Dokuteka
Unai Elorriaga: "Txikitasuna gustatzen zait"
Azken hilabeteotan bere gainean esan direnak aztertu nahi izan ditugu Unai Elorriagarekin. Espainiako Narratiba Sari nazionala irabazi du, eta aparra jaitsirik hausnarketa egin digu. Bigarren eleberria, 'Van't Hoffen ilea' kalean da jada.
Unai Elorriaga: Nik SP-rako tranbia esaten dut, baina denetarik esan izan diote, baita Sprako tranbia ere. Dagoeneko jendearena da liburua eta bakoitzak esan dezala nahi duen modura.
U.E.: Hori Xabier Mendigurenek esan zuen. Bera editore izanda ez da harritzekoa horrelako loreak bota izana. Hala ere, berak ez du ezer debalde esaten, eta hori esan badu, sentitzen duelako da. 'Maisutasuna' niretzako berba potoloa da, 50etik gorakoak izaten direlako maisu eta hain gazterik entzutea oso garrantzitsua da.
U.E.: Liburua kaleratzear zegoela horixe zen nire kezka, ez ote zuten nahasiaren nahasiaz bazter batean utziko. Haririk ez izatea kezkagarria egiten zitzaidan, pentsatzen nuen hanka-bururik ez ikustean utzi egingo zutela. Eta guztiz kontrakoa gertatu da.
U.E.: Atxagak saria irabazi zuenean, gibelean bazuen izan ibilbiderik. Hortxe zeuden 'Etiopia' eta 'Ziutateaz'. Ordurako idazle handia zen. Nirea zeharo alderantzizkoa izan da. Nik ez dut aurretik ezer, eta arrakasta txikiak egin behar ditut hemendik aurrera. Hemendik aurrera zer datorren eta denborak zer dakarren ikusiko dut, eta hortik gorakoak denborak esango du.
U.E.: Bai horrela da. Nik uste dut oro har kritikoak oso kontserbadoreak direla. Idazle baten lehenengo liburuaren aurrean sekula ez dute esango borobila denik; ez bestelako babesik-edo ez badute. 'Ona da, baina...' horixe da erabili ohi dutena. Ez dira gehiago esatera ausartzen. Horrelako sari bat ematerakoan, zelanbait esateko, bermea badute eta horrek lasaitu egiten ditu. Hortik aurrera bai, liburu ederra eta potoloa dela esango dute, baina oniritzia jasotzerakoan soilik. Azken batean literaturaren inguruan dagoena neurri batean zirkoaren antzekoa da. Ez sinisteko moduko jolasa da, oso serio ez hartzekoa. Kritikariek iritziak kaleratzeari ondo irizten diot, baina beren esanak ez dira inondik inora Jainkoaren esana. Denborak eta irakurleek esango dute ona ote den. Kritikari batek esaten duena baino haratago joan beharra dago.
U.E.: Izugarria, bai. Halako batean askok esan didate politikaz berba egiteko betebehar morala nuela. Intelektual naizen aldetik politikaz berba egin behar nuela. Surrealista benetan. Lehenengo, nik ez dut inoiz esan 'intelektuala' naizenik. Eta gero, 'betebeharra duzu'? Nire betebeharra zergak ordaintzea da, ez hiltzea, ez lapurtzea... horiek ez dira nire betebeharrak. Nire betebeharra ez da politikaz hitz egitea. Politikaz jarduteko badaude hor batzuk, soldata ikaragarriekin, eta eurei hilero ordaintzen dietena ordaintzen badidate, bada, pentsatuko dut orduan. Lotsagarri gelditzen dira horrelakoak esanda. Espainiako kazetariak-eta okerrerako ari dira, euren buruari harrika ari dira. Beti gauza bera buruan, beti gezurrak esaten. Nire gainean ere esan zituzten, guztiz egiaztagarriak ziren gezurrak, gainera. Kasu handirik ez egitea da onena.
U.E.: Jorge Luis Borgesen izena agertu zen baina nik ez nuke zerrenda horretan sartuko. Rulfo eta Cortazar bai, batez ere Cortazar. Maisu handia izan da, eta bera irakurriz asko ikasi dut. Borges, aldiz, ez dut maite. Badakit ona dela, eta nahi duenak irakur dezala baina nik ez dut bera irakurtzen gozamenik.
U.E.: Txikitasuna gustatzen zait niri. Aspaldian entzuten da demokrazia eta gehiengoari boza. Nik uste dut gutxiengoak, sarri, baduela zeresana. Eta arrazoia ere izaten duela tarteka-marteka. Gure kasuan, gutxi gara eta txikiak. Baina literaturan, bederen, potentzia handiak baino bide zuzenagoa daramagula begitantzen zait.
U.E. Bai, gure gizarte honen gaitzik handienetakoa da ziztu bizian ematen dugula denbora. Gauzak nahi diren modura egiteko ezintasuna nonahi dago. Gauzak astiro egiteko borrokatu behar dela uste dut, patxada hartu eta bizi.
U.E.: Irakurri nuen artikulua. Hori euskaraz ez dakien batek esan zuen, hau da, balizko belaunaldi horretako kideren lanik irakurri ez duen batek. Euskara naturala da guretzat, baina aurreko belaunaldiarentzat ere izan zen. Nik uste dut kritikoek eta kazetari zenbaitek sasoiak markatu behar dituztela, taldeak sortu. Egia esan, zer zerikusi dut nik Ixiar Rozasekin? Bada, beharbada, badut. Baina, agian William Faulknerrekin Jasone Osororekin baino lotura gehiago dut. Zertarako sartu behar gaituzte zaku berean? Esaterako, Harkaitz Canorekin konparatuta, begiratzeko era berdina izan nezakeela pentsatzen dut; baina baita Kafkarekin ere. Zertarako egin behar dugu talde artifiziala? 50 urte barru unibertsitatean ikas dezaten? Horretarako bada, oso ondo. Neuk, baina, ez diot zentzu askorik ikusten.
U.E.: Ez. Gehiago diot errespetu faltari. Askotan kritikak oso modu arinean egiten dira. Idazle batek hilabete luze-luzeak ematen ditu lan batean murgilduta, aztertzen, sakontzen, ontzen; eta aste batean irakurtzen duen baten egunkariko zutabetxo batean izugarrizkoak bota ditzake. Errespetua eskatzen dut, besterik ez. Kritika egin behar bada, egin dezatela, baina ondo irakur dezatela, ondo aztertu, eta ostean gustatu ez bazaie, edo gustatu bazaie, esan. Beti ere, arrazoitutako kritikak.
U.E.: Sonia neskalagunak egiten du. Asko zor diot berari, lanean eta bizitzan. Hainbat euskaltegitako irakaslea izan naiz, eta horietako batean ezagutu nuen. Bera ikaslea zen. Oso begi ona du literaturarentzat eta zerbait ona dela esaten didanean asmatzen du. Eta zerbaitek kale egingo duela esaten badu, esperientziak erakutsi dit arrazoia izaten duela. Idazten dudan guzti-guztia irakurtzen dit, eta bere begiaz fida naiz.
