi zuen: euskarazko liburugintza bultzatzeko beharra, eta hiru ardatz finkatu zituen horretarako: dibulgazioko oinarrizko liburuak, itzulpen eta saiakera liburuak, eta literatur obrak. Era berean, euskal idazleek euren elkarte bat behar zutela ere pentsatu zuen Arregik, nahiz eta egungo Euskal Idazleen Elkartea sortu baino lehen hil zen eta ez zuen bere asmoa egia bilakatzen ikusi.
Hogeita zazpi urterekin hil zen, eta euskaltzaleak eginiko lan handia eskertu izan diote modu ezberdinetan. Esaterako, Andoainen bere izena zeraman kultur taldea jardunean egon zen 1977-1980 urteen artean; kale bati bere izena ipini zioten 1979an; 1989an Andoaingo Seme Kutun izendatu zuten. Bestalde, Rikardo Arregi Kazetaritza Saria antolatzen da urtero 1988az geroztik.

Auñamendi Eusko Entziklopedia
(moldatua)

 


B1
2017-10-03
16175810
2902