Dokuteka
Erromatarrak euskal lurretan
Behin baino gehiagotan entzun izan dugu erromatarrak ez zirela euskal lurretara heldu. Hala ere, badago haien arrastorik gure eremuetan. Zer ote da egia, eta zer ez?
Ikusgela bideo didaktikoetako webgunean, badago Historiari buruzko atala. Bideo batean, Danel Pascualek azalduko digu erromatarrak euskal lurretara heldu ote ziren, umore-tonuan. Ea behingoz zalantzak uxatzen ditugun!
|
HIZTEGI LAGUNGARRIA Egurtu genituen. Jipoitu genituen. |
Kaixo, historiazaleok. Ongi etorri Ikusgelara!
Gaurkoan zuekin: Teo Erroman. Barkatu, konfunditu (okertu) egin naiz. Gaurkoan, erromatarrak euskal lurretan.
Aizuek*, ezertan hasi aurretik, zalantzatxo bat: zuek ere entzun al duzue inoiz erromatarrek ez gintuztela sekula konkistatu, edo nire gauza da? Klaro (Bai, ba), imajinatu euskaldun ausartak hor, behin eta berriro erromatarrak garaitzen, Leonidas eta espartarrak izango bagina bezala Termopilasetako (Termopiletako) pasabidean. Ba, ez!
Zer demontre gertatu zen, orduan? Gainetik pasa zitzaizkigun, egurtu genituen edo ondo moldatu eta gure etxeko ateak zabaldu genizkien? Ba, dirudienez, ez bata ezta bestea ere; eta, aldi berean, guztiak batera, edo bat bera ere ez.
Kontuak kontu, erromatarren eragina nabarmena da, gure herrialdeetako toponimia (toponimiak) edo arkitekturak erakusten duten moduan, besteak beste; baita gure hizkuntzan ere: adventum, abendu; castellum, gaztelu; corpus, gorputz; edo augurium, agur. Barkatu magia apurtzeagatik.
Erromatarrek gurean topatu zutena azaltzen duen hainbat idatzi topatu dira, tartean Estrabonena. Horrelaxe (Honelaxe) zioen: “Menditar hauek neurrikoak dira guztiak, ez dute ura baizik edaten, eta lurrean egiten dute lo. Adats luzea eramaten dute emakumezkoen erara, nahiz eta gudukatzeko orduan zirrindara (zinta) batez lotu kopetan. Beren zakartasun eta basatitasuna (basatasuna) ez zaizkie zor beren gerra-ohiturei soilik, baita beren urruntasunari ere, zeren lur horietara daramaten bideak luzeak baitira eta harreman zailtasun honek galarazi baitie soziabilitate eta gizatasun guztia”. Izorrai! (Izorra hadi!)
Eta nola demontre iritsi ziren erromatarrak Euskal Herrira? Ba, kontua da Hanibal izeneko zoro bat elefantez osaturiko ejerzito (armada) batekin Afrikatik igo eta Pirinioak zeharkatzen ari zela erromatarrak jipoitzeko. Erromatarrak, ordea, oso bizkorrak ziren, eta Mediterraneoa zeharkatuz (zeharkatuta), Levanteko kostaldetik sartu ziren penintsulan, Hanibalen atzean kokatu eta honen espedizioa horniketarik gabe utzi zuten.
Behin penintsulan, bidaia aprobetxatu eta bertan geratzea erabaki zuten. Tarraconensis izan zen sortu zuten lehen herrialdea.
Behin penintsulan, hegoaldetik sartu ziren erromatarrak euskal lurretan, eta, egia esan, ez zuten erresistentzia handirik topatu. Batzuetan, ez zen liskarrik ere egon, eta badakigu baskoi batzuk, adibidez, erromatarren armada osagarriaren parte izatera ere iritsi zirela.
Kristo aurreko 179. urte inguruan, Graccurris ―edo Alfaro― sortu zuten. Hortik aurrera, hainbat hiri sortu zituzten gurean, gehienetan aurretik existitzen ziren herrixkak birsortuz edo bertako biztanleak beste herri batera lekualdatuz, hala nola Pompaelo ―edo Iruñea―, Lapurdum ―edo Baiona―, Veleia ―edo Iruña-Veleia― edo Oiasso ―Irun―.
Herrigune erromatar gehienak ―Cabriana, Cascante, Soto de Ramalete...― ager edo lautadan kokatzen ziren ―hau da, Ebro inguruko lurretan―, lur haiek egokiagoak baitziren nekazaritzarako. Saltus edo mendi inguruan, aldiz, ia ez da erromatarren arrastorik topatu; inguru hori bereziki mineralak lortzeko baino ez zen erabiliko: Arditurriko meatze erromatarrak, adibidez. Horretaz gain, portuak ere atsegin zituzten, Bidasoaren bokaletik, adibidez, itsasoz esportatzen baitzituzten euskal lurretan bildutako mineralak.
Eta hortik dator, agian, hasieran aipatu dizuegun mitoa. Euskal Herrian izan badira erromatarren konkistarik pairatu ez zuten zonaldeak (zonak), baina ez zen izan erromatarrak inteligentzia estrategiko zein militarrez garaitu genituelako, baizik eta erromatarrek ez zutelako interesik izan lur horietan. Barkatu, berriz ere.
*Aizuek: Euskarazko forma zuzena “Aizue” da. Aizuek Interneten eta sare sozialetan erabiltzen dute hainbat euskaldunek, modu informalean.
