Armenia, lehenengo herrialde kristaua
Armenia harro dago bere buruaz: bera omen da munduko aurreneko herrialde kristaua. Bai, kristautasuna erlijio ofizial bihurtu zuen lehenengo herrialdea Armenia izan zen, 301 urtean, Trodat erregearen eskutik. 12 urte falta ziren Konstantino enperadoreak Erromako Inperio osoan kristautasuna legeztatzeko.
Beraz, Armeniako ondare artistikoa eta kulturala bai elizek, bai monasterioek osatzen dute batez ere: ez da harritzekoa. Eta bisitarientzat ere horixe da erakargarriena: ez soilik hango arkitektura berezia, baita eraikinen kokalekua ere, oso eskuragaitzak diren paraje menditsuetan.
Dena dela, agian monasteriorik ikusgarriena, Khor Virap, lautada batean dago, ez mendian. Baina ikusgarritasun hori, besteak beste, atzean duen Ararat mendi bikainak ematen dio. Sekulako mendia da Ararat bere itxura konikoarekin, eta bistakoa da sumendia dela. Lautadatik bat-batean gora egiten du 5.000 metro. Ingurua zaintzen duen erraldoia dirudi. Glaziarra du tontorrean, elurrarekin beti. Ematen du Afrikatik Kilimanjaro etorri dela Europako bazter horretaraino.
Khor Virap monasterioa, Ararat atzean
Araraten magalean amaitu omen zuen Noeren ontziak bere ibilbidea; halaxe dio Bibliak. Ontzia itsasontzi erraldoia zen, eta bertan sartuta salbatu omen zituen Noek bere familia eta Lurreko animaliak, Uholde Unibertsalean ez itotzeko. Bibliak kontatzen du 40 egun iraun zuela euri-jasak, gau eta egun, eta Ararateko mendi-tontorra soilik zegoela agerian.
Beraz, armeniarrek beren jatorria azaltzeko Noeren sasoiraino jotzen dute. Armenia armenieraz Hayastan esaten da. Hayastan hitza Hayk izenetik dator, eta Hayk-en birraitona zen Noe. Eta jakina, oso aspaldikotzat du bere burua Armeniako herriak, eta kultura oso berea eta sustraitua. Ararat mendia sakratua da eurentzat. Zoritxarrez, bada mende bat pasatxo, ikusi bai, baina ukitu ezin dutena Ararat.
Erevan, Errepublikako Plaza
Armeniako hiriburuak, Erevan hiriak, horizontean du Ararat, 50 kilometro pasatxora; baina Turkian, ez Armenian. Ararat Armeniarena izan zen gizaldiz gizaldi, baina Lehen Mundu Gerra amaitu ondoren bi herrien arteko mugak aldatu egin zituzten, eta Turkian sartu Ararat. Armeniarrek diote beren ikur nazionala dela mendia. Bertako garagardo eta brandy batek Ararat izena dute. Eta begira, brandy horixe edaten zuen Churchill lehen ministro britainiarrak, Stalin presidente sobietarrak bidaltzen ziolako Britainia Handia eta Sobiet Batasuna aliatuak ziren garaian, Bigarren Mundu Gerran.
Armenia bera ere Sobiet Batasunaren barne izan zen ia 70 urte. Independentzia 1991n lortu zuen, eta sobietar arrasto gutxi ditu gaur egun. Adibidez, Erevango Metroa, oso-oso lurpetik doana, antzinako hiri sobietar guztietan bezalaxe. Izan ere, metroak hegazkinen erasoetatik babesteko ere balio behar zuen.
Arte moderno museoa, Ur-jauzia izenekoa, Erevan
Badu Erevanek turista harrapatzeko zerbait. Monumentu nabarmenak ez ditu, baina oso atsegina da hango etorbide zabaletan paseatzea eta kaleko terraza ugarietan zerbait hartzea. Historia nahi duenak hori ere badu, Matenadaran esaterako. Museo honek badu bilduma ikusgarri bat, armenieraz idatzitako eskuizkribuek eta kodizeek osatutakoa. Oso-oso aspaldikoak dira. Badira hantxe mila urtetik gorako liburuak, bitrinetan ikusgai.
Armeniar alfabetoa, armeniarren nortasun-ikurrik garrantzizkoenetakoa
Esan dugu kristauak direla armeniarrak; eta nazio-ikurretako bat dute kristautasuna, are gehiago, inguruko herrialdeak musulmanak izanda. Armenian 3 milioi armeniar bizi dira, eta beste 7 milioi munduan zehar, batzuk oso pertsonaia ezagunak. Jatorri armeniarra dute, adibidez, Charles Aznavour eta Cher abeslariek eta Gary Kasparov xake-jokalariak. Armeniar ukituko kristau-erritoek batu dute diaspora zabal hau.
Armeniako elizetan kandelak beti piztuta daude
Echmiadzin leku aproposa da errito horien xehetasunak ezagutzeko, armeniar bataioak eta ezkontzak batez ere, Erevandik ia ordu-erdira. Bertan bizi da armeniar komunitatearen Patriarka kristaua; zeren, kristauak izan arren, ez daude Erromaren esanetara. Eta katedralik ezagunena, Mayr Tachar, Europan arkitektura erromanikoa garatzen hasi zen sasoikoa da. Bizantziar estiloko freskoak ditu hormetan, eta gizaldiz gizaldi bere horretan iraun dute aldaketarik gabe.
Geghard monasterioan neska armeniarrak bisitari
Horma horietan historia gelditu egin dela dirudi, baina ez hor bakarrik, baita mendietako beste monasterio askotan ere; adibidez, Tatev edo Geghard izenekoetan. Geghard hitzak lantza esan nahi du, eta lantza hori monasterioan dago; soldadu erromatar batek erabili omen zuen Jesus gurutzean zauritzeko. Historia eta elezaharrak nahasi egiten dira Armenian, milaka urteko historia duten beste herrialde guztietan bezala.
Azaleko irudia: Taken, Pixabay