detalle-dokuteka-Revista-Nabarmena

Beñat Irasuegi: "Internet tresna bat da, gizarteak eraldaketarako sortu duen tresna onenetako bat"

Beñat Irasuegi (Errenteria, 1978) komunikazioan eta Interneten aditua da. Mundu hau tresna gisa ikusten du Irasuegik. Bere ustez, lanabes honek ezaugarri onak ditu, baina, hala ere, tresna guztien moduan, erabilera da garrantzitsuena. Ezagutza librearen aldeko jarrera sendoa dauka gipuzkoar honek, eta are gehiago euskarazko edukien kasuan. Hacker eta piraten kasuan ere badu iritzi argia: izen hori erabili ahal izateko, gizartearen alde egin behar dute lan.

Interneten begiratuta, zure izenaren ondoan maiz agertzen da hacktibista hitza. Zer esan nahi du?
Hacktibista hitza ordenagailuetan eta informatikan aditua den jendearengandik datorren terminoa da. Batzuk ikasketaz-edo informatikariak dira eta beste batzuk software libreari lotutako hainbat pertsona autodidakta dira. Jende honek planteamenduak egiten ditu; nik esango nuke planteamendu politikoak direla, software librea eta informatika askearen ikuspuntutik. Era berean, 90eko hamarkadatik, badago informatikari lotutako hackerren mugimendu bat. Horiek egiten zuten ekimen politikoen multzoari deitzen zaio hacktibismoa. Hori horrela zen hasieran, baina azken urteetan multzo berri bat sortu da horren barruan: informatikara Interneti esker hurbildu garenak informatikariak izan gabe. Guk tresna informatikoen erabilera aktibista-edo egiten dugu.

Beraz, informatikan interesa duzu?
Software librearen mugimendua interesatzen zait, batez ere, dauzkan baloreengatik, eta ezagutza librearen alde egiten duen lanagatik. Beraz, nahiz eta ni teknikoa ez naizen, neure burua hacktibistatzat daukat, balore horiekin bat egiten dudalako. Hacker-kultura informatikari eta softwareari oso lotuta agertu bada ere, azken urteetan badago hacker-kulturaren zabaltze bat ezagutzaren beste esparruetara: kulturara, ekonomian jarduteko moduetara...


Irasuegik uste du euskara Interneten, kalean bezala, egunero erabili behar dela. (Argazkia: Mikel Goñi)

Hacker kontzeptua maiz lotu egiten da piratekin...
Nire ustez, ez da egokia pirata kontzeptua txartzat hartzea. Azkenean, piratek edo hackerrek gizarte osoari eskaintzen diote, modu librean, guztion ondare komun gisa hartzen duten ezagutza. Ezagutza ez da esku pribatuetan egoteko kontu bat eta erabilera pribaturako bakarrik, herritar guztien eskura egon behar du. Ekintza txarrekin lotu dituzte piratak eta hackerrak, datuen lapurretarekin zein pribatutasuna urratzearekin. Nik ez nuke esango hackerrak direnik. Hackerrek gizartearen alde lan egiten dute. Kaliforniako informatika-mundutik datorren kontzeptua da, eta batez ere ezagutza librearen aldeko mugimendua da, lanaren kulturaren aldaketa proposatzen duena. Orain arte lana, aisia eta ikasketa-denborak banatzea proposatzen zen; hacker-kulturak, ordea, dena batzen du. Lana, aisia eta ikasketa osotasun gisa hartzen ditu. Gauzak pasioz, hau da, aisia balira bezala egitea proposatzen du. Askotan, gainera, irabazi-asmorik gabe izan daiteke, beste kontu bat da hortik lanbidea atera daitekeen ala ez.

Internet tresna bezala ulertuta, zertarako erabil daiteke tresna hori?
Internet tresna bat da, eraldaketarako gizarteak sortu duen tresna onenetako bat. Tresnak berak gizartearen eraldaketa eragin du. Kontua da: eraldaketa bai, baina zein bidetan? Tresna izanda, garrantzitsuena da lanabes horren erabilera nolakoa den. Internet ez da ona edo txarra. Internetek baditu ezaugarri batzuk tresna ona dela esateko; noski, hau nire iritzia da, baina betiere erabilera ona egiten badugu. Nik erabilera ona esaten dudanean, erabilera soziala esan nahi dut, hau da, gizarteari onurak ekarriko dizkion tresna.


Hackerren eta piraten ezaugarri nagusia lortutako ezagutza gizartearen alde jartzea da. (Argazkia: Roxane Ready CC-SA-BY)

Interneten informazio asko eta asko dago, baina ba al daude horren barruan mugitzeko estrategiak?
Bai, basoaren metafora erabilita, baso handia dago, eta gero eta handiagoa da. Gainera, interes asko gurutzatzen dira baso horretan. Beraz, gutako bakoitzak egin behar du bere ariketa propioa baso horretan bidea aurkitzeko. Hori oso garrantzitsua da. Orain arte ohituta geunden informazioa jasotzen, beste batzuek sortzen zuten informazioa, baina jasotzailea modu pasiboan ikusten zen. Informazioa sortzen zen eta herritarrok jaso egiten genuen. Lehen bagenekien, ETB ikusiz gero, informazio mota bat jasoko genuela; El Pais irakurrita, beste bat; baina Interneten ez dakigu iturria zein den, informazio-uholdearen ondorioz. Ez dakigu iturriak atzetik zer daukan... eta ondorioz, lehen baino errazago onartzen dugu informazio guztia baleko informazio gisa. Beraz, lehen baino garrantzitsuagoa da jasotzaile kritikoa izatea.

Interneten denetarik aurki daitekeela esan ohi da. Hala ere, gero eta ohikoagoa da gune bakar batetik sarera sartzea. Denok Google bilatzailera jotzen dugu informazio bila.
Internet tresna bat da, konfigurazioz oso tresna irekia, teknikoki. Egia da web 2.0 famatua etorri arte oso irekia izan zela, bilatzaile asko erabiltzen zirela; baina horren ondoren gauzak aldatu egin ziren. Finantzaketa-aukera dago aldaketaren hasieran. 2.0 garai horretan, Estatu Batuetan bazegoen finantzaketarako aukera handia, eta hango zenbait enpresak ikusi zuten bazegoela Internetetik errendimendu ekonomikoa ateratzea. Horretarako, informazioa zentralizatu behar zen. Hau da, Internet berez modu deszentralizatuan osatuta dago. Dirua ateratzeko, egin beharreko bidea estutu egin behar da, eta Internet zentralizatu. Google bilatzailea nagusitu zen; sare sozialak, batez ere Facebook eta Twitter, zentralizazio-tresna izan dira. Erabiltzaileak gune batera eraman dituzte horiek guztiek. Facebook enpresa da, Google enpresa da, Twitter enpresa da... Mundu honetan gabiltzanok ere erreminta horiek erabiltzen ditugu pragmatismoa dela-eta, baina zer diren jakin behar dugu, eta beti ezagutu behar ditugu beste tresna batzuk.

Duela hamabost bat urte, Internet gizarteratzen hasi zenean, mapen beharrez hitz egiten zen. Posible al da horretaz gaur egun hitz egitea?
Gaur egun kasik ezinezkoa iruditzen zait. Hau da, gehiago behar dugu iparrorratza eta zentzumena itsaso horretan ibiltzeko. Guk, alde horretatik, euskara dela-eta, zorte handia daukagu. Euskarak duen tamaina kontuan izanik, nahiko maila aurreratuan gaude: informazioa euskaraz ere badago, tresnak ere badaude... baina erabiltzaile-kopurua mugatua da. Ekimenak egingo dituzten pertsonen edo taldeen mapa egingarria izango da. Honek arazoa dauka. Hizkuntza dela-eta, ez da lortzen Internetek ematen duen hedatze masiboa. Baina, tira, inguruan beste hizkuntza batzuk ditugu eta horiek ere erabiltzen badakigu.



Internet komunikaziorako tresna teknologikoa izanik, komunitatea sortzeko balio du. (Argazkia: SEO CC-SA-BY)

Internetek ez du salbatuko euskara, baina euskara salba al daiteke Internet gabe?
Euskara Interneten egon badago eta nahiko ondo gainera. Euskara Interneten ez balego, galtzeko bidean legoke. Bizitzaren eremu guztietan egon behar du eta Internet horietako bat da. Euskarazko eduki libre gehiago egotea falta da Interneten. Ezagutza da Interneten lehengaia, eta ezagutzaren jabetza gakoa da jakiteko zein ekonomia eta gizarte-mota izango ditugun. Informazio guztia modu librean egotea behar dugu. Horren adibide da Auñamendi entziklopedia; Wikipediaren barruan dago. Hori ez da eredu bakarra, egon liteke beste tokiren batean, baina modu librean egoteak ekarri du informazio hori eskuragarri eta erabilgarri izatea. Hori lotuta egoteak erabiltzaileok beste hizkuntzetako edukietara jotzea ekarriko luke. Informazio librea errazago hedatzen da Interneten.
 

Internet hitza nola idazten duen galdetu dio Mikel Goñik Beñat Irasuegiri. Hementxe duzu audioa:


Jaitsi
Transkripzioa:[+] Transkripzioa:[-]

Nola idazten duzu zuk Internet hitza. I larriarekin eta Internet bakar gisa edo internet izen arrunt gisa?
Nik letra txikiz idazten dut, baina badakit handiz idatzi behar dela. Osea... ondo idatzita, teorian, I larriz. Niretzako “I” txikiarekin tresna bat delako. Esan nahi dut: oso garrantzitsua, eta esan dizut...  gizartea eraldatu du, ez duela aldatu... eraldadatu du... baina batez ere funtzionamendua eta informaziorako paradigmak ez du aldatu... ez du gizarte justuago bat egin. Ezta ere demokratikoagoa. Zergatik? Ez dugulako masiboki egin tresna horren erabilera gizartetik ere nire ustez... baina beno. Baina nik letra txikiz, niretzako tresna bat delako. Eta ez diogulako hortik haragoko tresna gehiago eman behar. Tresna oso garrantzitsua... ni adibidez... hau Talaios kooperatiba sortu eta Interneten oinarrituta dago egiten dugun guztia, esango nuke. Esan nahi dut. Gure funtzionatzeko moduak, era bat lotuta dago Internetek ekarri duen paradigma aldaketarekin. Eta guretzako oso-oso garrantzitsua da baina... baina hori, askotan arazoa izan da; batez ere web 2.0 horrekin-edo, pentsatzea tresnak berak eraldaketa suposatzen duela. Eta ez. Tresna da eraladaket... izan daiteke, eraldaketatarako tresna, ez da eraldaketa.

detalle2

Dokuteka

B2
2014-06-16

x61pRelaContWAR

16164592
01:33

x61pViewCountWAR

2239

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR