Dokuteka
Euskarazko Wikipedia, lurretik gailurrera
25 urteko ibilbidean, mugarri garrantzitsuak lortu ditu euskarazko Wikipediak. Azkena: Wikipedia guztiek izan beharreko oinarrizko 1.000 artikuluen zerrendan lehen postuan egotea. Nola lortu dute hori?
Administrazioa Euskaraz aldizkariaren 132. zenbakian, euskarazko Wikipediaren bilakaerari eta lorpenei buruz idatzi du Ander Gartzia Badiolak. Artikuluaren zati bat duzu jarraian.

Baina zer dira aipatutako 1.000 artikulu horiek? Berez, euskarazko Wikipediak 480.000 artikulu baino gehiago dauzka gaur egun, eta ingelesak, esaterako, 5 milioitik gora (bera da nagusi). Halere, Wikipediaren nazioarteko komunitateak erabakitzen du zein artikuluk osatzen duten milako zerrenda hori. Helburua da hizkuntza guztietako Wikipediek amankomunean izatea oinarrizko ezagutza orokorra osatzen duten mila artikulu (funtsezkoenak direnak komunitatearen esanetan), izan daitezkeenak historiari, literaturari, arteari edo matematikari buruzkoak, besteak beste. Adibide bat jartzearren: biografien atalean, filosofoen eta gizarte zientzialarien artean, honako pertsonaia historiko hauek izan beharko lituzke jasota Wikipedia bakoitzak: Aristoteles, Simone de Beauvior, Chanakya, Konfuzio, René Descartes, Sigmund Freud…
Noski, artikuluen luzerak ere badauka garrantzia. Artikulu bakoitzak erabiltzaileari eskaintzen dion informazioa ahalik eta kalitate handienekoa izan dadin, ezinbestekoa da artikulu horrek gutxieneko sakontasun maila bat izatea. Horregatik, helburua da oinarrizko mila artikulu horiek, gutxienez, 30.000 byte baino gehiagoko luzera izatea. Zenbat eta artikulu gehiago izan, eta zenbat eta luzeagoak, Wikipedia horrek puntuazio handiagoa lortuko du.
Nola iritsi da euskarazko Wikipedia mailarik gorenera? Balentria horren atzean euskal wikilarien itzala ageri da (Euskal Wikilarien Kultur Elkartea). Azken hiru urte hauetan modu sistematikoan egin dute lan, xede argi batekin: zerren da osoa eguneratzea artikulu luzeekin (30.000 bytetik gorakoak). Horretarako, wikiproiektu bat abiarazi zuten, eta hilero-hilero joan dira egindako aurrerapausoen berri ematen. Wikiproiektua arakatuz gero, bertan ikus daitezke zeintzuk diren zerrenda horretako mila artikuluak. Helburua ahalik eta azkarren lortze aldera, elkarlanerako deia egin zuten euskal wikilariek: «Guztion artean egiten badugu, azkar lor dezakegu erronka, bestela urteak beharko ditugu amaitzeko». Deiari erantzunez, egitasmo horretan EHUko ikasleak ere izan dituzte bidelagun: haiek arduratu dira hainbat artikulu idazteaz edo osatzeaz.
Elkarlanean egindako lan horri esker, 2025eko abenduan lortu zuten artikulu guztiei gutxienez 30.000 byteko sakontasun maila hori ematea. Hamar artikulu hauek izan dira azkenak: giza eskubideak, tsunami, odontologia, anatomia, gortasun, erlatibitate berezia, froga matematiko, gazta, malnutrizio eta fisio nuklear.
Aurrera begirako erronkak
Urte honen amaieran, 2026ko abenduan, mende laurdena beteko du euskarazko Wikipediak, eta eskuartean badauka erronka handi bat euskal komunitateak: 10.000 artikuluen zerrendan ahalik eta artikulurik osatuenak eguneratzea. Izan ere, milako zerrendaz gain, hamar milako zerrenda bat ere existitzen da. Sailkapen horretan, 17. postuan da euskara gaur egun, entziklopedia oso sendoak dituzten hizkuntza handien alboan: 14.a da koreera; 15.a, hebreera; 16.a, txekiera; 18.a, poloniera; eta 19.a, persiera.
(moldatua)
Egilea: Ander Gartzia Badiola- IVAPeko Administrazio Hizkeraren Arloko teknikaria.
Artikulua osorik irakurtzeko, egin klik hemen.
|
HIZTEGI LAGUNGARRIA Nekez pentsatuko zuen. Zaila izango zen hori pentsatzea. |
