Dokuteka
Agerraldia 13 Atala 2
Kristaletik "tiki-tik" egin dio.
MAITE: Aita! Zer egiten duzu hor?
AITA: (Leihoa jaitsiz) Nora joanik ez, eta hementxe geratu naiz.
MAITE: Zer gertatzen da orain?
AITA: Ezer ez. Egin dut zuk esandakoa.
MAITE: Zer egin duzu?
AITA: Etxera joan, eta berarekin hitz egin.
MAITE: Amarekin? Bejondeizula! Pozten naiz. Eta?
AITA: Eta? Okerrago geratu naizela. Horixe!
MAITE: Zer esan dizu, ba?
AITA: Ezer ez. Kartak irakurri nahi dituela.
MAITE: Ui! Eta zer espero zenuen esatea?
AITA: Ez dakit; baina hori ez, behintzat!
MAITE: Jakin beharko du, ba, norenak diren edo?
AITA: Berak ere ezer ez daki eta! Inorekin ez omen dabil!
MAITE: Horregatik, ba! Baina zer demontre deskubritzea uste zenuen, ordea?
AITA: Joe! Berak zer edo zer jakin beharko du, ba? Nahi eta nahi ez jakin behar nork idazten dion!
MAITE: Eta nola nahi duzu jakitea, idatzi diotenik ere ez baldin badaki?
AITA: Baina kartek esaten ez dute, ba, elkar ikusten dutela? Ez da nik asmatua!
MAITE: Ba, ez dakit. Baina horrela jarrita ez duzu ezer aurreratuko! Ez al zarete haserretu?
AITA: Ez gehiegi.
MAITE: Asko da hori, aita, asko! Xanpain pixka batekin zelebratzeko lain bai!
AITA: Bai, hori esan zuk, gainetik! Gustatuko litzaiokeela esan ez dit, ba! Pagatu ere egingo omen lukeela, alajaina!
MAITE: Hara, hara! Ikusten al duzue? Frantses on horietakoren bat edan beharko duzue oraingo honetan? Moët Chandon edo horrelakoren bat.
AITA: Isilik zaude, isilik! Amoranteren batek kartak idaztea pagatuko omen luke eta, ez xanpaina edatea!
MAITE: Banengoen, ba, ni! Aizu, baina, amodiozko kartak ere badira belarrondoko bat adinakoak, e! Hartuko nituzke neronek ere pozik asko!
AITA: Beno, beno, nahikoa dugu! Hobe nuen eman ez banizkion! Hartara, bere berririk ez zuen izango, eta kitto!
