detalle-dokuteka-Revista-Nabarmena

Jada ez gara egunkaria irakurriz ilustratzen

Pertsona askok zoriona lotzen dute kafearekin eta egunkariarekin. Oso ohitura zabaldua izan zen garai batean. Gaur egun jendeak gutxiago erabiltzen du papera albisteak jasotzeko. Hala eta guztiz ere, oraindik egon badaude egunkarizaleak

Egunkariek gero eta orri gutxiago ekartzen dituzte, eta kioskoetako argitalpenak gero eta gutxiago dira. Jose Mari Zaldua da horren lekuko. Zalduak denbora gutxi darama Mari liburu-dendaren buru; hala ere, nabaritu egin du beheranzko joera azkeneko urtean. Donostiar honek 2013. urtean erosi zuen aldizkari-denda. Egunkarien gainbehera aspaldian hasia zen, baina erabaki zuen negozioari ekitea. Zergatia azaldu dio Ikasbil-i: “Lehenago ere hau salmentagunea zen, eta bezeroak bazituen; bestela, ez nintzen ausartuko”.


Eskelak eta futbola
Zalduak aitortu digu salmenta jaitsi egin dela hamabi hilabeteotan. Dendariak gaineratu duenez, “bezero gehienak zaharrak dira, eta batzuk hil dira hilabete hauetan”. Hori ere egunkaria erosteko arrazoia izan daiteke, adineko jende askok egunkariak eskelak irakurtzeko erosten dituelako.

Futbolak ere igotzen du salmenta: egunkari gehiago saltzen dituzte partida ondoko egunetan. Eta etxeko taldeak irabazi badu, are gehiago. Dendari donostiarrak zehaztu digu hau: “Igandeetan eta Realak jokatu ondoren, egunkari gehiago saltzen ditut”. Nolanahi ere, futbola ez da egunkaria erosteko arrazoi bakarra; gertakari bereziek handitzen dute saldutako egunkarien kopurua. “Esaterako, otsaileko denboraleak irudi ikusgarriak utzi zituen, eta egunkariek argazki horiek ekartzen zituztenez, egunkari asko saldu ziren”.

Toki aproposak
Gertakari bereziak hizpide izaten dira taberna askotan. Pertsona askorentzat, ostatuak izaten dira egunkariak irakurtzeko toki aproposenak. Peio Ostolaza tabernari izan da azkeneko hiru hamarkadetan. Bere ostatura jende asko joaten da egunero kafea hartu eta egunkariari begiratua egitera. Baina hori ez da edozein ordutan gertatzen. Ostalariak dioenez, “jende gehienak egunkaria irakurri nahi du eguerdiko ordu bata baino lehen”.

Tabernetan egunkaria irakurtzen dutenek hainbat arrazoi izaten dituzte. Ostolazak zehaztu ditu. “Batzuek egunkaria hartzen dute kirolei buruzko albisteak irakurtzeko; beste batzuei gustatzen zaie hitz gurutzatuak egitea”. Tabernari honek hiruzpalau egunkari edukitzen ditu bere tabernan, eta uste du nork berea aukeratzen duela. “Pertsona batzuek euskarazkoak irakurtzen dituzte: Berria eta Hitza; beste batzuek, berriz, gaztelaniazkoak. Hizkuntzaren eta joeraren arabera aukeratzen dute egunkaria”.

Adinak ere badu zerikusia irakurtzeko ohiturekin. Ostolazak dioenez, “helduek gehiago irakurtzen dute egunkaria gazteek baino. Hauek bestelako ohiturak dituzte; seguruenera, albisteak Interneten irakurtzen dituzte”.

Pertsonen jatorriak ere eragina dauka auzi honetan. Ostolazaren aburuz, kanpotarrek egunkaria irakurtzeko ohitura handiagoa daukate. “Afrikako iparraldeko pertsonek denbora asko ematen dute egunkaria irakurtzen; nik esango nuke osorik irakurtzen dutela”. Bestalde, Ostolazak erraz lotzen ditu egunkaria eta etxetik kanpo kafea hartzea. “Etxean geldituz gero, beti dago zereginen bat; tabernan, berriz, denbora hartzea daukagu guretzat”.

Inkesta
Zein da zure iritzia gai honen inguruan? Hona hemen bildu ditugun erantzun batzuk galdera hauen inguruan:
1- Egunkaria irakurtzeko ohiturarik ba al daukazu? Noiz erosi duzu azkeneko aldiz?
2- Non irakurtzen duzu egunkaria?
3- Egunkariaren zein atal interesatzen zaizu gehien?

Jon Agirre, 32 urte
1. Nik ez dut egunkaria maiz irakurtzen, eta erosi nuen azkeneko aldia ere ez dut zehazki gogoratzen. Oker ez banaiz, udal-hauteskundeen ondorengo egunean erosi nuen, herriz herriko emaitzak ikusteko.
2. Nik ez dut egunkaririk erosten, baina lanean eta tabernan egoten dira. Lanean ez dut irakurtzen, baina tabernan lagunak iritsi artean begiradatxo bat botatzen diot.
3. Azalari begiratzen diot eta, agian, kirolei. Ekonomiako atala ez zait batere gustatzen.

Marga Buelta, 27 urte
1. Bai, egunkaria irakurtzea gustatzen zait. Etxean asko gara eta beti ekartzen ditugu bi egunkari, bat euskaraz eta bestea gaztelaniaz.
2. Batez ere etxean irakurtzen dut. Gehienetan arratsaldetan irakurtzen dut, bazkal ondoren. Sukaldean lasai-lasai gelditzen naiz, ontziak jaso eta gero. 
3. Nazioarteko albisteak gustatzen zaizkit. Kulturari ere begiratzen diot; batez ere, zinemari buruzko berriak irakurtzen ditut, eta, honekin lotuta, ikuskizunei ere begiratzen diet. Interneten begiratzea baino errazagoa egiten zait papereko bertsioan irakurtzea.

Irati Astigarraga, 19 urte
1. Nik ez dut ez egunkaririk erosten eta ez irakurtzen. Albisteak ez zaizkit gehiegi interesatzen; kirolak pixka bat bai, baina besteak ez.
2. Esan bezala, ez dut egunkaria irakurtzen, aldizkariak nahiago ditut, edo Internet. Baina batzuetan aitak etxera ekartzen duenean, edo tabernan irakurtzen dut.
3. Ez dakit, gauza bitxiak azaltzen diren tokia gustatzen zait. Egunkaria hartzen dudanean, atzeko orritik hasten naiz irakurtzen.

Irudia: Engin Akyurt, Pixabay


detalle2

Docuteca

B1
09-04-2014

x61pRelaContWAR

  • Mikel Goñi (Maramara Taldea)
16236467

x61pViewCountWAR

11685

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR