Amets olinpikoaren bidean

Tokioko Olinpiar Jokoetara begira daude euskal kirolariak. Lau urtean behin ospatzen den kirolaren zita garrantzitsuena iristear da. Urduritasunak, zalantzak azaldu dira, baina prestaketa lanak bide onean doaz. Momentua iristean duten onena ematen saiatuko dira euskal kirolariak, ametsa egia bilakatu nahi dute.

Pandemiaren ondorioz, Tokioko Olinpiar Jokoak bertan behera utzi behar izan zituzten 2020an, izan ere, egoeragatik arduradunek jokoak urtebetez atzeratzea erabaki zuten. Horrenbestez, 2021ean, uztailaren 23tik abuztuaren 8ra bitartean jokatuko dira Japoniako hiriburuan. Paralinpiar Jokoen txanda bi aste geroago izango da.

Ander Elosegi piraguista irundarra slalom modalitatean lehiatzen da. Argazkia: Kultur Atelier

Batean nahiz bestean lehian izango direnen artean badira hainbat euskal kirolari. Gehienak ur-kiroletan lehiatzen dira, eta amets olinpikoa aurrez betea dute. Horien artean daude Iñigo Peña, Maialen Chourraut eta Ander Elosegi piraguistak edota Iñigo Llopis igerilaria.

Kirolari askorentzat lau urtean behin jokatzen den hitzorduan parte hartzea da ibilbidearen gailurra, nahiz eta gehienek ez duten helburu hori izaten hasieran. Iñigo Llopis donostiarra, adibidez, lesio batek eraman zuen igeriketara. Lesio hartatik osatzeko igeri egiten hasi zen, eta, ondoren, txapelketaz txapelketa kirol horretan jarraitu du. Uretan ibiltzeko behar duen protesia kentzen duenean “askeago” sentitzen dela dio. Oso lehiakorra omen da, denerako, eta kirolean, batez ere.

Iñigo Llopisek abuztuaren 24tik irailaren 5era bitarte ospatuko diren Olinpiar Joko Paranlipikoetan hartuko du parte. Argazkia: Basque Team

Iñigo Peña zumaiarra, aldiz, 10 urterekin hasi zen piraguan ibiltzen, Urola ibaian. Udako ikastaro bat egin zuen eta urarekin zaletu zen. Oro har, naturarekin duen harremana atsegin du. “Zure pala eta indarrarekin bakarrik ur gainean lortzen duzun abiada sentitzea oso polita da, eta piragua gainean paisaiak desberdinak dira”. 16 urterekin Europako eta Munduko txapelketa juniorretara joan zen, eta bi gehiagorekin, selekzio absolutuan sartu zen. Hala konturatu zen kirol horretan ona zela.

Dominak helburu
2016ko Rio de Janeiroko Olinpiar Jokoak izan ziren bientzat lehenak. Llopisek ez zuen gutxieneko marka lortu, baina “errebotez” parte hartu zuen, dopin-istiluengatik kirolari errusiarrak kanporatu ondoren. 17 urte besterik ez zituen eta “gozatzera” joan zen Brasilera. Esan eta egin. “Harrituta gelditu nintzen han bizitakoarekin, baina asko gozatu nuen”.

Iñigo Peñaren bigarren Olinpiar Jokoak izango dira. Argazkia: Basque Team

Peñak ere bizipen oso polita izan zela dio. “Rion egon nintzen minutu guztiak aprobetxatu eta gozatu nituen”. Kirol guztietako munduko onenak ikusteko aukera izan zuen: Rafa Nadal tenislaria, Michael Phelps igerilaria, NBAko jokalariak... “Ohorea da horiekin guztiekin egoitza konpartitzea”. Aurten, tamalez, oso desberdina izango da, ezingo dutelako kirolarien artean harremanik izan. Hala ere, zumaiarraren iritziz, lehiaketa egitea bera garrantzitsua da: “Zortzi urte Jokorik gabe oso gogorra izango litzateke. Guretzat oso garrantzitsua eta pozgarria da jokoak antolatu izana”.

Gozatu bai, baina oraingoan emaitza on bat egin eta domina eskuratu nahi dute. Llopis igerilariak argi du: “Gustatuko litzaidake domina lortzeko lehia horretan egotea. Joko batzuetan igeri egitea zaila da. Han onenak egongo dira eta irabazi egin behar zaie. Ez da erraza”. Iazko otsailean, pandemiaren aurretik lortu zuen sailkatzea, baina aurten marka berritu behar izan du. Peñak, berriz, diploma olinpikoa eta bosgarren postua hobetu nahi ditu.

Tokioko Olinpiar Jokoetako estadioa. Argazkia: Arne Museler (CC BY-SA 3.0 DE) (Commons Wikimedia)

Onena emateko prestatu
Prestaketa beste denboraldietan egiten dutena bezalakoa da. Astelehenetik larunbatera entrenatzen dira biak uretan. Llopisek goizero eta astean bizpahiru arratsaldetan egiten du igeri. Peñak, berriz, goizero eta arratsaldero entrenatzen du piraguan. Horrez gain, biak gimnasioan ere aritzen dira eta piraguista korrika edo bizikletan aritzen da astean behin.

Urtebete izan dute prestatzeko eta gainerakoen baldintza berdinetan iristeko jokoetara. Maiatzean jokatutako Europako Txapelketak udako hitzordurako prestatzeko ere balio izan die; “simulazio” moduko bat dela diote.


Transcripción:[+] Transcripción:[-]

Zein da Ander Elosegi?     
Ander Elosegi naiz, piraguista irundarra eta, bueno, parte hartuko dut Tokioko Joko Olinpikoetan, eta horretan nabil buru-belarri.

Nolakoa izan da zure kirol-ibilbidea?
Ba gogoratzen dut nola hasi nintzen klub honetan, Santiagotarrak klubean. Ba zortzi bederatzi bat urte edukiko nituen eta, bueno, nik gogoratzen dut ba oso ondo pasatzen nuela. Eta, ba bueno, entrenatzen nuen gustatzen zitzaidalako eta lehiatzea ere gustatzen zitzaidan, eta nahi gabe, ba nahi gabe edo, orain arte gustatu izan zait txapelketan, nazioarteko txapelketan (txapelketetan) ere hasi nintzen parte hartzen eta, ba, orain arte. Ez dauka beste misteriorik.

Bidasoa ibaia euskal piraguismoaren erreferentzia da?
Bai nik uste dut baietz. Garbi dago hainbat piraguista egondu (egon) bagara ba goi-mailan lehiatzen, ba klubak ere, edo klubak egindako lanak ere, hor, bueno, erru (zeresan) handia duela, ez? Eta sumatzen da, ba nik uste, hemen egiten dugun lana ona dela eta palista eta piraguista onak ateratzen direlako (direla) eta, hori, ba nabaria da.

Zein da kayak eta kanoaren arteko aldea?     
Bai, kayak eta kanoaren diferentzia (kayak eta kanoaren arteko diferentzia) handiena da, batez ere, ba kayaken palak bi orri dituela eta kanoarenak orri bakarra.

Laugarrenez Olinpiar Jokoetan parte hartzeak zer esan nahi du zuretzat?
Ba ez dakit. Hau, galdera hau jende askok egiten dit, baina, egia esan, ni orain, ez dakit, buru-belarri nago Joko Olinpikoetan eta ez dut pentsatu zer den laugarrena, edo zer esan nahi duen laugarrena izatea. Egia da Joko Olinpikoetan parte hartzea berez zaila dela eta lau aldiz parte hartu ahal izatea ba gauza handia dela, baina egia esan ez dut horretan gehiegi pentsatu, eta nahiago dut lehiaketan zentratu emaitza on bat atera dezadan.

Nolakoa da prestaketa?
Prestaketa nahiko normala, ez? Esan nahi dut ez da aldatzen beste zita batetik hona. Baina egia da mediatikoki-eta oihartzun handiagoa duela eta hori ere kudeatzen jakin behar dela. Eta, bueno, garbi dago prestaketa fisikoa eta teknikoa aparte, teknikoaz eta fisikoaz aparte ere, ba prestaketa mental hori ere ondo lantzen dugula.

Domina eskuratzearekin amesten duzu?
Ba bai, egia esan bai. Momentu honetan entrenatzen ari banaiz ba benetan domina lortzeko aukerak ditudala sinisten dudalako (da), ez? Eta hori da nire helburua. Jakina da eta garbi dago oso zaila izango dela, baina nik uste dut nire lehiaketan nire maila ematen badut ba aukerak edukiko ditudala.

Ezagutzen duzu Tokioko ur-kanala?    
Bai. 2019ko azaroan egon ginen. Pentsatu genuen, bueno, kanala ezagutzea beti ona dela eta han egondu (egon) ginen hilabete betez, eta egia esan kanala oso, asko gustatu zitzaidan. Ez da oso, ez dauka ur-emari handia baina mugimenduak, ur-mugimenduak-eta nahiko bereziak dira. Eta, egia esan, nire (neure) burua ondo ikusi nuen bertan eta...

Prestaketa Euskal Herrian bertan egiteko proiekturik badago?    
Bai badirudi badagoela, zera ez? Badago proiektu bat Usurbilen aurrera eramango dutena eta, bueno, ea, ea egia den, ea behingoz ba badugun kanal bat, bueno, goi-mailako ur bizitako eslaloma praktikatu, praktikatu ahal izateko.

Piraguismoak badu etorkizunik Euskal Herrian?
Bai, bai badago, noski. Sumatzen da, ez?...jende asko ari dela ateratzen eta, nik uste, ba etorkizun oparoa izango dugula aurrerantzean.

Noiz arte jarraituko duzu goi-mailan?
Ba hori ez dakit, zaila da erantzutea. Garbi neukan 2016 arte, ez neukan inolako dudarik 2016ko Joko Olinpikoak egingo nituela, eta 2020ko Tokioko hauek ja zailagoak izan dira; eduki ditut ba, bueno, urte hobeak eduki ditut, baina, egia esan, orain buru-belarri nago honetan. Oso gustura egia esan, ilusio handiarekin parte hartzeko Tokioko Jokoetan eta nahiago dut ez pentsatu datorren (datozen) urtetan (urteetan). Ikusiko dut, urtez urte, ikusiko dut eta erabakiko dut zer egin.

B1
2021-06-18
28364715
00:05:37
430