Dokuteka
Irakurle-taldea ekimena
Badira bost urte Legazpin Irakurle-taldea ekimena martxan jarri zela, arrakasta handiz. Irakurzaletasuna bultzatzeko proiektu honen historia eta nondik-norakoak azaltzeko eskatu diogu Gurutze Arrietari.
Zer da Irakurle-taldea?
Euskaraz irakurtzeko gogoa duten herritarrek osatzen dute Irakurle-taldea. Batzuk euskara-ikasleak dira, beste batzuk irakasleak, udaletxeko langileak, gurasoak, gazteak, helduak… Herritarrak denak, azken batean.
Euskaraz irakurri nahi dutenen arteko lotura sortu eta elkarren lagungarri izatea da ekimenaren helburu nagusia. Horretarako, denen esperientzia da baliagarria. Batek irakurri eta horren inguruan egin duen balorazioa beste askorentzat da baliagarria eta erreferentzia. Euskaraz irakurtzeko liburuak aukeratzerakoan noraezean ez ibiltzeko laguntza eskaini nahi du Irakurle-taldeak, eta horren ondorioz euskaraz irakurtzeko zaletasuna sustatu eta zabaldu.
Taldearen helburu nagusiak
•Irakurtzeko zaletasunaren barruan euskarazko liburuak ere kontuan hartuak izan daitezen oinarriak jarri.
•Euskarazko literaturaren inguruko ezagutzak zabaldu, idazleen izenetan eta liburuen izenburuetan erreparatuz.
•Idazleen idatz-joerak ezagutzeko bideak ezarri, bai estilo aldetik, bai gai aldetik ere, aurrerantzean liburuak aukeratzeko lagungarria izan dadin.
•Itzultzaileen lana baloratu eta gogoko itzultzaileak identifikatu.
•Taldekideak ezagutu, taldea utzitakoan ere, liburuei buruz hitz egiteko kideak izan ditzaten.
•Euskaraz irakurtzeko liburuen gomendioak eman eta jaso.
•Euskaraz irakurtzeko liburuen katalogo bat osatu, literatura maila eta hizkuntza mailak kontuan hartuz.
•Idatzizko zein ahozko adierazpena hobetzeko beharra dutenak horretaz sentsibilizatu.
Izena emateko modua
Edozeinek eman dezake izena taldean, legazpiarra izan ala ez izan, 18 urtetik gorakoa izatea da baldintza bakarra.
Dohainik da taldean parte hartzea. Eskatzen den baldintza bakarra zera da: liburuak behar bezala zaindu eta dagokionean entregatzea eta urtean bi edo hiru liburu irakurtzea (hirukoa baita bataz bestekoa).
Mezu baten bidez egin daiteke eskaria: euskaltegia.le@legazpi.net edo garrieta@legazpi.net helbidera mezua bidaliz.
Legazpiko Udaleko Euskara Zerbitzuan, Legazpiko Udal Euskaltegian zein Legazpiko Udal Liburutegian ere eman daiteke izena.
Izena emateko, datu pertsonalak, telefonoa eta helbide elektronikoa ematea besterik ez da eskatuko.
Helbide elektronikoa ematen dutenek bakarrik izango dute HABEren IKASTEN orrian sartzeko aukera, hori eskatzen baita orria erabili ahal izateko. Eta IKASTEN orrian izena emanda daudenek baino ez dituzte jasoko zuzenean helbide elektronikoan taldekideen iritziak, horrelaxe baitago egituratuta sistema.
IKASTEN
Hauexek dira IKASTEN plataformako IRAKURLE-TALDEA ikastaroan aurkituko dituzuen edukiak:
Liburuei buruzko iritziak
Batek idazten duena guztioi iristen zaie posta elektronikoz.
Itzulpenari buruzko iritziak
Askoz ere itzulpen gutxiago irakurtzen baita, normalean zailagoak izaten dira.
ZingiZango taldearekiko lotura
Legazpiko kultura taldeak bideratzen dituen ekimenen berri emateko.
Literatur ekimenak
Euskal Herrian izaten diren literatur ekimenen berri emateko atala.
Lehiaketak
Taldean antolatzen ditugun lehiaketak bideratzeko atala.
Liburu-azokak
Garaian garaikoak Durangokoak eta Legazpiko azoka txikiak ere lekua dute atal honetan.
Segidan ikusgai duzun bideoan Gurutze Arrietak informazio honen guztiaren laburpena egingo digu.
