Pekin: prest Jokoetarako


Txinatik datozkigun azken berriek tristura eta samina eragin dute mundu zabalean. Hala eta guztiz ere, inoiz ezagutu ez dituzten erronkei  erantzun beharko diete datozen hilabeteetan: hondamendiak sortutako kalte guztiei konponbidea aurkitu, ahal duten guztia berreraiki eta Udako Joko olinpikoak antolatu.  

Bai orain hamar urte, eta baita orain bost urte ere Pekinen izandako edonor gaur hara joango balitz arazo handiak izango lituzke orduko makina bat leku ezagutzeko. 2008ko Joko Olinpikoak bertan izango direnez, Txinako hiriburua goitik behera ari da aldatzen. Etxe zaharrez betetako auzoak oso-osorik bota dituzte, eta eraikin berriak egin. Autopista gehiago egin dira, metroa handiagotu, aireportua berritu... Garabi-basoa dirudi hiriak, eta mugimendua itzela da oso.

Jakina, han dira Pekin bisitatzea beti interesgarri egiten duten monumentu guztiak: Tian Anmen Plaza, Hiri Debekatua, Zeruko Tenplua, Udako Jauregia eta Harresi Handia. Toki erakargarri hauek badira berez nahikoa arrazoi bidaia egiteko. Baina orain dela oso urte gutxi arte han ez ziren egun edonon badiren saltoki-gune handiak, kristalezko eta altzairuzko eraikin distiratsuak. Kontsumoa urria zen erabat, eta gaur egun, aldiz, kontsumora ezin emanago bizi dira pekindarrak. Wanfujing karrikara joatea besterik ez dago hori ziurtatzeko.

Txina zinez komunista zenean ere denda-kalerik esanguratsuena zen, nahiz eta hiruzpalau denda besterik ez izan, eta jenero-aukera urria. Orain ere Txinako Alderdi Komunistak dirau agintean, baina komunistatik gutxi du herri honek. Wanfujing oinezkoentzako kalea da, dendaz mukuru, eta bertan daude nazioarteko marka handi guztiak. Orduan txirrinduak ziren nagusi, eta autoak gutxi ziren. Gaur egun, ordea, automobilek nahikoa betetako hirian biziraun nahian dabiltza txirrindulariak.

Ez gaitzala, hala ere, engaina Pekinen lilura-usteak, edo Shangairenak: hauetan nabari da gehienbat "Txinako miraria" deitua izan dena. Eta hala, kontsumo-gizartean guztiz sartuak ditugu 300 milioi txinatar. Baina bazterrik atzeratuenetan bizi diren mila milioi txinatarrak oso urrunxko daude egoera horretatik.

Pekin direnak eta ez direnak gastatzen ari da panpoxa jartzeko Joko Olinpikoei begira. Mundu osoan ospea lortzeko abagunea du, eta etxe-barruko bere arerioari, Shangairi, aurrea hartzekoa. Baina hau ere ez da atzean geratzen ari, arrapalada batean ari da berritzen, 2010. urtean Expoa antolatuko baitu.

Shangaik modernoagoa dirudi agian, baina Pekinek inperioko hiriburu izan zeneko xarma gordetzen jakin du. Munduko plazarik handienetakoa da Tian Anmen, hitz bakarrean esateko, ikusgarria da. Albo batean dauka Mao Zedong-en Mausoleoa, Txina komunistaren sortzailea. Barruan datza Maoren gorpua, baltsamatua dago aitzina momiekin zerabilten antzeko teknika bati esker. Aurpegiera nabari zaio, argizarizko irudia balitz bezala. Errespetu osoz pasatzen dira gorpuaren aurretik milaka txinatar eta atzerritar egunero.

"Bake zerutiarreko atea", horixe da Tian Anmen-en esanahia. Hiri Debekatura sartzeko sarrera nagusia da. Hiri hau eraikinez josita dago, eta harresi batek inguratzen du. Hiri horretan bizi ziren enperadoreak eta hauen gortesauak. Hor ezin zen herri xehea sartu, horregatik debekatuarena. Atearen gainean han segitzen du Maoren erretratu handiak. Txinako agintariak ez dira jada Maoren jarraitzaile, baina ez dira erretratua kentzera ausartzen, paisaiaren elementu bihurtu da eta.

Hiri Debekatuaren tamaina ikaragarriak harritzen du jendea, baina Pekingo monumenturik ederrena Zeruko Tenplu biribila izango da agian; egurrezkoa da eta sabaian teila urdinak ditu. Ming dinastiako enperadoreak hara joaten ziren urtero. Jainkoei uzta onak eskatzera. Tenplua 1420. urtekoa da, baina 1890ean berritu beharra izan zen tximista batek ederki hondatu ondoren.
Dena den, Pekinek erakargarriena ez du hirian bertan, izan ere, ordu eta erdiko bidaia gutxienez egin behar da Harresi Handira heltzeko. Pekinera doazen gehientsuenek dute tarteren bat lan ikaragarri hori ikustera joateko. Txina barrenean hasi eta ia itsasbazterrerainoko bidea egiten du harresiak, bost mila kilometro. Badaling parera joaten da turista-andanarik handiena han harresia ikustera, zati hori berriztatua baitago. Baina Simatai bi ordu eta erdi harantzago dago, eta han harresiak bestelako xarma du, berriztatuta ez egoteak ematen diona.

Harresi Handiak ortzi-mugatik mendiak zeharkatuz datorren sugea dirudi, berriro ortzi-muga igarota desagertzen dena. Tarte batzuk oso aldapatsuak ditu, beraz, mendira joatea bezalakoxea da. Harresiak Txina bakartua izan du mendeetan zehar, mundutik bakartua, baina gaur egun mundura inoiz baino zabalago dago, eta saiatzen dihardu Pekingo Joko Olinpikoak arrakastatsuak izan daitezen.


C1
2008-05-29
16504087
2940