Hizkuntza-bidaiak

Zapla! podkastak hizkuntza-ohiturak aldatzeko tresnak, testigantzak eta baliabide ezberdinak eskaintzen ditu: Euskaraldiaren ariketa sozialean aurrera egiten laguntzeko gida da. Bigarren podkastak hizkuntza-bidaiak ditu hizpide.

Zapla! Euskaldunen Topaguneak eta Euskaraldiak Eitb-rako sortutako podkasta da. 

Audioa osorik entzun nahi izanez gero, klikatu hemen

 

 

 

 

Irudia: Eitb

HIZTEGI LAGUNGARRIA

Zer demontre pasatzen zaio horri? Zer arraio gertatzen zaio horri?     

Bizimodua onera aldatu. Bizimodua hobetu, on bidean jarri.  

Bidaia egiteko irrikitan. Bidai egiteko irrikaz, gogo biziz.  

Hautu horri esker. Aukeraketa horri esker.  

Erabakiak gauzatzeko baina. Baina erabakiak gauzatzeko, erabakiak posible egiteko edo gerta daitezen.   

Hizkuntza-bidaiak izango ditugu hizpide. Hizkuntza-bidaiei buruz hitz egingo dugu.  

Bidelagun egokiak. Bidaide aproposak.  

Solaskideak. Hizketa-lagunak.  

Alboan izatea. Aldean, ondoan izatea, gainean edo soinean eramatea.  


Jaitsi
Transkripzioa:[+] Transkripzioa:[-]

Off ahotsa. Zapla podkasta, hizkuntza-ohiturak aldatzeko Euskaraldiaren gida.  

Pertsonaia 1. Hara! Egun on, bikote! Zer moduz? Eguraldi goxoa gaur, e!  

Pertsonaia 2. Agur. Bai! Zer demontre pasatzen zaio horri? Irriparra (irribarrea) ahotik kendu gabe dabil aspaldian. Maitemindu egin da ala?  

Pertsonaia 3. Batek daki! Armairutik atera denetik bizimodua onera aldatu egin omen zaio.  

Pertsonaia 2. Uf! Ez nekien erreprimituta bizi zenik.  

Pertsonaia 3. Bai, antza. Baina hizkuntzaren armairuaz ari naiz, motel! Euskara zuen izkutatuta oraintsu arte.  

Pertsonaia 2. Hau? 

Off ahotsa. Bigarren atala: euskaldun baten hizkuntza-bidaia 

Esataria 1. Entzuleok, eta zu zeu, Juan Kruz, bidaiatzeko prest?  

Esataria 2. Bai ba! Gure entzuleekin bidaia egiteko irrikitan. Gainera, maleta prest daukat.  

Esataria 1. Tira ba! Ekin diezaiogun. Erabaki bat hartzeko gaitasuna edukitzea da gizakiok daukagun ahalmenik garrantzitsuena, eta hautu horri esker gauzen bilakaeran eragiteko daukagun ahalmena, berriz, izugarria da.  

Esataria 2. Erabakiak gauzatzeko baina barne-bidaiak egin behar izaten ditugu batzuetan. Badira ibilbide laburreko bidaiak dakartzaten erabakiak eta badira urrutira daramatzatenak, ahalegin handiagoa eskatuta mundu berriak bizitzeko aukera ematen digutenak.      

Esataria 1. Hizkuntza-bidaiak izango ditugu hizpide, hizkuntza-hautuen ondorioz egiten diren bidaiak. Ez dira beste bidaia batzuekiko oso ezberdinak beharbada, baina hizkuntza-bidaiek badituzte ezaugarri propioak ere.  

Esataria 2. Inertziak astintzeak, ohiturak aldatzeak ahalegina eskatzen duen prozesu bat dakarte. Kontzientzia horrekin abiatu behar da bidaia, bidean oztopoak aurkituko ditugula jakinda, baina batez ere bidea gozagarria ere izan daitekeela sinetsita.  

Bidean garaipen txiki asko bizi eta ospatuko ditugu. Eta topatuko ditugun oztopoetatik ikasi eginen (egingo) dugu, bidaia indar handiagoz jarraitzeko.  

Esataria 1. Bidelagun egokiak izatea ere garrantzitsua da, hizkuntza-ohiturak aldatzeko konplize izango ditugun solaskideak, gure erabakiei eusten lagunduko digutenak.  

Esataria 2. Adituek bidaia-bitakora bat alboan izatea ere gomendatzen digute, bidaian bizi ditugunak jaso eta partekatzen lagunduko digun koadernoa.  

Esataria 1. Bidaia norberarena izango da beti baina beste askorekin batera eginda errazagoa izango zaigu. Euskaraldiaren ekarpenetako bat hori izan da hain zuzen:  norberarena den ariketa bat beste milaka lagunekin batera konpartitzeak giro babestua eskaintzen digu hizkuntza-praktika berriak probatzeko.      

B2 C1
2022-11-08
29982534
00:02:57
2498