Dokuteka
Agerraldia 1 Atala 10
Kotxean doaz aita-alabak.
AITA: Katxis la mar!
MAITE: Zerbait ahaztu?
AITA: Bai...
MAITE: Hementxe jaitsiko naiz nahi baduzu, e, oraindik oinez joateko astia badaukat eta!
AITA: Ezta pentsatu ere! Klasera eramango zaitudala esan dut, eta horixe egingo dut.
MAITE: Esan nahi dut... zerbait garrantzitsua ahaztu bazaizu, ez nukeela nahi...
AITA: Ez, ez...
MAITE: Benetan... nirekin ez daukazu inongo konpromisorik...
AITA: Zurekin daukat, ba, daukadan konpromiso bakarra!
MAITE: Ezetz, ba! Gera zaitez hementxe.
AITA: Gainera... ahaztu zaidana...
MAITE: Zer da ahaztu zaizuna?
AITA: Gasolina.
MAITE: Hori ahaztu al zaizu?
AITA: Bai, depositua betetzea!
MAITE: Ba, ez dakit zure ohiko trukuren bat den ala ez, baina nirekin jai daukazu! Pezetarik gabe irten naiz etxetik.
AITA: Hori da gutxienekoa! Nik badaukat...
MAITE: Baina, gasolina bila eta hasi behar baduzu, ez naiz klasera iritsiko.
Isilunea.
AITA: Beraz, pezetarik ere ez!
MAITE: Ezta xentimorik ere!
AITA: Lastima!
MAITE: Gezurra dirudi, aita! Orain ere nor eta ni zuri errietan! Beti igual ibili beharra ere!
AITA: Errietarik ez, Maite! Zertarako dira, ba, seme-alabak, gurasoak zaintzeko ezta?
MAITE: A, jakina! Baina bazara, ba, zu ere bat, norbait zaindu behar eta! A zer-nolako gurasoa!
AITA: Ez, ba, maitea! Ez zaitezela nolakoa naizen esaten hasi!
MAITE: Bale!
AITA: Ez daukat, ba, beste buruhausterik azkenaldi honetan!
MAITE: Esan dizut sosik ez daukadala!
AITA: Ezta beti diru eske etorriko banintzaizu ere!
MAITE: Beti ez, baina gehienetan bai, e!
AITA: Hara! Batzu-batzuetan, horrelako gauzak esaten dituzuenean, Maite, badirudi munduratu zintuztenei bihotza jartzea ahaztu zitzaiela.
MAITE: Gezurrik esan ez badidate, horretan zuk ere izana izan behar duzu parte txikiren bat...
