Antibiotikoen erabileraren ondorioak

Diotenez, antibiotikoak behar baino gehiago erabiltzearen ondorioz, munduko ibaietan eta itsasoetan kezkatzeko moduko kutsadura ari da sortzen.

Antibiotikoen gehiegizko erabileraren beste ondorio garrantzitsua da antibiotikoei erresistentzia dieten bakterioak ugaritzen ari direla. Juanjo San Miguel kazetariak gaiari buruzko zenbait datu azaldu eta aztertu ditu. Eta Felix Zubia medikuak arazo horren eragileei eta ondorioei buruzko zenbait azalpen interesgarri eman ditu. Elkarrizketa osoa hemen entzungai.

Teknopolis saioko bideo-erreportaje honetan gaiari buruzko informazio gehigarria duzu.


Jaitsi
Transkripzioa:[+] Transkripzioa:[-]

AURKEZLEA.- Antibiotikoak geure kasa eta askotan behar baino gehiagotan hartzen ditugula aski ezaguna da, eta horrekin kontuz ibili behar dugula ere ohartarazi digute alde askotatik. Bestalde, sarri eta sarriago ari gara jasotzen beste mezu hau ere: antibiotikoei erresistentziak geroz eta handiagoa dien bakterioak ugaritzen ari direla
Eta ondorioz, geroz eta… edo beno, kasu geroz eta gehiagotan ez digutela funtzionatzen. Eta oraintsu jakinarazi digute munduko ibai handietan antibiotiko-kopuruak behakor lukeen arrisku-mailatik oso gora daudela. Yorckeko unibertsitateak egin du azterketa eta hor agertzen denez ibaietako antibiotiko-kutsadura horrek ondorio larriak izan ditzake gure osasunarentzat. Juanjo San Miguelek emango dizkigu daturik azpimarragarrienak.

JUANJO SAN MIGUEL.- Mundu guztiko ibai eta itsasoetan botika eta antibiotiko-kopurua gero eta handiagoa da, eta itxuraz badu eragina itsasoko alga eta arraietan. Orain, berriz, Yorckeko unibertsitateak egindako ikerketak dio munduko ibai handi guztietan antibiotiko asko dagoela, gizakiok botatako hondakin organikoak dira horren eragile nagusi. Hori eta ur-araztaileetan ez dutela ura behar bezala garbitzen. Oraindik ikertzen ari dira aurkikuntza honen ondorioak, baina adituek diote larriena izan litekeela antibiotikoei aurre egingo dioten bakterioak sortuko direla eta gaixotasunak ugaldu eta gogortu.

AURKEZLEA.-  Beno, Felix. Gai potoloa da hau e.

FELIX ZUBIA.- Bai.

AURKEZLEA.- Antibiotikoen izaera honekin kezkatuta, medikuak ere.

FELIX.- Bai, eta geroz eta gehiago entzuten ari garena da, eta entzungo duguna.  Eta horrek egingo duena da ba bakterioak gogortu egingo zaizkigula eta antibiotiko horien eraginkortasuna galdu egingo dela. Eta esaten dute geroz eta gehiagora joango den arazo bat dela. Beno, pentsa e. Espainiar estatuan, esaten dute, azken urtean heren batek antibiotiko bat hartu duela, biztanleriaren…

AURKEZLEA.- Hirutik batek.

FELIX.- Hirutik batek. Eta gure artean ere, hortxe nonbait ibiliko ginateke. Beste datu batzuk emateko, antibiotiko erresistente hauek urtean Europan hogeita hamahiru mila heriotza eragingo lituzkete, Espainiar estatuan hiru mila heriotza urtean, eta pentsatzen da 2.050 urterako hamar milioi heriotza eragingo dituztela.

AURKEZLEA.- Eta Juanjok azaldu digun bezala munduko ibairik handienak  hain kutsatuta egoteak azkenean antibiotikoa zabaltzea dakar, ez?

FELIX.- Hori da. Horrek adierazten diguna da antibiotikoen erabilera ikaragarria dela. Eta hori, ba, beldurra zein da? Ba, 1.928ko egoera hartara bueltatzea. Eta benetan infekzioak, berriz, hilkortasun handien sorburu izatea, eta gure bizi-itxaropena murriztea, ez? Esan dugun bezala, 2.050erako batzuek diote hamar milioi heriotza sortuko direla munduan, pentsa  zer den hori, ez?

AURKEZLEA.- Izugarria da.

FELIX.- Orduan, beldur hori badago. Eta bigarrena, eta hau behar bada ez zaigu hain ezaguna egingo da animaliak hazteko antibiotikoak erabiltzen direla. Eta ibaietara iristen zaizkigun antibiotiko gehienak animalietatik datoz, ez? Animaliak azkar hazteko eta ez gaixotzeko antibiotikoak ematen zaizkie, eta animalietan emandako antibiotiko horiek guregana iritsiko zaizkigu, bai edandako uraren bitartez, bai okelaren bitartez, bai bestelako elementuen bitartez. Azkenean berriz guregana iritsiko zaizkigu.

AURKEZLEA.- Zikloak buelta emango du.

FELIX.- Buelta emango du.

AURKEZLEA.-  Harrapatuko gaitu ez?

FELIX.- Berriz ere sortuko zaizkigu antibiotiko erresistenteak, eta hortxe gabiltza.

 

B2 C1
2019-09-09
20770081
03:36
3905