Docutec
Jon eta Jone 42: Kapitxi?
Esketx laburra. Bikotearen elkarrizketa. Ezkontza batera joan behar dute eta mutilak ez du gogo handirik.
Jone.- Ai! Ia ahaztuta nengoen, Jon. Nire lehengusinaren ezkontza bi aste barru izango da.
Jon.- A bai?
Jone.- Ikusten dut ilusio handia egiten dizula, e?
Jon.- Ba...
Jone.- Ba... agoantatu egin beharko zara. Joan nahi genuela esan genuen.
Jon.- Eta jakina, zure herriko koadrila osoa hantxe izango da, ezta?
Jone.- Bai, eta ez ipini aurpegi hori.
Jon.- Zer aurpegi jarri dut ba?
Jone.- Ondo dakizu zuk.
Jon.- Ez, ez dakit esadazu zuk.
Jone.- Ba "zure koadrilakoekin pasa behar dut egun osoa" aurpegia.
Jon.- Eta hala al da?
Jone.- Ba bai, eta nire gurasoekin, eta nire familia osoarekin, txupi ezta?
Jon.- Bai, txupi.
Jon.- Baina esadazu niri, gaur egun zergatik ezkontzen da jendea elizatik?
Jone.- Ilusioa egiten die eta, beno, bizitzan behin...
Jon.- Bizitzan behin? Ja, ja, honezkero ez da geratzen horrelakorik...
Jone.- Gu ezik, ezta?
Jon.- Jakina, baina gu eszepzioa gara, e?
Jone.- Ah, bai.
Jon.- Total, udaletxean ere ezkon zitezkeen, ezta?
Jone.- Ay, Jon, lagaiozu (laga iezaiozu) jendeari nahi duen tokian ezkontzen. Zuek, antikle... beno, elizaren kontra zaudetenak, zarete azkenean sermolarienak.
Jon.- Antiklerikalak. Antiklerikalak esan nahi zenuen, ezta?
Jone.- Bai.
Jon.- Eta ez zaizu atera ezta?
Jone.- Ai, Jon, ez egin kilikarik.
Jon.- Ekarri, ekardazu hitz egiten ez dakien aho txiki hori. Nik konponduko dizut, emadazu pikito bat, emadazu pikito bat.
Jone.- Mua, mua!
Jon.- Entsalada tomatearekin egingo al dut?
Jone.- Bale. Aizu, bihar arropa erostera irtengo gara.
Jon.- Nik ez daukat beharrik.
Jone.- Ezkontzarako. Ez zara betiko amerikanarekin joango eta gainera ganorazko zapatak behar dituzu.
Jon.- Ez dago beste erremediorik, ezta?
Jone.- Ez, txikito, hemen ez dago negoziazio posiblerik.
Jone.- Jon, despedida ere antolatu beharko dugu.
Jon.- Ez, ez, ez, gu ez goaz despedidetara, badakizu.
Jone.- Begira, zuk nahi duzuna egin baina ni joango naiz lehengusinaren despedidara.
Jon.- Ba orduan gureak egin du, e? Badakizu hori hiru kondizioetako bat dela, ezta?
Jone.- Ai, zu eta zure txorrada horiek.
Jon.- Ea, lehendabiziko kondizioa: ez dizkidazu kilimak egingo buruan.
Jone.- Burusoilean, esan nahiko duzu.
Jon.- Bigarren kondizioa: ez zara kubatar baten saltsa-klaseetara sekula apuntatuko.
Jone.- Ja.
Jon.- Eta hiru: ez zara soltera-despedidetan ikusten diren plastikozko zakil horietako batekin kalera aterako. Kapitxi?
Jone.- Kapitxi ez, kapitxa.
Jon.- Ez, ez, ez dut uste, e, uste dut aho txiki hori ez dizutela behar bezala konpondu. Etorri zaitez!
Jone.- Biziosoa!
Jon.- Antiklerikala izatearen abantailak, pottoka.
Jone.- Ez esateko pottoka!
