Zanzibar, espezien uhartea
Arabiarrek orain dela 600 urte menperatzen zituzten Indiako Ozeanoko haize alisioak. Atlantikoan ere baziren haize horiek, baina europarrek ez zituzten hain ongi ezagutzen.
Haize alisioak beti norabide berean jotzen du, etengabe. Arazo bat sortzen du norabide berean jotze horrek: ia ezinezkoa dela etorritako bide beretik itzultzea. Horretarako jakin egin behar da haize horiek zirkulu handi bat osatzen dutela, erloju baten orratzen zentzu berean, eta, beraz, egin daitekeela zirkuluaren beheko partetik joan eta goiko partetik itzuli. Hori pentsatu zuen Colonek zuzenean mendebaldera jo ordez hegoalderako norabidea hartu zuenean, pentsatuta horrela Indiara iritsiko zela, baina norabide horrek Amerikara eraman zuen. Erabaki horri esker lortu zuen Atlantikoa zeharkatzea. Gizaldi bat geroago, gure Andres Urdanetakoak Ozeano Bareko haize alisioen sistema ulertu zuen, eta horri esker, Mexikotik Filipinetaraino joan zen, eta baita handik berriro Mexikora itzuli ere.
Kaleko giroa
Bada, ordurako, itsasgizon arabiarrek, Simbad Marinela eta enparauek, gizaldiak zeramatzaten Indiako Ozeanoan, beren etxean balitz bezala, nabigatzen. India, Arabiako Penintsula eta Afrikako ekialdeko itsasertzaren arteko salerosketa-itsasbidea erabiltzen zuten zeta, marfila, urrea eta espezieak garraiatzeko, eta, gero ikusiko dugunez, baita esklaboak ere.
Omandarrak ziren itsasgizon arabiar trebeenak. Laster aurkitu zuten bertako perlarik onena: Zanzibar uhartea, espeziez ederki asko hornitua. Erdi Aroan urrea eta espezieak ia elkarren pare zeuden balioari dagokionez, eta Zanzibarrek era askotako espezieak zituen: gaur egun ere iltzea, bainila, intxaur moskatua, kanela, kardamomoa eta piperbeltza ereiten dituzte.
Musulmanak dira gehienak, eta emakumeek ilea ezkutuan daramate
Arabiarrak Zanzibarren jarri ziren bizitzen, bertako afrikarrak menperatuta. Zin El-Bar esamoldetik omen dator Zanzibar hitza bera, eta beltzen lurra esan nahi omen du arabieraz. Islama inposatu zuten eta beltz asko, batzuk gogo onez eta besteak behartuta, erlijio berrira bihurtu. Zanzibarren egundaino iraun dute musulmanen ohiturek. Tanzanian dago Zanzibar, baina kontinentean gehienak kristauak dira, eta emakumeek agerian daramate ilea. Zanzibarren, ordea, musulmanak dira gehientsuenak, eta emakumeek ezkutuan daramate ilea.
Zanzibar esklaboen salerosketarako gunerik garrantzikoenetakoa bilakatu zuten sultan omandarrek. Afrika barruraino, gaur egungo Kenya, Uganda, Tanzania eta Kongoraino, bidaiak antolatzen zituzten esklaboak hartzeko. Gero, hauek Zanzibarren bildu eta Arabiako herrialde guztiei saltzen zizkieten.
Britainiar Inperioak, ordea, bere egin zuen Zanzibar XIX. gizaldian, eta esklabutza debekatu. Baina esklabutzak, ilegala izan arren, jarraitu egin zuen XX. mendean ere, eta ez urte gutxitan gainera. Beraz, 1963an Zanzibar Britainiar Inperiotik aske geratu zenean, arabiarren aurka jo zuten beltzek, haiek menpean hartu, eta gertu zeukaten Tanganyikarekin batzea lortu zuten: horrela sortu zen Tanzania.
Kaleko giroa
Orain artekoa, beraz, Zanzibarren historiak goibeletik duena, baina alde politik ere badu: aparteko kultura-aniztasuna, Afrika eta Arabiako ohitura-uztarketa; esaterako, horixe dira swahili hizkuntza (Afrikako ekialdeko itsasertzaren zati handi batean hitz egiten da) eta taarab musika-mota (Afrikako perkusiozko musika-tresnak erabiltzen dira, sokazko musika-tresna arabiarrekin batera).
Stone Town, Zanzibarreko hiri zaharra, berezia da. Zoko arabiarretan bezala, estuak dira hango kaleak, baina Afrika ekuatorialaren argitasun guztia dute. Jendea etengabe dabil joan-etorrian, merkantzia-pila… Eta badago zehazten oso zaila den usain bat airean, espezie ugari eta arrain freskoaren arteko nahasketa berezi bat.
Zanzibar hiriburuko eraikin tipikoa (Stone Town)
Sultanaren Jauregia, antzinakoa, eta dorre borobilak dituen Gotorlekua salbu, Stone Townek ez du eraikin adierazgarririk. Orokortasuna du deigarria: meskita txiki ezkutuak, sinbolo geometrikoak edota Korana zizelkatua duten egurrezko ateak etxeetan, irteerarik gabekoak diruditen labirintoak…
Oso tipikoak dira egurrean zizelkatutako ateak
Zanzibarrera bidaiatzeko beste arrazoi bat, eta ez nolanahikoa, bertako hondartzak dira: urak urdin berdexkak, area zuri-zuri… Eta hain luzeak direnez, badirudi horizontean amaitzen direla. Itsaso-bazterrean, gainera, oso bungalow erosoak dituzte. Leku aparta oporretarako!
Zanzibarrek hondartza ikusgarriak ditu, eta hotel oso onak
Zanzibarrek badu seme ospetsu bat. Eta haren etxea bisita daiteke. Bueno, haren etxea izateko ohore hori beretzat nahi dute hainbat etxek, eta guztiak bisita daitezke. 1940. urte-inguruan, bazen familia bat Indiatik Zanzibarrera bizitzera joan zena. Orduan biak ziren Britainiar Inperioarenak, India eta Zanzibar. Britainiar Inperioko administrazioan lan egiten zuen aitak, Bomi Bulsarak, eta Zanzibarrera bidali zuten lanera. Han jaio ziren Farrokh mutikoa eta Kashmira neskatoa. 1964an joan ziren handik betiko. Mutikoa munduko pertsonaia ezagunenetakoa bihurtu zen: Freddie Mercury.