Dokuteka
Agerraldia 9 Atala 1
MAITE: Nork ulertu gure ama?
AMONA: Ez da lan erraza!
MAITE: Batzuetan... hara, amona, egiatan esaten dizut, e, batzuetan, psikiatra batengana eramateko gogoa ematen dit.
AMONA: Alfer-alferrik, maitea!
MAITE: Baina, baina, erreakzio horiek? Oraintxe barrez eta oraintxe negarrez, minutu bateko tarterik gabe?
AMONA: Horrelakoxea da, ba, eta horrek honez gero ez du erremediorik. Orain dela urte batzuk... isiltzen naiz, baina behin berrogeita bostetik aurrera...
MAITE: Ez, nik ere ezetz uste.
AMONA: Aizu, Maite...
MAITE: Zer, amona?
AMONA: Ee... atzo kalean ikusi omen ninduzun?
MAITE: Bai...
AMONA: Eta... zertxobait kezkatu ere bai, agi danean!
MAITE: Kezkatuko ez nintzen, ba, ordu hartan zu kalean ikusita?
AMONA: Eta... neu ez banintzen?
MAITE: Zeu zinen, ordea!
AMONA: Seguru al zaude? Bistak batzuetan horrelakoxe azioak egiten ditu gero, e!
MAITE: Zeu zinela, ba, amona, zeu zinela!
AMONA: Baina... eta ni ez nintzela esaten badizut?
MAITE: Ai, amona! Nahiago nuke neure burua horrela engainatzeko zure abildadearen erdia banu! Ez zintudala ikusi? Ezkutuka, gainera, bakarren batek ikusteko beldurrez edo... hantxe, batera eta bestera!
AMONA: Ezkutuka? Ni ezkutuka?
MAITE: Bai, horrelaxe, amona, ezkutuka, zeure burua non gorde asmatu ezinda! Baina ez pentsa asko harritzen naizenik, e! Etxe honetan ikusi ditudanak ikusita, gainera! Hara, ez dago batere problemarik! Ez didazula ezertxo ere kontatu nahi? Hor konpon! Bakoitzak bere lanak! Horixe da hemendik aurrera etxeko arau bakarra.
AMONA: Baina...
MAITE: Bainak baratzean, amona!
