Ekozidioa

Lurraren nazioarteko eguna da apirilaren 22a. Aitzakia hori hartuta, Ekozidioa zer den ba al dakizu? Ba delitu-mota bat da, edo hala izatea nahi dute, ekologiarekin zerikusia duena.

Baina horretarako hitza definitu egin behar da, definizioa adostu, alegia, ekozidioa zer delitu-mota izan daitekeen adostu. Adostasunaren bidetik urratsak ematen hasiak dira nazioartean.

Ekozidioaren berri izan nahi baduzu, entzun Euskadi Irratiko Faktoria saioko audio-pasartea.

 

 

Irudia: Wikipedia Commons (CC BY-SA 4.0)

HIZTEGI LAGUNGARRIA

Delitugileak penalki jazarri. Delitua egiten dutenak bide penaletik epaitzeko pertsegitu.
Lur planetako bizi-organismo guztiei erasaten diete. Lur planetako organismo bizi guziei eraso egiten diete. Eragin, kalte egin.
Hondamendion erantzuleak kriminalizatzeko bideak zorrozteko. Hondamendi horien errua edo ardura dutenak kriminaltzat jotzeko bideak zorrozteko. 
Haga. Herbehereetako hirugarren hiririk handiena. Bertan dago Nazioarteko Justizia Auzitegia.
Genoziden pare kriminalizatzeko. Genozida gisara kriminaltzat jotzeko. 
Delitua jasotzekotan egon zirela. Delitu izaera emateko gutxi falta izan zela. 
Propio egina. Berariaz, nahita egina. 
Legez kanpokoak eta neurrigabeak. Ilegalak eta neurriz kanpokoak. 
Ustezko onuren. Zerbaiten alderdi edo ondorio ona, itxuraz. 
Hagan onartu eta estatutuetan erantsi dezaten. Alegia, Hagan onartu eta nazioartean aplikatzen diren legeetan sar dezaten. 
Segurtasun-protokoloak zeuden, eta urratu zituzten. Segurtasun-protokoloak urratu edo hautsi. 
Hitz xehea oraindik adosteko dago. Hitz zehatza ez da oraindik erabaki.  
Hastapenetan daude, beraz. Beraz, hasieran daude.


Jaitsi
Transkripzioa:[+] Transkripzioa:[-]
Esataria 1. Goizeko bederatziak eta hamabi minutu dira. Eta gaiz aldatu behar dugu, ingurumen-delituei eskainiko baitizkiegu Faktoriako hurrengo minutuak, ingurumen-delituei, edo hobe esanda, ingurumen-delitu eta delitugileak penalki jazarri eta epaitzeko aukerari. 
Esataria 2. Eskala handiko ingurumen-suntsiketek Lur planetako bizi-organismo guztiei erasaten diete egunero-egunero. Amazoniaren deforestaziotik (basogabetzetik) etxe alboko ibaien kutsatzera [kutsaketaraino]. Klima-larrialdia areagotu, eta egunero denon bistara gertatzen ari den honetan indarberritu egin da eztabaida, nazioarteko arauak berrikusi eta hondamendion erantzuleak kriminalizatzeko bideak zorrozteko. Mikel Rotaetxe, egun on. 
Mikel Rotaetxe kazetaria. Egun on.
Esataria 2. Eta testuinguru horretan jaio da delitu-mota berri hori, aipatzen genuena: ekozidioa. 
Mikel Rotaetxe. Bai. Bigarren Mundu Gerraren biharamunean, holokaustoak eragindako trauma kolektibo betean definitu zituzten lehen aldiz genozidio delitua eta gerra eta gizateriaren aurkako krimenak. Delituok ikertu eta epaitzeko sortu zuten Nazioarteko Zigor Auzitegia, Hagan, Erromako estatutuaren araudipean. 23 urte geroago, mundu-mailako mugimendu batek delitu berria gehitu nahi dio estatutu horri: ekozidio delitua. Hain zuzen, natur baliabideen suntsitzaileak genoziden pare kriminalizatzeko. Ekozidioaren ideia, nolanahi ere, ez da berria. 
1972an, lehen aldiz, aipatu zuen Olof Palme, Suediako Lehen ministro sozialdemokratak, eta Hagako Auzitegia sortu zutenean ere delitua jasotzekotan egon zirela gogoratu dio Euskadi Irratiari Jojo Metha Stop Genocide mugimenduko buruak. 
Jojo Metha ekintzailea. Nazioarteko Zigor Auzitegia sortzen ari zela, bazen plana ingurumenaren aurkako kalte larria itunean jasotzeko, baina azken unean erori eta ez zen agertu testuan. Gerra-krimenak jaso zituzten, genozidioa, gizateriaren aurkako krimenak eta berrikitan, eraso-krimena. 
Mikel Rotaetxe. Baina aurten heldu da mugarria. Stop Genocideren ekimenez, nazioarteko 12 juristek adostu dute azkenean definizio zehatza. 
Jojo Metha. Ekozidioa da legez kanpoko edozein ekintza, propio egina eta jakinez ingurumenaren aurka epe luzerako kalte larri eta orokortuak eragiteko aukera dagoela. Kalteak behar du larria, serioa, nazioarteko krimenaz ari garelako. Eta mina eragiten duten ekintzok behar dute legez kanpokoak eta neurrigabeak, desorekatuak eragindako kalteen eta eragindako ustezko onuren artean. 
Mikel Rotaetxe. Hori definizioa, eta abian bidea, lobby-lanak (presio-lanak) gobernu eta nazioarteko erakundeen egoitzetan, ekozidioa Hagan onartu eta estatutuetan erantsi dezaten. Eta lortuz gero, ze hondamendiren erantzuleak epaitu litezke, adibidez?
Jojo Metha. Fukushima bezalako hondamendiak, adibidez. Segurtasun-protokoloak zeuden, eta urratu zituzten, eta emaitza hondamendi ekologikoa izan zen. Edo Nigerren deltan petrolioa isuri dute hamarkada luzez, nahita. Edo Amazoniaren deforestazioa, eta koral-sistemen suntsitzea. 
Esataria 2. Ekozidioa onartzeko bidean presioa eta lobby-lanetan ari dira, beraz. Zer puntutan dago prozesu hori, Mikel?
Mikel Rotaetxe. Ba kontzeptua definitzea bada berez urrats nabarmena, hitz bakoitza zehaztasun erabatekoz aukeratu dutelako. Orain xehetasunak finkatu behar dira. Printzipioz pertsonak epaitu nahi dituzte, ez gobernu eta enpresak. Baina hitz xehea oraindik adosteko dago, e! Bidea ez da erraza eta ez dago oso argi, beraz, esate baterako, nola frogatuko duten triskantza ekologiko bat, hondamendi ekologiko bat nahita eragindakoa ote den. Hastapenetan daude, beraz, baina Jojo Metha baikor azaldu da.
B2
2021-09-13
28711463
00:04:11
2459