Tel Aviv: Israeleko hiri gaztea

Ekialdeko Mediterraneoan parerik ez duen hiria da Tel Aviv.

Bertako gazteek Estatu Batuetako eta Europako gazteen zaletasun eta ohitura berberak dituzte. Inguruko herrialdeek espetxe-zigor latzak ezartzen dizkiete homosexualei, eta Tel Aviven, aldiz, homosexualak egun argiz bizi dira, eta Gayen Harrotasun-eguna antolatzen dute, munduko desfilerik handienetakoa. Ingurumaria hartako emakumeek goitik beheraino jantzita bainatu behar izaten dute hondartzan, eta Tel Aviveko hareatzetan, ordea, boleibolean jokatzen dute surfzaleek eta bikinian doazen neskek. Bazter haietan alkohola ilegala da, baina Tel Aviveko tabernetan barra-barra dabil garagardoa! Egiptoko, Siriako eta Palestinako kafetegietara emakumeak ez dira bakarrik joaten, baina Tel Aviveko tabernetako terrazetan gizonak eta emakumeak elkarrekin nahasten dira, lasai asko.


Tel Aviven terraza asko daude
  Tel Aviven terraza asko daude

Gauzak hala, ez da harritzekoa musulman integristak erabat asaldatzea, iraintzat jotzea, Al Kairotik, Beirutetik eta Damaskotik hain gertu dagoen Tel Aviveko gazteek hain bizimodu biziotsua izatea. Baina kontuz gero!: musulmanek soilik ez, judu ortodoxoek ere Tel Aviv bekatuan bizi dela uste baitute.



Musika ikuskizunak ohikoak dira Tel Aviveko dendetan

Hiri horretatik ordubetera, autobusean joanda, dago Jerusalem, askoz ere giro itxiagokoa, eta askozaz ere askatasun urriagokoa. Tel Aviven ez da apenas judu ortodoxorik bizi, eta Jerusalem, aitzitik, bete-betea daukate. Tel Aviv hiri laikoa da neurri handi batean, eta Jerusalem erlijioan murgilduta bizi da. Juduen asteko jaieguna larunbata da, Sabbat alegia. Egun horretan Jerusalemen ez dago ezer irekita kalean, eta Tel Aviven, ordea, giro pixka bat izaten da.



Jerusalemen baino gutxiago, baina Tel Aviven ere badaude judu ortodoxoak

Derrigorrez joan behar bada joaten da Tel Aviveko hainbat jende Jerusalemera, eta alderantziz. Nahiz eta Israelgo bi hiririk garrantzizkoenak izan, bi mundu dira, oso desberdinak euren artean.

Dena den, badute zerbait berdina Tel Aviveko eta Jerusalemeko gazteek, soldaduska egin beharra derrigor: mutilek hiru urte, neskek bi, baina hor ere badago desberdintasuna. Palestinaren eta Israeldarren arteko gatazka gori-gori dagoela dirudi Jerusalemen, eta Tel Aviven, berriz, guztiz lausotuta dago gatazka; apenas sentitzen da, orbain batzuk badiren arren, adibidez, Delfinario dantzalekuaren hondakinak: palestinar batek bonbaz bere buruaz beste egin eta 21 nerabe israeldar akabatu zituen; 2001ean izan zen. Plaka bat ere bada, Yitzak Rabin lehen ministroa hil egin zutela gogoratzeko. Israeleko gazte eskuin muturreko bat izan zen hiltzailea, eta traidoretzat zeukan ministroa, Osloko hitzarmenak sinatzeagatik zendutako Yasser Arafat buruzagi palestinarrarekin.

Tel Aviv ez bezalakoa da Jerusalem beste honetan ere: Jerusalemek baditu 
arkitektura edota erlijio aldetik eraikin nabarmen batzuk, eta Tel Avivek, aldiz, ez. Ulergarria ere bada, Tel Aviv oso berria delako. Europatik joandako juduek sortu zuten Tel Aviv, Jaffa kai-hiriaren kanpoaldean. Arabian kai esanguratsua izan da beti Jaffa. 1920an etorkinak hasi ziren bertaratzen. 1948an, Israelek independentzia lortzean, judu-multzoak diasporatik uholdeka hasi ziren Tel Avivera iristen. Hiria bizkor hazi zen horrela, eta hemen mendeak zeramatzaten arabiarrak bizitokiz aldatzera behartu zituzten.



Tel Aviven, Israel osoan bezala, bikote gazte asko ikusten dira umeekin

Eromen horretan inor ez zen eraikin nabarmenak egiteaz arduratu. Garai hartan arkitektura arrazionalistak zuen indarra, Bauhaus izenekoak, eta estilo horri jarraituz etxe asko egin zirenez, Tel Aviv munduko hiririk osatuenetakoa da era horretako eraikinekin. Hori dela eta, UNESCOk hiria Munduko Kultura Ondarean sartu du.



Bauhaus estiloko etxe asko daude Tel Aviven

Gaur egun Tel Aviv eta  Jaffa lotuta daude, baina bakoitza den bezalakoa da. Jaffa arabiarragoa da, eta hori janzkeran ere atzematen da: gizasemeek zapi palestinar tipikoa daramate eta emakumeek, ilea ezkutuan.



Neska arabiarrak Tel Aviveko itsas pasealekuan

Tel Aviv baino askoz zaharragoa da Jaffa, eta harro dago; izan ere 4.000 urteko historia du bere gain. Bibliako Itun Zaharraren arabera, Noeren semeetako batek sortu zuen, Jafet-ek, Uholde Unibertsaletik bizirik atera ondoren. Beraz, oso-oso aspaldiko eraikin batzuk baditu, gehienak berriztatuak. Adibidez, San Pedro monasterioa izeneko eliza kristaua, gurutzaden garaiko aztarna.



Tel Aviveko hondartza: atzean, Jaffa

Nahiz eta arabiar gehienak Jaffatik bidali egin zituzten 1948an, hiriak badu arabiar ukitua gaur egun ere, Libanoko gastronomia duten jatetxeak, ur-pipak erretzeko kafetegiak…, baina, bestalde, Israelgo artista askok arte-galeriak dituzte.

Juduen historia jakin nahi duenak Diasporaren Museoa dauka Tel Aviven. Munduan barreiaturik dauden juduak, hori du museo honek gai nagusi: oso txukun aurkeztua dena, gaur egungo museoetan erabiltzen diren teknika modernoekin… Dena dela, Jerusalemeko Holokaustoaren Museoa txundigarriagoa da. Palestinaren historiaz zerbait jakin nahi duenak, berriz, ez du deus aurkituko Tel Aviven, Jerusalemera joan beharko du. Ordubetera besterik ez dago, baina hura, hura beste mundu bat da.                     
 


B2
2014-03-06
  • Torquemada , Jesús
16342824
24547