detalle-dokuteka-Revista-Nabarmena

Alex Ezkurdia: "Zinema egitea oso esperientzia interesgarria da, beste mundu bat"

Filmografia luzea du bizkar gainean Alex Ezkurdia zinema eta telebista zuzendariak (Legorreta, 1964). Beti telebistarako egin du lan baina, pantaila handira jauzia ematera ere animatu zen.

Zinemak gaur egun “une zailak” bizi dituela eta, ez daki zer harrera izango duen bere filmak, baina “itxaropentsu eta ilusioz” agertu da gipuzkoarra.


‘Tres-60’ filmaren grabaketa 2012an bukatu zenuten. Nolakoa izan zen grabaketa hori?
Aldez aurretik prest geneukan guztia. Nik Madrilen egiten dut lan eta gidoilariak Los Angelesen. Baina, gutxi gorabehera, bagenekien nola grabatu eta zer itxura eman. Lehendabizi hara -Gipuzkoara- joan ginen eta grabaketarako behar genituen lekuak topatu genituen. Hori egiten hilabete eman genuen. Ondoren, errodaje fasea hasi zen. Zazpi aste eta erdi aritu ginen grabatzen Donostian eta inguruetan. Eguberri aurretik bukatuta genuen.

Eta zer fasetan zaudete orain?
Orain, muntaketarekin ari gara, efektu berezi batzuk ere sartzen ari gara eta azken ukituak ematen, soinu nahasketak-eta. Uda honetan estreinatu ahal izatea espero dugu.

Zer harrera espero duzu ikusleen aldetik?
Egia esan, ez dakit zer erantzun. Gaur egun zinema kontuetan sartzea oso konplexua da. BEZa % 21 igo dute eta horrelako neurriekin jendea ez da zinemara joatera animatzen. Beraz, ez dira unerik onenak zinemaz hitz egiteko, baina horretan ari gara, ezjakintasun horretan. Nire lehen filma da, orain arte beti telebistarako aritu bainaiz lanean; beraz, estreinatu arte ez dakit zer harrera izango duen.

Zure lehen film luzea. Nolakoa izaten ari da esperientzia?
Esperientzia oso interesgarria eta, telebistarekin alderatuta, oso bestelakoa. Bat-batean zineman sartzea beste mundu bat da. Ikus-entzunezko hizkeraren aldetik, berdina da, baina prestaketa, denbora, erritmoa… zineman hori dena beste era batera izaten da eta, egia esan, oso esperientzia polita gertatzen ari da. Lantaldea bera ere oso inplikatuta dago proiektuan, eta muntaketan gure denbora hartzeko aukera daukagu. Horrez gain, pauso bakoitza pila bat aztertzen dugu eta plano bakoitzari hamaika buelta ematen dizkiogu.

Lan egiteko lasaitasun handiagoa eskaintzen du, beraz, zinemak.
Alde batetik, bai. Baina, bestalde, bakardade handia daukagu. Ez dizut esango bata bestea baino hobea denik. Bakoitzak bere alde onak eta txarrak dauzka.

Telebistan ohituta, nolatan animatu zinen zinemarekin proba egitera?
Luiso Berdejo gidoilari donostiarra ezagutzen nuen. Berak egin zidan proposamena. Gidoia pasatu zidan eta segituan harrapatu ninduen. “Aurrera honekin”, pentsatu nuen. Horrelaxe izan zen. Baina prozesua oso luzea da. Pentsa, duela bi urteko kontuaz ari naiz. Alde batetik, nik ez nuen sekula lanik egin zineman eta zailagoa zen niretzat. Bestalde, finantzazioa lortu behar zen… Gai hauek luze jotzen dute.


Filmaren grabaketan. Argazkia: Iñaki Lopetegi

Krisia gogor astintzen ari da kultura. Nola dago egoera zinema eta telebista egiten duzuenontzat?
Konplikatu samarra dago. Alde batetik, murrizketak antzeman egin dira bai telebistan, bai zineman. Bestalde, BEZaren igoerak erabat astindu du zinema eta antzerki mundua. Horregatik, etorkizun iluna ikusten diot kontu honi. Aurrera egin beharra dago, baina aurreikuspenak txarrak dira. Proiektuak aurrera atera ahal izateko, lehen baino askoz ere gehiago landu behar dira eta ate asko jo behar ditugu diru laguntzak lortu ahal izateko.

Etorkizun ilun horretan, ba al duzu proiekturik buruan?
Badaukat proiekturen bat edo beste, baina finantzazioaren zain gaude. Oso dokumental interesgarria daukat esku artean eta, epe luzeago batean, beste film luze bat.


Zuzendaria filmeko bi protagonista nagusiekin. Argazkia: Iñaki Lopetegi

Atzera begira jarrita, filmografia luzea duzu telebistan, publizitatean, dokumentalak egiten... Zeinekin gogoratzen zara bereziki?
Dena gustatu izan zait eta telebista munduan ere dena gustatzen zait. Fikzioa egin dut batik bat, baina zuzenekoak ere egin ditut eta, nire ustez, proiektu guztiek daukate bere ukitu berezia. Ez dizut esango hemendik aurrera zinema bakarrik egin nahi dudanik, telebista eta zuzeneko zirrara hori ere asko gustatzen zaizkidalako.

Ez daukazu ohiko lanbide bat. Nolatan erabaki zenuen mundu honetan sartzea?
Askotan galdetu izan diot hori neure buruari (kar, kar). Betidanik gustatu izan zait mundu hau. Aitortu behar dut urtebete egin nuenean nazkatuta alde egin nuela, baina bueltatu egin nintzen. Bokazioa izan zela esan dezaket. Orain, nire adinarekin, hori da egiten dakidana eta gozatu egiten dut.

Euskal Herritik kanpo egin behar izan duzu bidea. Bertan zaila al da zure lanbidea garatzea?
Bai, Euskal Herrian mugatuta nengoen eta irten egin behar izan nuen. Madrilen mugitzen naiz, hemen aukera eta proiektu gehiago daude. Hori bai, ez naiz Madrilen bertan bizi, Guadalajaran baizik. Madrildik gertu dago, baina askoz txikiagoa da. Izan ere, Madril gustatzen zaidan arren, askotan ito egiten naiz bertan. Herri txikien babesa behar izaten dut, herri txiki batetik nator eta. 



Teknologia berrien iraultza ere bizitu duzu bete-betean. Zer ekarri dute onetik eta zer txarretik?
Hasi nintzen garaiko trasteak ikusita, harrigarria egiten da pentsatzea horiekin lan egiten genuenik (kar, kar). Nire ustez, iraultza onerako izan da. Une digital honetan, formatu eskaintza oso handia da eta hori ona da, nahiz eta batzuetan teknikoki galdu egiten garen. Orain lan egiteko ditugun aukerak garai batekoak baino handiagoak dira.

Motzean:
- Zuzendari bat. Pila bat daude, ez naiz ausartzen bakarra aipatzera, ez naiz batere mitomanoa.
- Emakumezko aktore bat. Geraldine Chaplin.
- Gizonezko aktore bat. Jean Reno.
- Telesail bat. The Walking dead.
- Profesional bezala, bete nahiko zenukeen amets bat. Lanean jarraitzea.
- Dagoeneko bete duzun amets bat. Film luze bat aurrera eramatea.
 


detalle2

Docuteca

B2
28-06-2013

x61pRelaContWAR

  • Noelia Lataburu (Maramara taldea)
16290631

x61pViewCountWAR

1793

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR