Dokuteka
Agerraldia 9 Atala 3
Ezkaratzeko oihartzuna.
TXEMA: Kaixo!
MAITE: Jesus, Txema! A zer-nolako sustoa eman didazun!
TXEMA: Ezta munstro bat banintz ere!
MAITE: Baina... zer egiten duzu hemen eskailerapean jarrita?
TXEMA: Zu noiz irtengo zain.
MAITE: Eta arratsalde guztian hementxe, ezkaratzean, egoteko asmotan al zeuden?
TXEMA: Ez, gehienez ere beste ordu-laurden bat egongo nintzen alde egin baino lehen.
MAITE: Gauza arraroak egin behar zuk beti, Txema!
TXEMA: Arraroak diozu? Arraroagoa da zure etxera joan den jentilaia hori!
MAITE: Nire etxera?
TXEMA: Zure etxera, bai, hantxe sartu dira eta!
MAITE: Zeintzuk baina?
TXEMA: Jentilaia ederra! Bat sekulako tximekin, ia-ia aurpegia ere ikusten ez zitzaiola... goitik behera beltzez jantzita.
MAITE: (Dardaraz) Amaaa!!!
TXEMA: Bestea, berriz... a zer figura! Ile guztiak tente-tente dituela... galtza beltz, estu batzuekin...
MAITE: Anima galdu bat hau ere!
TXEMA: Eta neska...
MAITE: Beltzez jantzita, jakina.
TXEMA: Bai, baina oso arropa arraroekin.
MAITE: Beste etxeren batera joango ziren.
TXEMA: Ezetz, ba, zuenean sartu direla!
MAITE: Baina... zertan hasi zara orain? Ni bijilatzen?
TXEMA: Ez, Maite, ez! Ez gaizki hartu, baina hona nentorrela topatu ditut, eta, badaezpada ere, zain nengoen.
MAITE: Ai... nire lagunak dira, Txema.
TXEMA: Eta zer egiten dute, orduan, zure etxean?
MAITE: Hara, berriz, gure Sherlock Holmes!
TXEMA: Jo, ea ulertzen duzun... Esan nahi dudana da, zure lagunak izanda, ea zergatik dauden haiek zure etxean eta zu hemen?
MAITE: Ba, nire lagunek ni gabe bizitzen badakitelako.
TXEMA: Adarrik ez jo, Maite!
MAITE: Bale, ondo da! Ez dira nire lagunak. Amona eta ama bahitu dituzten atrakatzaile batzuk dira, eta ni erreskate bila noa.
TXEMA: Joe, Maite!
