Dokuteka
Agerraldia 2 Atala 10
Taberna-giroa.
TXARO: Eta, orduan, rolloa dun, ba, betikoa...
MAITE: Ea... eta nik zer pintatzen dinat historia horretan?
TXARO: Joe, Maite! Batzuetan hiri ere kostatzen zain gauzak entenditzea, e?
MAITE: Lokal faltan zaudetela, eta?
TXARO: Ba, pentsatu besterik ez daukan, hire etxea hain handia denez...
MAITE: Ez...
TXARO: Handia dun...
MAITE: Ez hunan, ba, pentsatuko...
TXARO: Bai, hantxe entseguak egitea! Zergatik ez?
MAITE: Hi ez hago burutik sano, Txaro!
TXARO: Jo, Maite! Azkeneko irtenbidea! Hik ezetz esaten badidan, akabo! Adios nire antzerki-taldea eta nire asmo guztiak!
MAITE: Baina... baina ni ez naun bakarrik bizi!
TXARO: Bazekinat hori...
MAITE: Ez horrela begiratu, Txaro...
TXARO: Nire etxean gehiago gaitun. Hik gutxienez ez dauzkan bost anai-arreba, eta horietatik hiru langabezian, nik dauzkadan bezala...
MAITE: Ez, hori egia dun...
TXARO: Eta hik....
MAITE: Baina amona zeukanagu etxean!
TXARO: Zer apustu, amonari ondo iruditu baietz? Beti kexa izaten ez dun, ba? Hara jendez inguratuta egoteko aukera ederra!
MAITE: Txaro, benetan, itxurarik gabeko kontua iruditzen zaidan!
TXARO: Sala ondoko gela hura hutsik edukiko duzue oraindik...
MAITE: Bai, hutsik zegoen, baina...
TXARO: Hantxe sartu, eta batere molestatu gabe... Ez soinu eta ez ezer, kinkik atera gabe egingo dizkinagu guk egin beharrekoak! Ikusiko dun... Benga, esaidan baietz, neska!
MAITE: Bale, ondo zion. Baina ez dinat ezer agintzen, e? Etxean komentatuko dinat bai, eta ea beste biek zer esaten duten; azken batean, neroni naun eta etxean gutxien egoten naizena!
TXARO: Baina bai etxeko prakadun bakarra ere!
MAITE: Balio didanagatik!
TXARO: Ai, Maite! Hi haiz gure salbazioa. Emaidan muxu bat! Umm!
Muxu ozen bat ematen dio.
MAITE: Txaro! Ken hadi gainetik!
TXARO: Bila ibilita ere, ez dinat mundu osoan hi bezalako lagunik aurkituko!
MAITE: Entendiko dun hik, berriz ere, teatro-kontutan ni bezalako tuntunekin bahabil!
TXARO: Tuntun azkarra haiz hi!
MAITE: Baina beti tonto!
TXARO: Ezetz, Maite!
