Iturria

Egilea: Unai Elorriaga
Argitaletxea: Susa
Argitalpen-urtea: 2019

Soro eta Erroman izeneko agure protagonistek Europa zeharkatuko dute gaztetako lagun Pedro Iturria idazlearen bila, argitaratu dituen ipuinen arrastoari jarraituz. Gainera, herrialde bakoitzean bertako hizkuntzan argitaratzen ditu bere lanak: Txekian, txekieraz; Hungarian, hungarieraz… baina berez zer hizkuntzatan idazten dituen ez dakigu.

Soro Barturenek uste du bera dela Iturriak argitaratutako ipuinen protagonista eta horregatik, agian, aurkitu nahi du Pedro, nahiz eta beste helburu batzuk ere badituen: ipuinak idazteko informazioa nola lortu duen jakin eta, bide batez, idatzi guztiak biltzea.

EITBko Ahoz aho saioan liburu-egileari eginiko elkarrizketa ikusgai duzu hemen.
Liburua osorik, hemen duzu irakurgai.

Hona pasarte bat.

Gerrikoa kentzeko eskatu dio polizia batek Sorori segurtasun hesian, Pragako aireportuan, metala daukala, txistu egingo diola makinak. Sorok ezetz esan dio, ez duela gerrikoa kenduko, oso zail egiten zaiola gero atzera praketan jartzea, ez dauzkala atzamarrak horretarako, min handiak hartzen dituela gerrikoa praketan sartzen, ez duela kenduko minutu baterako. Poliziari ere galdetu dio berak jarriko ote dion gero gerrikoa lekuan. Poliziak serio begiratu dio Sorori, zurrun, txekieraz hitz egiten hasi da, ingelesez gero, ez dela zerbitzaria, broma gutxi berarekin.

(63. or.)

 

B2
2020-01-03
21182190
347