detalle dokuteka-generico-fitxa

Juanba Berasategi: "Euskarazko produktuak aurkezten saiatzera"

Aurpegi txarrarekin aurkitu dugu bere bulegoan Juanba Berasategi. Harrigarria bada ere, dokumental bat prestatzen ari da une hauetan eta lan eskerga horrek loa ere galarazten diola aitortu digu. Harritu, bai harritu egin gaitu dokumentala prestatzen ari dela esan digunean, izan ere, Juanba Berasategi marrazki bizidunekin lotzen dugun zine-zuzendaria baita. Baina, berari dokumentalak egitea gustatzen zaiola esan digu, marrazki bizidunen produkzioa lanbidea, bizimodua ateratzeko egokiera bat dela.

HABE.- Ekialdeko Izarra laburmetraia izan zen zure lehen lana. Garai politak haiek, ezta?

Juanba Berasategi.- Bai, Ekialdeko izarra 16 mm-ko lehen laburmetraia izan zen. Ordurako super 8,8 mm-rekin nahiko proba egin nituen. Garai hartan dena eskuz egin behar izan genuen, baina hura izan zen gure lehen esperimentu serioa. Lan-taldea ere halakoa zen, ez baitzegoen Euskal Herrian alor honetan ez eskarmenturik, ez teknikorik. Gidoia Koldo Izagirrek egin zuen, Orquesta Mondragon taldeko Popotxo ere tartean zegoen. A ze koadrila! Halako batean miraria ikusi genuen: marrazkiak mugitzen.

H.- Halaxe sortu zen zure etorkizuneko lanbidea?

J. B.- Hura esperimentu bat izan zen. Garai hartan denok sentitzen ginen artista. Baina, hura amaitu ondoren, ikusi genuen Euskal Herrian marrazki bizidunak egitea posible zela eta beste bide profesional bat bilatzera abiatu nintzen. Orduan egin genuen 25 milimetroko lehenengo laburmetraia: Pernando Amezketarra. Egitasmo harekin gure historia eta gure hizkuntza zinean jarri nahi genuen. Horretarako iturririk egokiena ahozko ipuinak zirela ikusi genuen. Kuriosoa da baina, administrazioarengana jo genuenean laguntza eske, istorio hura ez zela batere unibertsala esan ziguten, beste bat aukeratzeko. Hala ere, hogeiren bat atal egin eta audientzia handia lortu zuen. Ondoren, Lazkao Txiki, Txirrita eta abarren istorioak kontatzeari ekin genion. Herri umorearen adierazle edo herri heroiak dira guztiak, bai hemen eta bai mundu zabalean.

H.- Ahmed, Alhambrako printzea den bezalaxe?

J. B.- Ahmed eta Alhambrako giltza -rena kasualitatea izan zen. Diru bila genbiltzala Andaluziako administrazioak egitasmoa onartu egin zuen eta horregatik bi pelikula egin genituen.
Kalabaza Tripontzia: Amateur izatetik profesional izatera
H.- Noiz profesionalizatu zineten?

J. B.- Kalabaza tripontzia bukatu ondoren. Huraxe izan zen momentu kritikoa. Soldatek-eta diziplina eskatzen zuten, produkzio egonkorra. Kalabaza tripontzia egin genuenean, langileek autobusaren kostua eta bokadilo bana jasotzen zuten. Handik aurrera beste egitura bat antolatu genuen. Orain, jende gaztez osatutako lan-taldeak ditugu, Arte Ederretatik datozenak. Egia da industria hau ez dela batere egonkorra. Baina, soldatak normalak dira, langileek zortzi ordu egiten dituzte, oporrak badituzte. Lehen baino egonkorragoa bada, behinik behin.

H.- Eta zuen aldamenean beste enpresa batzuk sortu ziren eta animazioa Euskal Herrian gero eta pisu gehiago hartzen hasi zen.

J. B.- Bai, eta hori prozesu logikoa ere bada. Balearenak egiten ari ginen garaian, esaterako, hirurogeita hamar kontratatu ginen. Eta egitura horri ezin zaio eutsi. Langileak sakabanatzen hasi ziren enpresa txikiagoak sortuz eta horri eskerrak jarraitu dugu. Enpresa horiek, gainera, Europarako lan eta zerbitzu ugari egin zituzten, orain telebistan ikusten ditugunak. Euskal Herriak, nahiz eta txikia izan, alor honetan pisu handia lortu du, oso prozesu laburrean.

 

H.- Eta punta-puntako teknologia erabiliz.

J. B.- Teknologiaren bidez ikaragarrizko jauzi kualitatiboa eman dugu. Orain dela hamar urte guztia eskuz egiten genuen, teknologia batzuk baliatuz. Gaur egun, Euskal Herrian hiru dimentsiotako pelikulak egiten ari gara. Konbinatuak ere bai: prozesu artisanala dutenak eta ordenagailu bidezkoak. Momentu honetan bai, nik uste dut nahiko harrobi dezentea dugula.

Baina, gure egungo erronka egonkortasuna lortzea da. Ezin dugu produktu batetik bestera finantziazioaren zain egon, egoten garen bezala. Gu edozer egiteko prest gaude. Baina, laguntza ere behar dugu eta horregatik, ikus-entzunezkoen alorrean halako itun bat behar dugula uste dut.

H.- Ikus-entzunezkoen esparrua zabala da. Zuk, esaterako, animazioan jardun duzu urtetan baina, orain dokumentalak egiten harrapatu zaitugu.

J. B.- Bai. Ez naiz aspertu marrazki bizidunekin. Baina, halako batean, duela hiruzpalau urte, kuriositatez edo dokumentalekin hasi nintzen. Dokumentalek beste gauza desberdina eskaintzen dute. Dokumentalak egiten ari zarela, ikasi egiten duzu, oso indiskretua da, oso kotilla da dokumentala, alde batetik. Eta beste alde batetik, bestelako esfortzua exijitzen du: gai desberdinak ikasi behar dituzu eta horrek ikaragarri motibatzen du.

H.- Marrazki bizidunen errodajea aspergarria da?

J. B.- Prozesua oso luzea da. Pelikula bat osatzeko ia bi urte behar dira, bi urte egiten, eta gero beste urtebete finantziazioa bilatzen. Guztira, gutxienez hiru urte pelikula bat osatzeko. Nekea sortzen du. Dokumentalean istorioa bizkorragoa, malguagoa da: ikasi egiten duzu, pertsona eta gai desberdinak daude. Bat-batean dokumentalak egiteko motibazioa piztu zait.
'Motorra produkzioa da'
H.- Euskal zinearen sorreran eta antolaketan partaide zuzena izan zara. Egun, Ibai produkzio-etxearen lehendakari zaitugu.

J. B.- Kargu hori izatea ez da meritu bat. Tokatu egin zait eta honelako gauzetan lagundu egin behar dela ere argi daukat. Hori horrela, egoera aztertu eta nork bere egitasmoa egiten saiatu behar du. Gure kasuan, hainbeste gauza zintzilik daudela ikusirik, sektorea indartuko duen administrazioarekin ituna lortzen saiatuko gara. Ez bakarrik Kultura Sailarekin, baizik eta esparru honetan esku hartzen duten gainontzeko guztiekin ere: Industria, Hazienda, Lan saila. Kultura sailak dagoeneko dekretu bat martxan jarri du, baina araudia oraindik egin gabe dago. Pausu batzuk ematen ari dira, nire ustez bide egokian doazenak, baina mantso, oso mantso.

Bestalde, ETBrekin ere badugu errebindikaziorik. Izan ere, oraindik ez baitugu hitzarmenik ETBrekin, beste autonomietan Katalunian, Galizian, Valentzian, Andaluzian, autonomia guztietan daukaten bezalakoa. Eta azkenik, aipatuko nuke 'Mugarik gabeko Telebisten legea', non argi adierazita dagoen telebista guztiek biltzen duten diruaren %5a zinerako nahiz telebistarako pelikulak finantzatzeko behar duela izan.

Gure kasuan, ETBk dauzkan diru-sarrerekin legez 420-480 mila euro inbertitu beharko lituzke ikus-entzunezkoen industrian. Baina, lege hau egun ez da inondik inora betetzen. Administrazioak proposatutako kluster-aren osagaietako bat azpiegiturarena da, merkatu berriak.

Baina, motorra produkzioa da eta produktuak egiteko finantziazioa behar dugu. Alferrikakoa da esportazio-kontsortzioaz hitz egitea, zer esportaturik ez badugu. Konpromisoa hori da. Horregatik deitzen diote ituna, baina itunaren barruan ETBk ere egon behar du. Bestalde, zine-produkzioak hartzailearengana iritsi behar duela argi dago, baina gauza jakina da gero eta pantaila edo areto gutxiago ditugula gure produktuak erakusteko. Arazo honi ere heldu nahi diogu legealdi honetan eta itunaren barruan sartu.

Buruan badarabilzkigu hainbat ideia, eta horien artean Erakusketa Alternatiboko Aretoak edo izango lirateke. Euskarazko produkzioaren kasuan argi ikusten da gero eta publiko potentzial gehiago dagoela, baina telebistako marrazki bizidunekin-eta hor geratzen da. Banatzaileak, bestalde, esaten du 'Euskaraz? Zertarako?'. Goazen bada areto alternatiboak gehitzea eta euskarazko produktuak aurkezten saiatzea!

Bambulo zinean
H.- Dokumental bat egiten ari zarela esan diguzu. Baina, marrazki bizidunen arloan ba al duzu ezer eskuartean?

J. B.- Bai. Orain bi proiektu ditugu eskuartean. Bata, Bambulo, Atxagaren liburuarena. Ia lehenengo atala bukatua dugu. Finantziazioa bilatzeko kanpoan ibili gara eta Frantziako produkzio-etxe bat badugu. Horrezaz gain, Kultura Ministerioak 50.000 euro eman dizkigu. TVEkoek ere gustura ikusi zuten; gainera, Atxagarena izateak balioa erantsi egiten dio egitasmoari. Beraz, egitasmo hau aurrera doa. 13 minutuko 26 atal izango ditu eta oso irekia denez, zabaltzeko aukerak ere badauzka.

Eta beste aldetik, etxerako luzemetrai bat egiten ari gara, Txirri, Mirri eta Txiribiton, hain zuzen. Betiko egitura izango du, haur txikientzat, pailazoak berak animatua, eta itsasoa, abentura bat itsasoan. Irudi batzuk baditugu eta seguruenik 2005eko Gabonetan izango da estreinaldia. Ea lortzen dugun finantziazioa! Betiko arazoa, dirua.

H.- Euskaraz ari al zarete egiten?
J. B.- Euskaraz, frantsesez, ingelesez. Bai. Bertsio originala, euskaraz. Baina, Euskal Herrian ezin da inondik inora ikus-entzunezko produkturik amortizatu.

detalle2

Docuteca

B2
08-09-2004

x61pRelaContWAR

  • Berasategi , Juanba
16522007

x61pViewCountWAR

4581

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR