Biharamunaren kezka
Oporren amaierak estresa, ezinegona eta urduritasuna sortzen die bat baino gehiagori; datorkeenaren arduragatik unea alferrik galtzeak merezi ote du baina?
Andoni Egañak bere hausnarketa egin du Euskadi irratiko Amarauna saioan.
Irudia: Silvia, Pixabay
Andoni Egaña
Estresa definitzen erraza ez da. Kontu askok sor diezaguke estresa. Egoera askotan senti genezake. Niretzat estresa da datorkeenaren ardurarengatik unea alferrik galtzera garamatzan zera hori. La(u)rogeiko hamarraldian, gazte ginela, Ameriketako Estatu Batuetatik heldu zitzaigun berria. Han jendeak igande arratsaldea alferrik galdu egiten zuela, astelehen goizean lanera joan behar zuelako. Garai hartan, igande iluntzea ere txikiteoan ematen genuen guk, hala zen ohitura hemen, eta harrigarri iruditzen zitzaigun biharamunaren kezkak igande arratsaldea alferrik galaraztea. Etorriko zen biharamuna, bixamon-eta guzti, batzuetan. Orain, egun, majo aldatu dira gauzak. Hemen ere kanpoko ohitura haiek nagusitu direla esango nuke.
Oporrei dagokienez ere, aldatu egin dira kontuak. Lehen, orobat, abuztua izaten zen opor-bolada. Orain, udako hilabeteetan banatuagoak izaten dira oporrak eta askok udalditik kanpo hartzeko aukerari heltzen diote. Halere, oraindik, opor-hilabete nagusia abuztua dela esango genuke, eta asteburu hau izaten da mingotsa oporrak abuztuan eta denak segidan hartu dituen langilearentzat. Abuztuak 18, 19, 20 igande arratsaldea dira. Berehalaxe da irailaren lehena, hots, astelehen goiza. Eta langileak sentitzen du joan zaiola atseden-garaia, erdia baino gehi(ag)o jan diola oporraldiari, aitaren batean pasatu zaiola orain artekoa.
Irakasleena da oporrak segidan hartzen segi duen horietako langile-talde bat. Derrigor hartu behar segidan eta data jakinetan. Eta badut ezagun bat, irakaslea bera, ohitura bitxia zuena. Behin abuztuaren 18, 19, 20tik aurrera, ez zen sekula erosketak egitera merkatalgune (merkataritza-gune) handietara joaten. Ezin zuen eraman hango txartelen esana eta ugaritasuna: “Vuelta al cole”, “Eskolarako materialak merkealdian”, “Prestatu zaitez ikasturte berrirako” eta abar eta abar. Odol txartu egiten omen zen gogorarazten ziotenean, eta ez zen joaten. Denda txikientzat mesede! Orain, nire ezaguna jubilatu berria da, eta lasai joango omen da asteburu honetan ere merkatalgune handietara. Irribarre maltzurra loratuko omen zaio iragarki horiek irakurtzean.
Izan ere, aditz bat modan jartzen denean, modan jartzen da benetan. Eta, orain, antizipatu hitza jarri da oso modan. Aurrea hartu behar zaio denari. Frantziako Tourrean ere “Ihesaldian sartu nintzen aurrea hartzeko” esango dute txirrindulariek etapa-amaieran. Eta nik ez dut uste beti eta denerako ideia onegia denik. Opor- eta lan-kontuetan, behintzat, ez. Ez antizipatu, bestela ere etorriko da-eta lana. Hala esan zidan lehengoan pertsona edadetu batek: “Hiltzeko beldurrez bizi ez dena, hilda zagok”. Ba, horixe, abuztuaren 18, 19, 20koak ere ederrak dira.