Nor izan zen Katalina Erauso?

ETB 1eko Itxi liburuak saioko bideo honetan, Katalina Erausoz mintzatuko zaizkigu Gaizka Aranguren eta Itziar Alduntzin. XVII. mendeko donostiar horretaz bada duda asko, baina jakina da hiltzean ez zuela Katalina izena, Antonio baizik.

Pertsonaia horri buruz gehiago jakiteko, honatx hurrengo bideoa! 


Transkripzioa:[+] Transkripzioa:[-]

Gaizka Aranguren kazetaria. Ba Espainiako erregearen eta Aita santuaren onespena jaso ondotik Europako hiriburuetan barna ibili zen gure protagonista bere balentrien kontura. Eta 1624an ekin omen zion bere autobiografia idazteari, edo diktatzeari. Eta bukatu zuen 1626an.  

1630ean Mexikora itzuli eta bertan finkatu zen Antonio Erauso. Urte horretatik aitzina bere arrastoa lausotu egiten da. Iturri batzuek diote merkantzia-negozio bat jarri zuela martxan Orizaba hirian, eta han bertan hil zela 1650ean lan-istripu baten ondorioz.  

Egia baldin bada bere autobiografia 1626an kaleratu zuela, izkribu hark 200 urte eman zituen lozorroan harik eta 1820 urtean berrargitaratu zuten arte. José María Ferrer astronomo eta merkatariaren aginduz egin zuten Parisko Julio Didot inprenta sonatuan, frantsesez. Horrenbestez jatorrizko izkribuaren kopia hura eskuz esku ibili omen zen bi mendez. Akademialari eta politikariek eduki zuten, tartean Espainiako Historia Akademia Errealak, Parisko inprenta hartara iritsi arte.  

Ba autobiografia hori izan da gerora egin den literaturaren iturburua, bereziki XX. mendean. Baina bai egiletza eta bai edukia kolokan jarri dira.     

Aitor, oso iturburu inportante bat da Katalina Erausoren autobiografia deritzotena. Berak idatzi al zuen? 

Aitor Zuberogoitia “Katalina Erauso” liburuaren egilea. Ba hor aditu ia guztiak datoz bat esaten ez dela berea, baina akaso diktatu, diktatu zuela. Zer gertatzen da? Ba klaro, (jakina), diktatu buruz, rigorea (zehaztasuna) zenbaterainokoa den ba ezin jakin, eta gero beste kontu bat, bera bizi eta hurrengo mendean argitaratzen da. Eta oraindik beste mende bat geroago, gero dator Joaquin Maria Ferrer, ateratzen du “Historia de la monja alférez Doña Catalina de Erauso” eta hark hainbat datu zuzendu egiten ditu, adibidez, jaiotzarena, eta egiten du jaiotza-agiria erakutsita.  

Gaizka Aranguren. Eta Katalina Erausok idatzi ez baldin bazuen bere ustezko autobiografia hori, nork ukan zezakeen interesa horrelako eduki bat idatzi eta barreiatzeko garai hartan? 

Aitor Zuberogoitia. Ba nik uste interesa, interes handia pizten zuela Katalina Erausok. Zergatik?, ba fenomeno sozial ikaragarria zelako. Urbano VIII.a Aita santuak onartu egin zion sexua, sexuz aldatzea. Eta hori, ez da egongo pareko kasurik garai hartako Europa guztian: onartu egin zion Antonio de Erauso bihurtzea, ezta?  

Itziar Alduntzin aurkezlea. Sortzen zaigun duda da autobiografia horrek zer duen egiatik eta zer gezurretik orduan, ez?      

Aitor Zuberogoitia. Adibide bat jarriko dizut. Miguel bere neba doa 2 urterekin Ameriketara. Eta gero, autobiografiaren arabera Katalina iristen da hara, topo egiten dute elkarrekin eta Katalinaren lagun batekin liskarra dauka Miguelek, eta orduan duelo batean amaitzen da hori, eta hantxe hiltzen da Miguel. Eta, aldiz, beste kontakizun batzuen arabera Katalinak eta Miguelek egin zuten topo Txilen eta han liskar bat izan zuten emakume berbera gustatzen zitzaielako. Baina han ez da duelorik aipatzen, ez da horrelakorik aipatzen. Normalean autobiografia beti da askoz nobeleskoagoa, eta askoz puztuagoa ematen du.  

Itziar Alduntzin. Bueno, Historiako gertakari askorekin gertatzen da, ez?, Ez dakit, Orreagako gudarekin edo Bibliako pasarteekin edo beste hainbesterekin. Hainbeste gauza plazaratzen direla, hainbeste gauza idazten direla, gero oso zaila izaten dela bereiztea zer den literatura, zer den historia. Baina horretarako zaudete zuek, ez?, historialariak.     

Nik daukadana da. Aber (alegia), eskola bat eman beharra daukat. Jakin beharko dut zein den gailendu den irudia, gero kontatzeko zerbait fundamentuz. 

Aitor Zuberogoitia. Nik esango nuke ba, klaro, gaur egun asko hitz egiten da, ezta?, binarismoez. Auzitan jarri dira binarismoak eta bere garaiari aurreratu zitzaion emakume bat izan zen bera alde horretatik, ezta? Emakume esan dut, baina gaur egun seguruenik…  

Itziar Alduntzin. …gizon. 

Aitor Zuberogoitia. …asteriskoa jarriko genioke eta konturatuko ginateke ba zera, sailkapen binario horiek murriztaileak direla, ezta?  

Itziar Alduntzin. Honbre (Bueno), gizon sentitzen zen. Gizon esan beharko genioke igual, ez?, gaurko ikuspuntutik, esaten dut nik.  

Aitor Zuberogoitia. Ba bere borondatea hori zela ematen du, ezta?  

Itziar Alduntzin. Bai. 

Aitor Zuberogoitia. Azkenean Aita santuari hori eskatzen dio: “Mesedez, nire sexu-aldaketa onartu”.         

Gaizka Aranguren. Beraz, itxura horrek bat egiten du azken finean Katalina Erauso zenarekin, hau da, gero Alonso edo Antonio Erauso izenez zenarekin? 

Aitor Zuberogoitia. Argi dagoena da dela pertsona bat barne-borroka latzak bizi dituena, ihes konstantean bizi dena; ihes egiten du komentutik, ihes egiten du etxetik, ihes egiten du gutxieneko aterpea eskaintzen dion edonorengandik… Eta hor dago barne-borroka handi bat. Baina egia da bizitzaren bigarren erdia erabat desberdina dela. Behin bere sexualitatea onartua denean, ofizialki onartua denean, gero Mexikora joaten da, ezta? Eta ordura arte bere bizitza izan zen liskarra, hainbat heriotza, hainbat borroka, hainbat ihes… Eta azkenengo 20 urteak, ja behin onartzen denean bere sexualitatea, ez dago liskar bat bakarra dokumentatuta, edo heriotza edo borroka bat bakarra dokumentatuta. Ematen du azkenengo 20 urteak lasai antzean pasatu zituela Mexikon.  

Itziar Alduntzin. Bueno, ohartuko zineten edo igual ez, ez dakit, hor eduki dugula gure pertsonaiaren irudia estalita erabat. Hementxe dugu. Kenduko diot? Gogoa duzue, e? Irudiarekin ere pasatzen da bere historiarekin bezala: ez gaude oso ziur hau ote den, baina hau dago. Hau dago: ez dago besterik. Gaizka, nirekin bat etorriko zara esaten baldin badut oso pertsonaia argia izateaz gain eta ausarta izateaz gain, eta hain erakargarria izan zela, eta dela… 

Aitor Zuberogoitia. Bai. Erakargarria, zinematografikoa eta ikaragarria.  

Itziar Alduntzin. Bueno, ikusi nahi al duzue edo zer? Ikusi nahi duzue? Benga! Zeremonia pixka bat eginen dugu, ez?  

Katalina Erauso izenez, Donostian sortua, monje alfereza ezizenez oso ezaguna egin zena, oso, oso ezaguna. Eta Antonio Erauso bezala bizitu zena bere azken urteetan Aita santuaren bedeinkazioarekin. Amen!  

Pentsatzen ari naiz ez ote genuen igual klase hau Antonio Erausori buruzko klase bat dela esan behar izan hasieratik, ez?  

Gaizka Aranguren. Ba ez da ideia txarra, Donostiako Udalari proposatzeko modukoa.  

Itziar Alduntzin. Ez dakit, e! Galdetzen dizuet, zuei utziko dizuet. Ze klaro (jakina) igual, berak horrela nahi bazuen bizitu, ez?, bere azken urteetan, zergatik ez? Edo Amarako, zuk zerorrek esan duzu hasieran, Amarako kalea Katalina Erauso izan ordez igual beharko luke izan Antonio Erausoren kalea, ez? Ez dakit, e, galdera hor uzten dizuet.       

B2
2021-03-25
28083115
00:07:47
395