Matriarkatua, Euskal Herriko egitura soziala?

Duela 2.000 urte baino gehiago, Estrabon greziarrak zera idatzi zuen: Hispaniako iparraldeko herriak, hain zirela primitiboak eta atzeratuak, ezen emakumeen gobernuaren antzeko zerbait baitzuten.

Alberto Santana historialariak aurkezten duen Baskoniako historia bat telebista-saioko atal honetan, Baskoniako herrietan gizarte matriarkalik izan ote zen aztertzen da.


Transkripzioa:[+] Transkripzioa:[-]
Esataria.- Beste modu batean esanda, ea Baskoniako egitura sozial eta psikologikoan emakumezkoa, femeninoa, noizbait gailendu izan ote den gizonaren, maskulinoaren gainetik. Hori izango litzateke benetako matriarkatua, terminoaren definizioari jarraikiz, eta horixe jakiten saiatuko gara, hain zuzen.
2.000 urtetik gora egon da indarrean ideia bat: Baskonian, Kantauri itsasoaren eta Pirinioen arteko beste herri batzuetan bezala, gizarte matriarkal primitibo bat zegoelako ideia, hain zuzen.
Eta duela gutxi arte iraun du ideia horrek. Zehazki, XX. mendeko 50eko hamarkadara arte. Are gehiago, ideia horren alde egin duten intelektualak ere egon dira; hala nola, Julio Caro Baroja.
Erakargarria bada ere, Arkadia utopiko hori ideia faltsua da.
Matriarkatua sistema sozial bat da eta bertan emakumeek dute botere politikoa, agintaritza morala, pribilegio sozial eta ekonomikoak, eta jabetza garrantzitsuenak, gizonak, botere horretatik kanpo geratzen direla. 
Definizio hori teoria hutsa da, adituek ez baitute sekula aurkitu ezein ikerketa historiko eta antropologikotan ezaugarri horiek guztiak biltzen dituen komunitaterik.
Nolanahi ere, fantasia sendoa izan zen Greziako mundu klasikoan eta gizonak mespretxatzen zituzten emakume gerlarien mitoan hezurmamitu zen fantasia hori, amazonen mitoan, hain zuzen.
Eta kondaira fantastiko horren egileak, jakina, gizonak ziren, gizon greziar ikaratuak. Gerora ere, emakumeen eta horien boterearen beldur ziren beste gizon batzuk egon dira. 
Duela bi mila urte baino gehiago, Turkian bizi zen gizon greziar batek, Estrabon izenekoak, biografia-lan paregabe bat idatzi zuen erromatar inperioak konkistatutako lurralde exotiko eta barbaroei buruzkoa eta sekula Baskonian egon ez bazen ere, egileak obra horretan azaltzen digu lehen aldiz Hispaniako iparraldeko herriak hain zirela primitiboak eta atzeratuak ezen ginekokrazia edo emakumeen gobernuaren antzeko zerbait baitzuten.
Estrabon greziar intelektualak emandako albiste horiek, beste egile batzuei kopiatuak, Baskoniako biztanleek erromatarren aurretik zuten bizimoduari buruzko lehen erreferentzia idatzia dira. Hauxe diote: “Ausardia handikoak dira denak, ez soilik gizonak, emakumeak ere bai. Emakumeek lurra lantzen dute. Erditu bezain laster senarrei ohea utzi eta zaindu egiten dituzte. Maiz, lurra lantzen ari direla erditzen dira, haurtxoa erreka batean garbitu eta bildu eta lanari ekiten diote berriz. Nolakotasun horiek agerian uzten dute ohitura basati samarrak dituztela. Kantabriarren artean, gizonak ematen dio dotea emakumeari, emakumeek jasotzen dituzte ondasunak oinordetzan eta emakumeek ezkontzen dituzte nebak, alegia, ginekokraziaren antzeko erregimen batean bizi dira eta hori ez da batere zibilizatua”.
Baina Greziako etnografoei hainbeste gustatzen zitzaizkien topiko erretorikoez beteta dago. Izan ere, bi muturren arteko kontrastea nabarmendu nahi zuten horrela. Batetik, Grezia eta Erroma, hau da, zibilizazioa gizonen eskuetan zeuden gizarte patriarkalek osatzen zutena, eta, bestetik, konkistatutako herriak, hots, basakeria.
Alberto Santana historialaria.- Eta kontrastea argiagoa izan zedin, konkistatutako herrien ezaugarriak zeharo puzten zituzten, gizarte horietan emakumeek gizonen lanak egiten zituztela, hala nola, gerra eta lurgintza-lanak eta nagusitasun sozialeko estatusean egotera ere iristen ziren.
Esataria.- Estragonek irudikatutako eszena hori, hau da, ama haurraz erditu eta aita ohean etzan, puerperioko minak izateko plantak egin eta jaioberriari beroa ematen saiatzea eta, bitartean amak aita zaindu eta bisitariei harrera egitea “kubale” deitzen da. Beste norbaiten txitak edo kumeak berotzen aritzearen baliokidea da.
Denbora igaro ahala, Estragonen kontakizun labur hura luzatu eta puztu egin zen eta euskaldunon berezitasunari buruz idazten zuten egile guztiek euskal Piriniotar tradizio zahar bat zela esaten zuten, mendiko herrixka urrun batzuetan XX. mendearen hasierara arte indarrean egon zen antzinako tradizio bat.
Jakina, hori gezurra da. Ustezko tradizio hori ez zen existitzen. 
C1
2020-06-11
22214248
05:53
820