Aldizkari Digitala
Manuel Irastorza eta Alejo Conti euskal diasporako irakasleekin hizketan
Euskal diasporan euskara-irakasle aritzen diren hamasei lagun Lazkaoko Maizpide barnetegian bi astez izan dira Gaztemundu programaren bitartez. Euskara irakaskuntzan trebakuntza gehiago izateko ikastaroa jaso dute bertan. Argentinako Alejo Conti eta Manuel Irastorza dira Lazkaon egon diren ikasleetako bi.
Irastorza Bahía Blancan bizi da, euskal jatorria du, eta orain dela 7 urte etorri zen lehenengoz Euskal Herrira. Conti rosarioarra da eta euskal musikari esker hasi zen euskara ikasten.
Nolatan hasi zineten euskara ikasten?
Alejo: Lagun euskaldunak ditut eta euskal musikarekin zaletu nintzen: Berri Txarrak, Exkixu… Hauen hitzak ulertzeko jakin-mina piztu zitzaidan eta euskara ikasten hasi nintzen.
Manuel: Aita hasi zen Euskal Etxera joaten eta anaiak eta biok lagundu egiten genion. Gero festetara joaten hasi, dantzak ikasi eta euskarari ere ekin nion.
Zenbat urte daramazue euskara ikasten?
Manuel: Hamar bat urte. Baina, 2005ean, Euskal Herrian hiru hilabeteko egonaldia egitean, hasi nintzen fundamentuz ikasten.
Alejo: Hiru urte.
Batzuek diote euskara oso hizkuntza zaila dela. Zuek zer uste duzue?
Alejo: Ez dakit zaila den hitza, nire ustez ezberdina da. Gaztelaniaren aldean oso ezberdina da, baina ahaleginduz ikasten da.
Manuel: Ados nago. Nik uste dut gogo kontua dela. Egurra ematen badiozu ikasi egiten da.
Alejok ez du jatorri euskaldunik. Manuk, berriz, Ataunen du familia.
Euskal Etxetik kanpo baduzue ingurune euskaldunik?
Manuel: Euskal Etxean oso jende gutxik hitz egiten du euskaraz. Gehienek apur bat ulertzen dute baina ez dira hitz egiteko gai.
Alejo: Hain urruti egonda hitz egitea oso zaila da. Internet bitartez ahaleginak egiten ditugu. Gainontzean, euskal jaietan elkartzen garenean, euskaldunen bat hirian baldin badago... gutxitan ematen dira hitz egiteko aukerak.
Zer da euskara ikasteak eman dizuen gauzarik onena?
Manuel: Denetatik eman dit. Hona etortzeko aukera, lagunak, familiarekin harremanetan jartzea... dena.
Alejo: Guk ez diogu alde praktikoari begiratzen: gustuko dugulako hartu dugu euskara ikasteko erabakia, eta gero gainerakoa etorriko da. Lagun asko egin ditut.
Euskal Herrira lehenengo aldiz etortzean zer sentsazio izan zenituzten?
Manuel: Ikaragarri onak. Dena polita...familiarekin elkartu eta oso gustura sentitu nintzen. Nik lau guraso ditut, Argentinakoak eta hemengoak.
Alejo: Euskal Herriko lagunak bisitatzen izan nintzen, baina orduan ia ez nuen euskaraz hitz egiten.
Eta uste zenutena aurkitu zenuten?
Manuel: Ni jakinaren gainean nengoen, baina batzuei gogorra egiten zaie errealitatea ezagutzea. Uste dute Euskal Herria osoan euskara hitz egiten dela eta guztiak euskaldun peto-petoak direla. Hala uste dutenentzat hasieran zaila da egoera bestelakoa dela onartzea.
Alejo: Umeak euskaraz hitz egiten entzuteak txunditzen nau. Argentinan adin batetik aurrerakook bakarrik egiten dugu euskaraz. Polita eta hunkigarria da.
Manuel: Hainbat gauzak hunkitzen zaituzte, baina bakarrik baldin bazatoz zaila da hemengo bati azaltzea. Adibidez, ardi latxak lehen aldiz ikustean hunkitu egin nintzen, baina hemengo batek ez du hori ulertzen.
Gaztemundu egitasmoko ikasleak Maizpide barnetegian
Zer moduz joan dira eskolak?
Manuel: Oso ondo. Dena berria izan da. Hamabost egun hauetan alde handia sumatu dut euskararen gainean dudan ezagutzan.
Alejo: Bai, euskara irakasteko tresna gehiago ditugu orain.
Eta turismoa egiteko aukera izan duzue?
Manuel: Bai. Donostiara joan gara Kontxako estropadak ikustera, Zarauzko euskal festetara, Goierriko herriak ezagutu ditugu…
Maizpide barnetegiaren atarian, Gaztemundu egitasmoko ikasleak, Joan Urdangarin zuzendaria eta Kinku Zinkunegi, HABEko teknikaria.
Eskolak ematen hasiko zarete? Nolako dedikazioa izango da?
Manuel: Datorren urtean hasteko asmoa daukat. Astean lau edo sei ordu arituko naiz.
Alejo: Rosarion bi talde ditugu, maila ezberdinetakoak. Talde bakoitzak astero bi ordu izaten ditu. Beste irakasle bat dago, baina aurten Euskal Astea antolatuko dugunez, bada guztiontzako lana.
Nolako jendea hurbiltzen da euskara ikastera?
Alejo: Gehienak helduak dira, 30 urtetik 60 urtera bitartean. Horrez gain, umeekin ere aritzen gara apur bat, baina batez ere kantu eta jokoekin.
Manuel: Tarteka, eskolan dantzak egiten ditugu. Izan ere, Argentinan euskara ikasten duena ez doa euskara ikastera bakarrik, euskal festak, kultura, politika… ere ezagutu nahi ditu.
Ikasleak euskal jatorrikoak dira edo denetarik dago?
Alejo: Gehienek euskal jatorria dute. Baina badaude nire moduan euskal musika-taldeek erakarritakoak ere.
Manuel: Gurean euskara ikasten duten gehienek euskal arbasoak dituzte, baina Euskal Etxeetara mota askotako jendea joaten da.
Urrian azterketa izango duzue. Beldurrik badiozue?
Alejo eta Manuel: Egunotan azterketa prestatzeko ariketak egin ditugu; hortaz, lasai gaude. Ez da derrigorrezko azterketa, baina erron
Segidan, Alejok eta Manuelek beren burua aurkeztu eta euskararekin izan duten ibilbidea azalduko digute eskura duzuen audioan.
Alejo Conti.- Bueno, ni Alejo naiz eta Rosariotik nator. Hemeretzi urte ditut eta bueno, klaseak ematen ditut Rosarioko Euskal Etxean eta bueno, unibertsitatean nago, nazioarteko harremanak ikasten ari naiz.
Nire kasuan ez, ez daukat euskal arbasorik eta ikasten dut gustatzen zaidalako, zeren eta nire arbasoak Italiatik eta Espainiatik datoz, eta orduan…
Iker Barandiaran.- Eta kuriositatez, nolatan? Bazeneukan harremana Euskal Etxearekin edo lagunak zenituen…?
Alejo Conti.- Ez, nik… bai horixe! Lagunak nituen hemen, Euskal Herrian, eta bueno, bada, asko… interesgarria izan zen niretzat euskara eta euskal musika, batez ere eta orduan hasi nintzen euskara ikasten Euskal Etxean eta gero bueno, lagunak egin nituen han, Euskal Etxean bertan. Dantza egiten hasi nintzen eta dena, orduan…
Iker Barandiaran.- Hortaz, euskal musikaren erruz, edo euskal musikari esker hasi zinen…
Alejo Conti.- Bai, bai, egia da.
Iker Barandiaran.- Ze talde, adibidez?
Alejo Conti.- Berri Txarrak, Exkixu… eta horiek.
Iker Barandiaran.- Bada, oso ondo.
Manuel Irastorza.- Ni Manu, Manuel Irastorza naiz, baita argentinarra. Eta argentinarra, Bahía Blancakoa, eta bueno, eta etorri naiz talde honekin ikastaro honetara eta irakasteko da, irakasteko ikastaro bat. Argentinan suposatzen da… suposatzen da ez, irakasle direla eta…
Iker Barandiaran.- Ez zara hasi oraindik klaseak ematen zu, asmoa daukazu, baina ez…
Manuel Irastorza.- Bai, ni oraindio ez,
Iker Barandiaran.- Oraindik ez, laster…
Manuel Irastorza.- baina datorren…bai.
Iker Barandiaran.- Hemen ibili eta gero seguru baietz.
Manu Irastorza.- Bai, bai, bai. Besteak bai, beste guztiak irakasleak dira ni… bai, ni izan ezik.
Iker Barandiaran.- Bueno… laster, laster jada, bidean zoaz.
Manu Irastorza.- Nire aitonaren aitona Ataungoa zen.
Iker Barandiaran.- Ataungoa, hemendik oso hurbilekoa.
Manuel Irastorza.- Hementxe, bai eta familia daukat hemen. Egonda nago lehenago. Orain dela zazpi urte etorri nintzen eta bueno, familian, hementxe egon nintzen.
Iker Barandiaran.- Eta zuen familian beti egon da euskal kutsu pixka bat, edo pixka bat jaso duzue…
Manuel Irastorza.- Bai, Argentinan bai.
Iker Barandiaran.- Bai, ezta?
Manuel Irastorza.- Bai.
Iker Barandiaran.- Euskal Etxea daukazue…
Manuel Irastorza.- Bai, joaten gara, ni dantzaria naiz baita eta bueno, hasi ni, behintzat, hasi nintzen dantzetan, hasi nintzen dantza egitera joaten eta gero… aita hasi zen euskararekin eta gero ni baita hasi nintzen euskara ikasten eta. Eta orduan etorri nintzen.
Te interesa
Docuteca
-
Testua eta argazkiak-Iker Barandiaran Zubiate (Arteman Komunikazioa)
