Katalina Erauso

Otsailean jaio zen Katalina Erauso, orain dela 410 urte. 'Monja-alférez' izenez ezaguna bazen ere, ez zen moja izan, ihes egin baitzuen komentutik moja bihurtu aurretik.

Eta badirudi euskaldun berria zela, komentuan ikasi zituela euskara eta latina. Lau urterekin sartu zuten. Komentutik, ordea, ihes egin zuen Gasteiza. Ilea motx-motx zuen, mutilen antzera. Gasteizen amaren lehengusina bizi zuen, hara ezkonduta. Senar-emazteek ez zioten Katalinaren mozorroari antzeman. Beste hainbeste gertatu zitzaion geroago, Valladolidera joan eta aitarekin hitz egin zuenean, gizonezko arropa haien azpian ez baitzuen alaba ezagutu. Frantzisko Loiola esaten zioten Valladoliden Katalinari eta Bilbora joan zenean, mutiko batzuek iseka egin zioten, eta hark harrika zauritu. Hilabete egin zuen espetxean Erausok.

 

Ameriketara joan nintzen

Andaluziatik Venezuelara joan zen, E. Egiño osabaren ontzi-mutil. Osabak itzuli egin nahi zuen baina berak ez, horregatik 500 peso ostu zizkion han jarraitzeko bizitzen. Urkitza merkatariak dendari bihurtu zuen Katalina eta ezkondu egin nahi zuen Beatriz Cardenas-ekin. Beatrizi asko gustatzen zitzaion 'mutila', baina bueltan maite-ordainik ez. Liman, eta beste toki askotan, ezkontzeko proposamenak jaso zituen. Behin trajea eta guzti egin zioten ezkontzeko, baina ez zen sekula ezkondu donostiarra. Maitemindu bai, ordea. Txilen soldadu zebilela sarritan emakume bat bisitatzen zuen. Han Frantzisko Loiola gisara zen ezagun. Emakume horren lagun mina zen ordea Migel Erauso, Katalinaren neba! Hiru urte eta gero, Migelek andre hura gehiago ez ikusteko esan zion Frantziskori, eta ezpatak aterata konpondu nahi izan zuten afera. Jakina, Migelek ez zekien Frantzisko arreba zuela, Katalinak, ordea, bazekien Migelen arreba zela. Bien arteko liskarraren berri izan zutenean haserretu egin ziren buruzagiak eta, horregatik, beste lurralde batzuetara bidaliko dute Frantzisko. Sarraski hartan egingo dute alferiz; ordurako beste izen bat hartua zuen: Alonso Díaz.

 

Bi kontaera ezberdin

1624. eta 1625. urteetan hiru idatzi argitaratu ziren, akats historikoz beteta. 1624koa autobiografikoa ei da, beste biak biografikoak. Telletxea Idigoras historiagileak 1625koak fidagarriagoak direla dio. Izan ere, hiru idatziak ez datoz bat hainbat gertakaritan. Adibidez, 1624koan neba hiltzen du Katalinak, eta ihesi dabil. 1625koetan ez dago hildako nebarik, eta beste liskar batzuk dira ihesaren arrazoi. Liskarrak sarri izaten zituen Katalinak, jokozale amorratua zenez. 1624ko argitalpenak dioenez, Cuzcon Cid Berria izeneko karta-jokalari bati eskua mahaira josi zion aiztoz, Cid Berriak Katalinaren txanpon-pilatik batzuk kendu zizkiolako. Behin bakarrik, ordea. Bigarrenean, labana! Cid Berriaren eta Katalinaren lagunek ezpatak astindu zituzten, eta Erauso larri zauritu. Hilzorian, Luis Ferrer apaizari bere bizitza guztia kontatuko dio, bolo-bolo zabaldu zena.

Baina 1624an, sendatuta, Cadizen dago Katalina. Amerikara itzuli aurretik, Erroman Aita Santuarekin izango da beren ibilien barkamena lortzeko, eta Espainiako Felipe IV.a erregearengandik bizi osorako pentsioa jasoko du, bere alde makina bat indiar hil zituelako donostiarrak. 1630an Amerikan da berriz. Lanean hil zen, zamariekin Veracruz-erantz zihoala, bidean ondoezak jota, 1650an.


B2
2002-01-30
16261828
7598