detalle dokuteka-generico-fitxa

Izenen izana: Janire

Jakingo al zenuke esaten nondik datorren zure izena? Jakin nahiko zenuke? Janire bada zure izena, zorteko zara, testu honi esker.

Antza, neska-izen hau Greziatik datorkigu: Janira pertsonaia mitologikoa da, ozeanidoa, Tetis ninfaren eta Ozeano titanaren 3.000 alabetako bat; hala dakar Hesiodo poetaren Teogonia obrak (Jainkoen jatorria, K.a. VII/VIII. m.). Beste bertsio batean, nereida da, Nereo (itsasoaren jainkoa) zein Doris ozeanidoaren (hots, Ozeanoren alaba) 50 umeetako bat. 

Hala, izenaren erroa ianira da, zeinak “joniarren andrea” esan nahi duen (Jonia Antzinako Greziako lurraldea zen, Egeo itsasoaren ertzean, egungo Turkian). 

Dena den, bestelako iturri posibleak ditu, zein baino zein bitxiagoa: Tenerifeko guantxera (ederra); Nayiri toponimoa (Armeniaren izenetako bat); euskara bera, inar (txinparta) hitzetik; Jeanne izen frantziarraren txikigarria... Gure ustez, tesi heleniarra da errazena, baina euskal ukituaz: Janira + (n)e (Sabino Aranaren amaiera femeninoa) = Janire (Ana/Ane, Libia/Libe edo Alizia/Alize bezala). 

Zalantzarik gabe, arrakasta handia lortu du: 3.397 Janire daude Espainiako Estatuan, Bizkaian gehien; adibidez, Janire Saez Castaño mikrofluidoen ikertzaile barakaldarra edo Janire Arrizabalaga bertsolari gernikarra. 

Izenari ez zaio ahizparik falta: Yanire (780, Araban batez ere), Janira (1.039, Katalunian batik bat), Yanira (7.743, Kanarietan nagusi)... 

Egilea: Aitor Fernandez de Martikorena. Hilero aurkezten du pertsona-izenen baten jatorria aizu! aldizkarian: etimologia, aldaerak, zenbatek duen izen hori... 

Irudia: chatGPT

HIZTEGI LAGUNGARRIA 

Antza. Dirudienez, ematen duenez. 
Ozeanidoa. Ibaietako jainkoa, greziar mitologian. 
Nereida. Itsasoko lamia, greziar mitologian. 
Izenaren erroa
. Izenaren jatorria, sorburua.  
Nayiri toponimoa. Leku baten izena: hiri batena, mendi batena, ibai batena... 

 

detalle2

Dokuteka

B1
2025-10-17

x61pRelaContWAR

31875957

x61pViewCountWAR

1874

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR