Euskaraz eroso aritzeko

Eguneroko hainbat egoeretan zail egiten zaigu euskara mantentzea eta, batzuetan, deseroso ere senti gaitezke. Zapla! hirugarren podkastean ahalduntzeaz aritu dira: euskaraz edonon eta edonorekin eroso eta kontzienteki aritzeko baliagarri izan litezkeen baliabideez hain zuzen ere.

Zapla! Euskaldunen Topaguneak eta Euskaraldiak Eitb-erako sortutako podkasta da. 

Audioa osorik entzun nahi izanez gero, hemen klikatu.

 

 

 

 

 

Irudia: eitb

HIZTEGI LAGUNGARRIA

Kontua da hizkuntzak hiztuna behar duela. Gauza da hizkuntzak hiztuna behar duela.        

Euskal hiztunak alde ez duen. Euskal hiztunak aldeko, berarekin bat ez duen.

Bere hitzaren jabetza eskuratu. Bere hitzaren edo mintzaldiaren jabe izatea lortu.  

Gogoeta bultzatu. Hausnarketa sustatu, eragin.  

Nola mantentzen dira portaera asertibo horiek? Nola eusten zaie jokamolde asertibo horiei?

Horretan aritu beharrean. Horretan aritu ordez.  

Nekeza izan daitekeen arren. Nahiz eta neketsua edo zail samarra izan daitekeen.  

Baliagarri direnak. Balekoak edo erabiltzeko modukoak direnak.  

Gure mintzakideak. Gure solaskideak, alegia.  

Noraino diren gutxienez ulertzeko gai. Gutxienez zein punturaino  ulertzeko gauza diren edo ahalmena duten. 

 


Jaitsi
Transkripzioa:[+] Transkripzioa:[-]

Off ahotsa. Zapla! podkasta, hizkuntza-ohiturak aldatzeko Euskaraldiaren gida.  

Esataria 1. Monika, zer, ekinen diogu 3. atalari?

Esataria 2. Aurrera, Juan Krutz, nahi duzuenean.  

Esataria 1. Kontua da hizkuntzak hiztuna behar duela. Eta euskal hiztunak alde ez duen testuinguru batean bere hitzaren jabetza eskuratu behar du euskaraz eroso bizi ahal izateko. 10 urte baino gehiago dira Euskal Herrian ere euskal hiztunak ahalduntzeko saioak eskaintzen direla. Milaka lagun pasa dira saio hauetatik. Gerora etorri dira Euskaraldia eta hizkuntza-praktikak oinarri dituzten bestelako ekimenak.  

Off ahotsa. Zapla!

Esataria 2. Inaxio Usarralde, Euskal filologian lizentziatua. Azken urteetan hizkuntza-portaeren eremuan ari da lanean, Telp tailerretan gidari, besteak beste. Ongi etorri Zapla! podkastera.  

Inaxio Usarralde filologoa. Eskerrik asko.  

Esataria 2. Inaxio, zeintzuk dira Telp tailerretan bultzatzen dituzuen portaerak?  

Inaxio Usarralde. Bueno, ba nagusiki, eta inori leziorik emateko asmorik gabe eta, bueno, gogoeta bultzatu nahi dugu, ezta? Hainbat egoeratan ez dagoela, ez dagoela zertan aldatu beharrik hizkuntzaz. Hori ikusarazten dizu nolabait, eta klaro, hori egiteko ba ahalik eta modurik erosoenean, progresibotasuna kontuan ere hartuz, asertibitatean oinarrituta egin dezazun… Hortik, bide hortatik aholkatuko digu, ezta?

Esataria 1. Estres linguistikoa bizi dugun egoeretan nola mantentzen dira portaera asertibo horiek? Zeintzuk dira portaera horiek indartzeko kontuan hartu beharrekoak, Inaxio?  

Inaxio Usarralde. Ba bizitzan, beste gauza askotan bezala, zer ari garen kontziente izatea da lehen urratsa, ezta? Hizkuntza hautatzen ari garenean ba estres-egoerak, deserosotasunak sortzen zaizkigu egunerokoan, eta horiek nigan eragina badutela konturatu behar dugu, hasteko. Behin hori eginda, geure burua eta ondokoa zigortzen eta errua nork duen eta elkarri, horretan aritu beharrean, ba egoerari nola buelta eman eta nola indartu, nola ahaldundu pentsatzen hasi beharko genuke gehiago, nire esku dagoen horretan arreta jarriz, ezta? Ahalduntze horretan oso gomendagarria da asertibotasunaren bidea, beti-beti horri eustea ere nekeza izan daitekeen arren. Hori ere esan beharra dago. Alegia, geure hizkuntza hautatzen dugulako ez dugu ez inoren (aurrean) eta ez inon lotsatu behar. Geurea ere bada beste edozein bezain duin. Eta hori neuk bakarrik egin beharrean inguruan aliantzak osatzen baditut, orain Euskaraldian, Euskaraldi-garaian gertatuko den bezala, biderkatu egingo zaigu nabarmen euskaraz bizi ahal izateko espazioen kopurua.  

Esataria 2. Zein motatako baliabideak dira baliagarri direnak hiztunak ahalduntzeko.  

Inaxio Usarralde. Baliabideez hitz egiten dugunean geure baitatik sortuko diren horietaz ari gara. Guretako bakoitzak, hainbat egoeren aurrean, zergatik gaztelaniara edo frantsesera aldatzen duen galdetuko bagenio geure buruari, ba lehen-lehenik geure aurreiritziekin egingo dugu topo. Eta hain juxtu, aurreiritzi horiek deseraiki behar ditugu. Edonoren aurrean eta edonon euskaraz hastea gure herrian joera normala edo naturala behar lukeela sinistarazi behar diogu geure buruari, hasteko. Halaber, geure mintzakideak ere interpelatu behar ditugu maizago, noraino diren gutxienez ulertzeko gai.

Garrantzitsua da horiek nola eskatzen ditugun, aldi berean. Gure eta mintzakidearen arteko barne-emozioak kontuan hartu behar ditugu, geure gorputz-adierazpena ere zaindu… Ez inor baino gehiago, baina ezta gutxiago ere… Parez pare gaudela, hizkuntza-oreka berriak aurkitu nahi ditugula… Eta hori momentu oro argi ipiniaz, ezta? Mintzakideen artean jende ugari topa dezakegu, gainera, geurekin bat egiteko gogoz dagoena. Probatzeak merezi du: ez dugu galtzekorik euskaldunok.

B2 C1 C2
2022-11-15
30007095
00:03:59
1029