Dokuteka
Subiranotasun digitala
Subiranotasuna kontzeptua politikari lotu zaio beti, herri batek erabakiak hartzeko gaitasunari buruz hitz egiteko. Hedaduraz, beste alor batzuetan ere erabiltzen hasi da: energetikoa, ekonomikoa... baita digitala ere.
Horretarako, baliabide teknologiko eta ekonomiko handiak behar dira, eta mundu mailan oso herrialde gutxik dituzte. Europa ez dago horien artean, eta beste zenbait arlotan gertatu den bezala, atzean geratu da esparru honetan ere.
AEBko plataforma teknologiko handiekiko menpekotasuna erabatekoa da. Enpresa horiek azpiegitura digital estrategikoak eta eguneroko tresna digital garrantzitsuenak kontrolatzen dituzte, datu kopuru izugarriak metatzen dituzte eta eragin zuzena eta erabakigarria dute enpresa, erakunde eta gizarte osoaren funtzionamenduan.
Egoera horren aurrean, Europako Batzordeak azken hilabeteetan plataforma handien aurkako ofentsiba indartu du. Adimen artifizialeko sistemak entrenatzeko edukiak baimenik gabe erabiltzeari buruzko ikerketak zabaldu ditu, milioika euroko isunak ezarri ditu publizitate digitaleko praktika antilehiakorrengatik, datu pertsonalen erabilera intentsiboan oinarritutako negozio-ereduak aldatzera behartu ditu, sare sozialetako gardentasun-betebeharrak ez betetzeagatik zigorrak ezarri ditu, eta neurriak hartu ditu lehia eta erabiltzaileen aukeratzeko askatasuna babesteko.
Neurri horiek teknologia modu arduratsuan erabiltzera bideratuta daude, baina ez diote arazoaren muinari erantzuten. Benetako erronka plataforma eta tresna propioak garatzea da, menpekotasuna murrizteko, eta horrek inbertsio handiak eta epe luzeko politika estrategiko eta bateratuak eskatzen ditu. Bitartean, kanpo eragileen erabakien menpe jarraituko du Europak ezinbestekoak diren tresna digitalei dagokienez, eta gaur egungo mundu testuinguruan, zalantzarik gabe, arrisku handiko egoera da hori.
(moldatua)
Egilea: Jon Etxeberria
Irudia: Pixabay
|
HIZTEGI LAGUNGARRIA Menpekotasuna erabatekoa da. Beharra osoa da; haiek gabe, ez dago ezer egiterik. |
