irakurgai-mailakatuak-fitxa
Bakea, bakea
Inazio Osa: etxe oneko seme bakarra, amak mimatua bezain aitak gaitzetsia, emazte ohiak mespretxatua eta alabatxoak maitatua, lagunek pailazotzat hartua, ludopata, politoxikomanoa eta pornoadiktoa. Ama hil ondoren, deskalabrurik handienean ere, zuloan beherago erotzea posible dela ikasiko du Osak.
EGILEA: Xabier Montoia
ARGITALETXEA: Elkar
URTEA: 2026
Prosa zorrotz bezain neurtuaz idatzi du Xabier Montoiak eleberri sendo eta biribil hau, eta idazkera doi horren bidez jarraituko ditugu protagonista malapartatuaren ibilerak, bere sorterrian hasi eta patu makurrak eramaten duen lekuraino. Ez kontzesiorik, ez gupidarik, ez itxaropenik: non topatuko du Osak irrikaturiko bakea?
Berria egunkarian liburuaren aurkezpenari buruz egindako erreportajea irakur dezakezu esteka honetan.
Hona pasarte bat (9. or.):
"Gurpil zoroa bizitza, etengabeki jira eta bira, uztarritik askatu eta bazterra jotzen duen arte. Gelditzera kondenatuta dago, abailari esker aurrera jarraitu arren apur batean. Hor bukatzen da bidaia, hor bukatzen da festa. Axolarik ez. Nekatuta dago. Azkenaldian inertzia hutsez ibili da eta heldu zaio atseden hartzeko unea. Hemen geratuko da, hementxe bertan, deus espero gabe. Pentsaezina zaio urrats bat gehiago egitea ere. Zertarako, nora joateko? Bideek ez daramate inora. Dagoeneko ez. Ez du ezer erabaki behar, ezer ez dago bere esku. Lasaitu egiten du horrek."
