detalle-dokuteka-Revista-Nabarmena

Beñat Fuentes: " Txinatarrak europarrak baino kontzienteago dira errealitateaz"

Luzaroan Euskal Herrian musika-taldeetan aritutako Mungiako Beñat Fuentesek Txinara jo zuen txinera ikasi eta beste kultura batean murgiltzeko asmoz. Ia oharkabean musika lantzeari ekin zion han ere eta Xu Jun izeneko lagunarekin osatutako The Tree taldeak ospea hartu zuen Txinan.

Orain, Gaztelupeko Hotsak diskoetxeak Euskal Herrian argitaratu du taldearen diskoa. Musika minimalista, erritmo eta doinu errepikakorrak, psikodelia eta mimo handia batu dituzte lan honetan.

 

 


Argazkiak: Beñat Fuentes eta The Tree

Noiz eta zeren bila jo zenuen Txinara? Zer izan da zuretzat zailena Txinan? Eta onena?
Duela hiruzpalau urte etorri nintzen, txinera ikasteko eta hain desberdina den kultura honetan murgiltzeko. Espero nuena ez nuen aurkitu, Txina azken urteotan guztiz aldatu da-eta. Onena da, guztiz desberdina den leku batean egonda, derrigorrez egunero gauza asko ikasi behar direla, umetan moduan. Sentsazio hori ahaztuta izaten da. Horrez gain, hizkuntza berri bat ikasteak ere ez du parekorik. Txarrena gizarte honek dituen kontraesanak bizitzea, zentsura, txinatarrak oso materialista bilakatu direla urteotan…

Erraza izan zen The Tree proiektua martxan jartzea?
Bai, hasieran ez zelako talde bat. Enkarguak egiteko batu ginen. Soinu-banda txikiak, artistentzako musika-lanak... Grabaketak ere ondo joan ziren, denbora luzez eta presa barik. Zailena bira prestatzea izan zen.


Esadazu Txinaz maitemindu zarela... Edo behintzat, Konfuzianismoaz...
Lehengo Txinaz bai. Oraingoak ere baditu gauza on batzuk: sortu diren aukera berriak eta txinatarren bihotz ona. Konfuzianismoak, beste korronte filosofiko guztiek legez, badauka zer erakutsia: Kosmosaren harmonia, gobernatzen gaituenen erantzukizuna, arbasoei zor diegun errespetua...


Nor da diskoan aipatzen duzun "Shushu"?
Txinan jende asko bizi da jaioterritik kanpo. Distantziak hain handiak izanda, urtean behin baino ez dira itzultzen etxera. Horrexegatik, zauden lekuan zaudela, erraz aurkituko duzu laguntzeko prest dagoen jendea. “Shushu”k osaba esan nahi du, eta gure gidari espiritual moduko bat izan zen aipatzen dugun Shushu hau. Gure kontzertu guztietara joaten zen eta etxera gonbidatzen gintuen afaltzera, nahiz eta oso diru gutxi izan. Horregatik, isilean gorde zuen gaixotasuna, inor tratamendua ordaintzerik saiatu ez zedin, Txinako osasun-zerbitzuak oso garestiak dira-eta. Beranduegi jakin genuen albokook eta dirua biltzeko kontzertu itzela prestatu genuen arren, kontzertuaren aurreko egunean utzi zion mundu honetako atazak egiteari. Bera izan zen gure diskoa entzuten lehena, eta Euskal Herrian berrargitaratu dugun hau berari eskaini diogu.


Beñat Fuentes eta Xu Jun

Zer ikusi zuten Xiami.com webgunekoek zuen musikan?
Batek daki, gu baino hobeak diren milaka talde ezagutzen ditudalako. Imanol Ubedak Espainiako euskal kantarik onenaren saria jaso zutenean esan zuen inor ez dela gauza epaitzeko zein den kanturik onena. Zortea izan genuen. Loteria tokatzearen parekoa, ehun mila pertsonak entzun baitzuten geure diskoa atari horretan jarrita, eta horri esker etorri ziren Txina osoko bira eta jaialdi garrantzitsuenetan jotzeko aukera.


Nolako harrera du "Venus dago ederren" kantuak Txinan?
Gure kontzertuetan harrerarik beroena jasotzen du. Diskoko bertsiotik urrun dago zuzenean egiten duguna: ahots loopak, musika-tresnak aldatzen dugu kanta berean... Gainera, entzuleek eskertzen dute Xu Jun euskaraz abesten entzutea, bai eta kantuaren aurretik Euskal Herriari buruz egiten duen azalpena ere.


Oso mezu ekologista du The Tree-k. Txina moduko herrialde ekoizle batean jendeak bat egiten al du zuen ideiekin? Edo aldarazi egin nahi duzue?
Hemengo erritmoa edonor izutzeko modukoa da, baita kutsadura ere. Baina azken batean, beraiek gure eredua kopiatu dute, inolaz ere jasangarria ez dena. Baina, behintzat, benetako errealitatearen jabe dira: Europan, ez dugu gure eguneroko jardunak dakarren suntsipena ikusi nahi. Gurean dena dago garbiago, behar-baldintzak ere hobeak dira... baina darabiltzagun gailuak egitean sortzen den kutsadura basatia ez dugu ikusten, ez eta kontsumitzen ditugun marka famatuek Txinako fabriketan langileei eragiten dizkieten baldintza kaskarrak ere. Beraz, Txinako biztanleak kontzienteago dira errealitateaz, ez dira hain hipokritak. Ez dugu kutsadura ikusi nahi. Beste batzuek sufritu dezatela.
 

Nolakoa da Txinako musika-eszena?
Bertako taldeek eta kanpokoek molde berdina dute, Horrek hainbat itaun egitera ekartzen gaitu: musikaren esentzia, identitatearen arazoa eta gainontzeko topikoak hamaikagarrenez birplanteatzera.


Gaztelupeko Hotsak diskoetxeak argitaratu du zuen diskoa Euskal Herrian. Baduzue hemen jotzeko asmorik?
Ez. Egoera zelan dagoen ikusita, ez dut uste inor prest egongo denik geure bidaia-txartela eta abarrak ordaintzeko. Alemaniatik deitu ziguten, baina baztertu egin genuen azken orduan.


Zer asmo dituzue orain?

Amaitu da The Tree-ren ziklo hau. Beste proiektu batzuk ditut buruan. Esperientzia polita izan da, baina baita nekagarria ere. Kontzertu larregi, konpromisoak, kontratuak. Askok ez dute ulertu taldea unerik onenean uztea, baina pozik nago hartutako erabakiaz.


Argazkiak: Beñat Fuentes eta The Tree
Taldearen gaineko informazio gehiago, helbide honetan.


detalle2

Docuteca

B2
17-08-2012

x61pRelaContWAR

  • Barandiaran (Arteman), Iker
16361639

x61pViewCountWAR

8312

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR