detalle-dokuteka-Revista-Nabarmena

Alvaro Montes de Oca: "Zinema oso tresna erabilgarria da euskara-ikasleei zer garen erakusteko"

Teknologiak distantzia luzeak motz bihurtzeko gaitasuna du. Oraingoan, Txile eta Euskal Herria gerturatu ditu ordubetez, eta, Skype bidez, Alvaro Montes de Oca elkarrizketatzeko aukera izan dugu.

Harrigarria da zinemagile txiletar honek euskararekiko duen maitasuna eta fideltasuna. Arbaso euskaldunak zituela eta, txikitatik hasi zen euskara ikasten, eta egun euskara-eskolak ematen ditu Txilen. Bertan “euskal kultura zabaltzen” saiatzen dela aitortu digu.
 

Noiz eta nola hartu zenuen euskara ikasteko erabakia?
Ni txiletarra naiz, Santiagon jaio nintzen eta hemen bizi naiz. Nire arbasoak euskaldunak ziren, arabarrak. Aspaldi hil ziren, baina Euskal Herriarekiko maitasuna betiko geratu zitzaidan eta, bereziki, euskararekiko maitasuna. 1996an hasi nintzen euskara ikasten, oso gaztea nintzela, eta 2002. urtean Euskal Etxekoek barnetegi-programa batean jarri ninduten, Hego Amerikan euskara irakasteko ikastaro batean, euskara batua ongi erabiltzeko eta jakiteko. Orain euskara irakasten dut, eta euskara zabaltzen saiatzen ari naiz. Orain dela gutxi, hitanoa ikasten hasi nintzen. Euskal Herria ere ezagutzen dut, 2010ean izan nintzen bertan, hilabetez. Lagunak bisitatzera eta euskaraz bizitzera joan nintzen hara.

Nolakoa da bizimodua Txilen euskaraz bizi nahi duen batentzat?
Nahiz eta gure komunitatea oso txikia den, oso ongi pasatzen dugu. Gu Txilen sei euskara-irakasle gara. Talde bat Santiagoko Euskal Etxe batean dago eta beste bat Viña del Marreko Euskal Etxean. Leku horietan ematen dira euskara-klaseak –kasu batzuetan, hitanoa ere bai–. Taldeak txikiak dira, baina beti gaude harremanetan eta ekintzak elkarrekin egiten saiatzen gara. Oso esperientzia polita da, euskararen bidez oroitzapen eta elkargune politak lortu ditugu eta. Euskara eta euskal kultura zabaltzen saiatzen gara.

Eta zer ezaugarri ditu euskal komunitateak?

Komunitate alaia da, begirune handikoa. Euskaldunak diren ohiturekiko eta sustraiekiko begirune handia dugu. Hori bai, beti etorkizunari begiratzen diogu, aurrera nola joan eta nola zabaldu euskal kultura. Nire kasuan, ni zinemagilea naiz eta euskal kultura eta Euskal Herriko ohiturak eta gizartea filmen bidez aurkezten saiatzen naiz. Horrek apurtzen ditu mugak eta urruntasuna.


Txileko euskal komunitatea euskal kultura zabaltzen saiatzen da, ekintza ugari antolatuz. Irudian, ekitaldi horietako bat.


Eta zer harrera dute zure proiektuek?
Nire asmoa, euskal komunitatetik haratago, euskaldunak ez diren pertsonengana heltzea da. Haiei aurkeztu nahi diet zer den euskal komunitatea, euskal kultura, euskara, euskal zinema... Horretan ari gara. Nork bere esparruan egiten du, esaterako, Santiagoko Euskal Etxean, dantza-taldea, abesbatza euskalduna eta beste hainbeste ekimen daude… Euskara-irakasleok euskararekin jarraitu nahi dugu, eta orain zinemarekin eman nahi diogu bultzada. Oso tresna erabilgarria da euskara-ikasleei zer garen erakusteko. Izan ere, ginelako gara, eta garelako izango gara.

Nola antolatzen dituzu zure eskolak?
Hego Amerikako barnetegian hezkuntza eta formazioa jaso genuen. Eskolak nola eman erakutsi ziguten, eta orain gure ikasleak direnei transmititzen diegu. Funtsa euskara gozatzea, bizitzea da, eta ez sufritzea. Ongi pasatzea era askotako ekintzekin. Esate baterako, pintxo, musika edo zinema-eskola batekin. Edozein ekintza ona izan daiteke giro ona zabaldu eta horrela hobeto ikasteko. Astean zehar Santiagon ematen ditut eskolak eta asteburuan Viña del Marren. Taldeak oso desberdinak dira, baina denek daukate euskara ikasteko gogoa. Gure arbasoen hizkuntza erabiltzeko gogoa daukate, eta hori oso polita da. Horrek poztasun handia ematen dit, oso talde atseginak dira.

Zerk bultzatzen du txiletar bat euskara ikastera?
Denetarik dago. Askotan familia Euskal Herrikoa dute ikasleek eta horregatik erakusten dute interesa, haien sustraiak ezagutu nahi dituztelako. Baina, beste alde batetik, txiletar jendea ere badago –santiagotarrak, viñatarrak, maputxeak…– eta interes handia daukate. Kasu batzuetan, oso erakargarri egiten zaizkie euskara eta euskal kultura. Euskararekin zerikusia duen zerbait ezagutu dutelako, adibidez. Esate baterako, Espainiako gerra zibilean, Pedro Agirre Cerda Txileko presidenteak eta Pablo Neruda olerkariak itsasontzi bat bidali zuten Espainiara, Euskal Herrira eta Frantziara. Itsasontzi horrek jendea jaso eta Txilera ekarri zuen. Itsasontzi horretan abesbatza euskaldun bat sortu zen; Ramon de Muguruza zen zuzendaria. Txilera etortzean abesbatza hori indartu egin zen eta gaur egun ere bizirik dago. Honi esker, euskal kultura zabaldu egiten da. Bada, abesbatza honek ere erakarri du jendea euskarara.


Txileko abesbatza euskaldunean ere kide da Montes de Oca

Nola bizi duzue Euskal Herriko errealitatea Txiletik?
Beti era baikorrean. Euskal Herria maite dugunontzat garrantzitsua da beti baikorrak izatea. Baikor izaten saiatzen gara, eta euskarari eta euskal kulturaren adierazpen guztiei babesa ematen diegu. Dena ongi joatea nahi izaten dugu.

Zer proiektu dituzu buruan?
Dokumental txiki bat grabatzen ari naiz. Euskal Herriko lagun batzuei erakutsi nahiko nieke zer egiten dugun hemen euskal kulturaren alde, adibidez, gastronomia, abesbatzak, euskara, dantzak… Espero dut urte bukaerarako amaituta izatea.

Orain arte zer proiektu egin dituzu?

Argazkilaritza-zuzendaritzan aritu izan naiz, batik bat, baita beste hainbat lanetan ere. Baina nik zuzenduta burura honakoak etortzen zaizkit: Roberto Matta margolariaren inguruko dokumentala Cuando los niños pintaban con Matta, Santiagoko xehetasunak erakusten dituen dokumentala Pequeños detalles edota La canción en mí. Film honek erantzun ona izan zuen. Guztiak oso esperientzia politak izan dira, baina badira gehiago, noski.

Nola azaltzen diezu zure ikasleei nolakoa den Euskal Herria?
Oso zaila da hori, nork bere sentimendua eta ikuspuntua dauzkagulako eta oroitzapenak ere oso subjektiboak direlako. Euskal kultura garrantzitsua da, baina, batez ere, jendearen berezitasuna azaltzen diet. Euskal Herriko jendea oso garbia, txukuna, jatorra da. Ni horrekin geratzen naiz. Betiko harremanak sortzen dira Euskal Herrian. Ez dakit nola adierazi, baina beti esaten diet jendea oso berezia dela.

Zer ekarri dizu euskarak?
Gauza asko, zirrara handia, laguntasuna, anaitasun-hizkuntza, gure historia, gure oraina, gure etorkizuna... Nahiz eta oso urrun gauden, euskara nire egunerokoa da. Gure lagunak, Euskal Herrira joan ezin diren lagunak, kultura… Euskara da, azken batean, euskaldun egiten gaituena.

Euskara-ikasleei zer mezu helaraziko zenieke Txiletik?
Ezer baino lehen, euskara ikasteko erabakia hartu izana txalotu eta zoriondu nahiko nituzke. Eta esango nieke goza dezatela euskara, maita dezatela eta lagun diezaiotela euskarari, oso garrantzitsua baita euskal kulturarekin jarraitzeko, eta gogora dezatela euskara dela euskaldun egiten gaituena.


detalle2

Docuteca

B2
26-11-2013

x61pRelaContWAR

  • Noelia Lataburu (Maramara taldea)
16293298

x61pViewCountWAR

8495

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR