irakurgai-mailakatuak-fitxa
Harakinen alaba
Alex Garmendia, baserritar harakin baten eta kantari ye-ye baten alaba, ikus-entzunezkoen gidoigilea, imajinazio sukartsu baten jabea, krisi edo aldaketa betean murgilduta dabil.
EGILEA: Yurre Ugarte
ARGITALETXEA: Elkar
URTEA: 2026
Pandemian gurasoak hil eta haien herentzia jaso berritan, dena utzi (lana, etxea, bikotekidea) eta bere baitan arakatzen hasten da, familiako sekretuetan aztarrika, iraganean bere ondoezaren gakoa aurkitu nahirik edo.
Geruza ugariko testua osatu du Yurre Ugartek, egin ahala eraikitzen den eleberri baten itxuran, era askotako osagaiak biltzen dituena: familia ustez tradizional baten lehortasun emozionala, gaztetxo baten bilaketak eta noraeza, telebista eta zinema munduko erronka eta ajeak, idazketari buruzko hausnarketak, emakumeen kontrako indarkeria sexuala...
Hona pasarte bat (10. or.):
"Koldarra ni, prostituta ezagunaren heriotzan oinarritutako telesaila proposatzeko hots egin zidanean bezala. Ekoizleen menpe egotea zer den. Haren benetako izena alboratu eta Ekoiz deitzen diogu Jarek eta biok Donostiako Zinemaldiko festa batean ezagutu genuenetik. Zehatz-mehatz, festa ofizialaren "ondorengo" batean. After hartan, 60ko hamarkadako plastikozko sofa vintageak zeuden biribilean jarrita, eta, erdian, jendea dantzan. Ekoiz, berriz, ur botila eskuan, barraren kontra, asperdura aurpegiarekin."
