Olinpiar jokoak, une historikoen isla

Lau urtez behin antolatzen diren olinpiar jokoak, ez dira kirol ekitaldi soilak: politikaren, gizartearen eta nazioarteko harremanen isla izan dira. Historiaren zati, alegia. Faktoria saioan jokoen alderdi gorabeheratsu hori izan dute hizpide.

Faktoria saioan, olinpiar jokoetako hainbat gertakariren inguruko bidaia egin dute.

Entzungai osoa, esteka honetan. 

 

 

 

Argazkia: Gerhard G/ Pixabay

 

HIZTEGI LAGUNGARRIA

Hastear dauden bidetik hasi. Hasteko puntuan dauden egoera beretsuan hasi. 
Inperio zaharren gainbehera betean. Inperio zaharren erabateko erorialdian, botere galtzean.
Historia liburuetan iltzatu. Historia liburuetan idatzita utzi, behin betiko utzi.
Kirol kapitalismoaren eztanda betean. Maila altuenean, gorenean.

 


Jaitsi
Transkripzioa:[+] Transkripzioa:[-]
Esataria. Tokion hautsiko dituzte markak edo hautsi nahi dituzte markak kirolariek, ezarriko dituzte mugarri tekniko eta teknologikoak baina pistek bezainbeste ikusmin ere harmailek: jendez hustuta egongo direlako. Eta testuingurua aipatu nahi dugu: historikoa, sozioekonomikoa, politikoa. Mikel Rotaetxe, egun on!
Mikel Rotaetxe: Kaixo, egun on! 
Esataria. Japoniako hitzordua ez da salbuespena… 
Mikel Rotaetxe. Ba ez, inondik inora ere. Pandemia aroko jokoak hastear dauden bidetik hasi zituzten gerra artekoak esate baterako. Joko olinpikoek badute itxuraz atleta eta zibilizazion arteko elkar-hartze idealizatu eta armonikotik baina baita lehia geopolitikotik ere. Aro klasikotik hasita gainera.  Baina XIX. mende amaieran –jokoei berrekin zietenetik- edizio bakoitza izan da garaiaren neurgailu. 
1904, Saint Louis, Missouri: “ladies and gentelmen …”. Inperio zaharren gainbehera betean munduko ordena berriko lidergoa hartu zuten Estatu Batuek erakustaldi teknologikoa eta propaganda uztartuta. Kolonia ohi izatetik inperio berri izateko grin aseezina astindu zuen herrialdeak Saint Louisen.
Esataria. XX. mendeak aurrera egin ahala tentsio politiko eta militarrak izan dira, gerraren ondorioz bertan behera utzi zituzten 1916ko Berlingo jokoak, 36an egin zituzten eta, horiek ere, historia liburuetan iltzatu zituzten. 
Mikel Rotaetxe. “… the open ceremony”. Nazismoaren festibala munduratu zuen III, Reich-ak 36ko jokoetan. Hitler berez ez zen jokoak egitearen aldekoa baina Goebbels bai. Propaganda ministroak usaindu zuen potentzialtasuna eta lortu zuen nazismoa zuritzea eta liluratzera, ostera konkistatzen ahalegindu zen mundua. Garaiko kronikei erreparatzea besterik ez dago horretarako eta aipatu dituzu historia liburuak, ba, litekeena da, historia liburuek jasotzea honako argazkia: 100 metroko proba eztandarazita Jesse Owens estatubatuar afroamerikarrak nazismoaren dogmetako bat hautsi zuen –zurien nagusitasunari dagokiona- eta ondorioa ezaguna da: Hitlerrek uko egin zion bostekoa emateari. 
Bigarren mundu-gerra ostean Gerra Hotza eta, beste behin, joko olinpikoak lubakien ordezko. 
(Ereserkia) Sobiet Batasuna eta Estatu Batua: bi eredu kontrajarri aurrez-aurre domina gehien ea nork poltsikoratuko. estatubatuarrek eta sobietarrek elkarri egin zioten boikota, pentsa, Moskun eta Los Angelesen. 
Esataria. Baina ezustean desegin zen aginte sobietarra.
Mikel Rotaetxe. Eta sistema kapitalistari gorazarre egin zioten Atlantan 96an (musika). Little Richardek irekiera ekitaldian eskainitako emankizun mitikoa American way of life delakoaren ikur. Atlantan atzera urratsa egin zuten estatuek kirol- plangintzan eta kirol-kapitalismoaren eztanda betean aurre hartu zieten kirol-korporazio erraldoiek. 
Esataria. Estatu Batuetan ahalguztiduntasun horrek hainbat erakustaldi izan ditu baina hormaren aurka egin zuen munduko ordena berria berretsi zelako 2008an. 
Mikel Rotaetxe. Historiako irekiera ekitaldirik gogoangarriena zalantzarik gabe Beijingo jokoei hasiera emateko. Txinak mila kolorez, suziriz eta puntako teknologiaz argitu zuen bere boterea eta hitzordua baliatu zuen ozeano bareaz bestalde Estatu Batuei aurrez-aurre begiratu eta esateko: hemen gaude. 
Esataria. Eta hamarkadaz-hamarkadako, kontinentez-kontinenteko irrati-bidaia amaituko dugu Europan Londresko olinpiar estadioan 2012ko uztailak 27 (musika)
Mikel Rotaetxe. Sir Paul McCartneyren gidaritzapean irudi indartsu, batu eta eraberritua munduratu zuen Erresuma Batuak eta, telebistaren aurrean hiru orduz, gizarte zoriontsua zirudien, kohesionatua. Handik lau urtera heldu zen Brexitaren erreferenduma eta atzera, josi gabeko zatiketa. 
Esataria. Ba, entzun duzue: politikaren, gizartearen eta nazioarteko harremanen isla izan dira joko olinpikoak.
C1
2021-07-20
28550658
00:04:03
560