Dokuteka
Euskadi ez da oso ezaguna Txinan
Katalunia bai, baina Euskal Herria ez dute ezagutzen txinatarrek.
Vanessa Sanchez esataria.- Beijingeko taberna bat da. Gizarte-maila ertain-altuko bezeroekin. Gero eta gehiago bidaiatzen duen gizarteko segmentua da. Europan izan dira, asko Katalunian, baina Euskal Herriari buruz galdetzen diegunean…
Bezeroak:
“Euskal Herria? Pista bat emango didazu?“
“Entzuten dudan lehenengo aldia da”.
“Herri txikia izan behar du horrek” dio gazte honek.
Kasualitatea, lokaleko jabeak Bilbon hiru egun egin zituen otsailean, urte berri txinatarreko oporretan, estatu espainiarrean eta Portugalen egindako hilabeteko bidaian.
Argazkiak erakutsi dizkigu: zazpi kaleak, San Mames. Bilboko arkitektura asko gustatzen zaiola esan digu eta Errioxako ardoarekin maiteminduta dagoela. Egun batean botila osoa edan zuela esan digu, Txinan baino askoz merkeagoa delako.
Tabernara bere lagun arkitekto bat etorri da. Donostian izan da uda honetan. Asko gustatzen zaio hainbeste kalitate elkarrekin ikustea.
Dioskunez, hamar minututan oinez joan zaitezkeelako hondartzatik Alde Zaharrera, Kursaalera edo Jazzaldira.
Bi gizon hauek zorioneko dira eta bidaia luzeak egiten dituzte, baina orokorrean txinatarrek gehienez bi asteko bidaiak egiten dituzte.
Txinan, zenbat eta denbora gehiago lan egin enpresa batentzat, orduan eta opor-egun gehiago ordaintzen dituzte. Hamar urte baino gutxiagokoek bost egun; hamar eta hogei urte artekoek hamabost egun eta hogei urte baino gehiagokoek hogei egun.
