Aldizkari Digitala
Emakumeek gehiago irakurtzen dute
Berdintasunak paperean aurrera egin duen arren, gizonezkoen eta emakumeen arteko ezberdintasunak egon badaude. Batzuetan eskubideei dagokie aldea; beste batzuetan, berriz, ohiturei eta zaletasunei. Liburuak irakurtzeko garaian, esate baterako, aldea dago sexuen artean. Batzuek eta besteek ez dute kopuru bera leitzen, eta gai desberdinak aukeratzen dituzte. Hori guztia kontuan hartzen dute argitaletxeek.
Datuen argitan
Kultura aisialdirako jarduera garrantzizkoenetako bat da. Horrek bere baitan hartzen du liburuen irakurketa ere. Eusko Jaurlaritzak 2009. urtean txosten bat argitaratu zuen eta bertan 2007 eta 2008ko datuak bildu zituzten. Argitalpenak Euskal Autonomia Erkidegoa, Nafarroa eta Ipar Euskal Herria hartzen zituen kontuan, eta bertan jaso zituzten kultura kontsumitzeko ohiturak. Horren arabera, euskal herritarren % 83k aisialdiaz gozatzeko irakurtzen ditu liburuak.
Eusko Jaurlaritzak egindako inkesten arabera, emakumezkoek liburu gehiago irakurtzen eta erosten dituzte gizonezkoek baino. / M. Goñi
Beste ikerketa batzuek antzeko emaitzak plazaratu dituzte. Inkestak bat datoz beste datu batean ere: emakumeek gehiago irakurtzen dute gizonezkoek baino. Bi datuk erakusten dute fenomeno hori: batetik, zero eta hamar artean, emakumeek 7,1 batekin neurtu dute liburuen irakurketaren garrantzia ; gizonezkoek, aldiz, 6,4ko garrantzia eman diote. Bestetik, gizonezkoen % 43k irakurtzen dute gustura; emakumeen kasuan kopurua handiagoa da, hain zuzen ere, % 50ekoa. Azkeneko datu hauek maiz irakurtzen duten pertsonei buruzkoak dira. Andoni Arantzegik, ordea, aldea handiagoa dela uste du. “Nik uste dut estatistikak motz gelditu direla”.
Gipuzkoako Liburu Saltzaileen Elkarteko lehendakaria da Arantzegi, eta berak kudeatzen du Donostiako erdialdean dagoen liburu-denda bat. Urteak darama eginkizun horretan, eta saltokira sartzen diren bezeroei erreparatuz gero, argi dauka emakumeek gehiago irakurtzen dutela. “Dudarik gabe, atetik sartzen direnen artean % 70 emakumeak dira”. Beste hainbat daturi ere erreparatzen dio liburu-saltzaileak. “Fidelizatze-txartelen jabeen artean ere, gehiago dira emakumeak”. Gizonezkoen eta emakumeen arteko aldea txikia iruditu zaio Arantzegiri; ez, ordea, zenbait emakumeri. Horien artean dago Jone Larrea familia hezitzailea. Horren ustez, emakumeek aisiarako denbora gutxiago izaten dute, etxeko lanetan denbora gehiago eman behar izaten dutelako.
Gipuzkoako Liburu Saltzaileen Elkarteko lehendakari Andoni Arantzegik -ezkerrean- dio bere liburu-dendako bezeroen % 70 emakumezkoak direla. / M. Goñi
Arantzegik dendatik kanpo ikusitakoa ere aipatu du. “Nik autobusa erabiltzen dut, eta bertan emakumeak ikusten ditut liburuak irakurtzen; gizonezkoek, egunkaria besterik ez”. Fenomeno hori adin guztietan gertatzen dela nabarmendu du liburu-dendaren arduradunak. Hala ere, iritzia berresteko, gazte-literatura sailaren arduradunarengana jo du galdezka eta honek baietz erantzun dio. Arantzegik jarraitu du, “bai, neskek ere gehiago irakurtzen dute”.
Aukeratutako liburuetan ere aldea
Irakurritakoa ere oso bestelakoa da, sexuaren arabera. Liburu-saltzailearen ustez, alde nagusia da maitasun-eleberri edo arrosa deiturikoa. Arantzegik zehaztu du, “nik esango nuke emakumeek bakarrik erosten dituztela liburu horiek ia % 100ean, gizonezkoek ez baitituzte erosten”. Saltzaile berak azaldu du zein den beste aldea erosteko garaian, “agian nobela historiko gehiago irakurtzen dute, baina horretan aldea ez da horrenbestekoa; narratiba, kasu, berdintsu irakurtzen dute batzuek eta besteek”. Saiakeraren kasuan, balantzak gizonezkoen aldera egin ohi du.
Literatura-kontuetan dena ez da artea, eta argitaletxe batzuek asko begiratzen diote eroslearen soslaiari. Arantzegik horren inguruko azalpenak eman ditu. “Badakite emakumeek gehiago irakurtzen dutela, eta beraien gustu berezituak ezagutzen dituzte”. Liburu-saltzaileak beste xehetasun bat nabarmendu du, “azken urteotan, emakumeen irudiak asko erabiltzen dituzte liburuen azaletan, arrazoia ez dut ondo ezagutzen, baina hori horrela da”. Komunikazioaren alorreko adituek erraz erantzun diote: identifikazioa sustatzeko modua da, eta, horrekin batera, salmentak handitzea lortzen dute.
Argitaletxeek hainbat liburu berariaz prestatzen dituzte emakumeek irakur ditzaten; liburu askoren azalek erakusten dute fenomeno hau. / M. Goñi
Egileei dagokienez, dendariak ez du uste emakume-irakurleek emakumezko idazleak nahiago dituztenik. Horren salbuespena nobela erromantikoak dira. Argitaletxeek emakumezkoak nahiago dituzte holako liburuak idazteko. Nolanahi ere den, Arantzegik baten bat gizonezkoa duen susmoa agertu du.
INKESTA:
Galdera atera gara irakurtzeari buruzko inkestatxo bat egitera, eta honako erantzun hauek jaso ditugu egindako galderei:
1. Asko irakurtzen duzula esango zenuke? Jakingo zenuke esaten urtean zenbat liburu?
2. Noiz irakurtzen duzu?
3. Zer genero edo liburu-mota nahiago duzu?
4. Txikitan asko irakurtzen al zenuen? Gogoan al duzu txikitako libururen bat?
Cristina Tapia
1. Oso gutxi irakurtzen dut. Duela urte batzuk gehiago irakurtzen nuen, baina orain oso gutxi.
Asteburuetan prentsa irakurtzen dut: artikuluak, iritzia, erreportajeak…
2. Periodikoak eta aldizkariak asteburuetan, eta nobelak denbora asko daukadanean: oporretan. Bestela, 30 minutu irakurtzeak pereza ematen dit…
Aspaldian hiru liburu hasi nituen, eta horiek bukatzea asko kostatzen ari zait.
3. Nobelak gustatzen zaizkit. Gustatzen zaidana baino, errazago esan dezaket zer ez zaidan gustatzen: beldurrezkoak, bortxazko istorioak, zientzia-fikziozkoak…
4. Txikitan orain baino askoz gehiago irakurtzen nuen. Asterix eta Obelixen komikiak gogoratzen ditut, adibidez.
Maitane Aldanondo
1. Asko, ez. Urtean 10-15 bat liburu irakurriko ditut.
2. Gauean, ohean, eta asteburuetan.
3. Gaurkotasunari eta nazioarteko gaiei buruzko saiakerak; eta eleberriak: historikoak eta misteriozkoak, bereziki.
4. Ez, nagusiki, ikastolan agindutako liburuak. Jose Antonio Ormazabalen Maripertxenta, Atxagaren Behi euskaldun baten memoriak, Ruiz-Zafonen El principe de la niebla eta Michael Enderen Jim Boton y Lucas el Maquinista
Kizkitza Esnaola
1. Nik baietz esango nuke, dezente irakurtzen dudala. Hilabetean pare bat liburu irakurtzen ditut.
2. Ba haur txikia dudanez, etxean ez dut astirik izaten, baina lanerako bidaien denbora horretarako baliatzen dut.
3. Gustatu, denetarik pixka bat gustatzen zait, betiere narratiba bada. Baina errazago esango nuke gustatzen ez zaidana: nobela historikoak eta historia asko duten liburuak ez zaizkit gustatzen.
4. Txikitan ez nuen asko irakurtzen, liburu-dendan lan egiten dudanetik zaletu naiz. Eta ez nuke jakingo libururen bat nabarmentzen.
