Erromantizazioa

Itxialdia erromantizatzen hasi garela iruditzen zaio Amagoia Gurrutxaga kazetariari, horrek dituen konnotazioekin.

Euskadi Irratiko zutabe honetan, konfinamenduak ustez dituen gauza on batzuk kritikatzen ditu Amagoiak. Bere ustez, erromantiko asintomatiko ari gara bihurtzen.


Jaitsi
Transkripzioa:[+] Transkripzioa:[-]
Amagoia Gurrutxaga Uranga kazetaria. Erromantikoa naizelako izango da akaso, baina gorroto dut egoera injustuak erromantizatzeko joera agerikoa. Erromantizazio horrek politikarik antisozialenak eta injustiziaren onuradunak zuritzeko balio du beti, izan ere. Erromantizismo neoliberalaren magia hortxe: gabeziak, ezinak, lan eta bizi-baldintza gero eta estuagoak, dena, ondo bukatzen den ipuin erromantiko bat bezala kontatzen digute beti. Eta ez. Ipuinak ez dira beti ondo bukatzen.
 Itxialdi hauxe bera ere erromantizatzen hasiak gara. Pagotxa omen da Europako beste inon baino arau zorrotzagoak bete behar izatea; epidemiologoak alboratzea; pandemia betean ere diru publikoarekin etekin pribatua bilatzen segitzea; aitatxo uniformedunaren zaintzapean ez bada, bere kasa ibiltzeko gauza ez den haurra bezala tratatuak izatea denok. Adingabeen itxialdiaren kontura ematen ari zaizkigun ikuskizuna sintomatikoa da. Eta gu, erromantiko asintomatiko. “Diziplina sozial” txalogarriz ari garela esaten digute, eta geuk ere txalo.
Gauza asko ari da uzten agerian konfinamendu hau. Onak asko, txarrak gutxiago ez. Existitzen ez omen ziren murrizketa eta pribatizazioak, prekarizazioa erabatekoa, autoritarismoaren harroaldia, baita geure hizkuntzaren abandonua ere.
    Sortzailea izatea ere majo erromantizatu izan digute. Eta hara non sortzaileak ari zaizkigun greba egiten, berez prekarioa den sektore batean euskaraz sortzeak dakarzkien ezinak azaleratuz. Ipuin politiko bat kontatu digute hor ere: dirulaguntza emango dietela sortzea ogibide dutenei. Ez dute semaiko estrarik jarri, baina. Lehendik ere bazeukaten poltsa bat zabaldu dute, auskalo zergatik zegoen itxita. Eta ez dute kontuan hartu euskaraz sortzetik ia inor ez dela bizi hemen; prekarizatuen artean are prekarioago ari direla. Laguntza horiek, ondorioz, erdarazko kulturgileek jasoko dituztela bereziki.
    Gainontzean, Euskaraldia oso ondo, oso erromantikoa dena. Hendaian eta Baionan bizi diren lagunek inbidiaz begiratzen didate. Bai horixe! Inbidia erromantikoz, noski.
C1
2020-04-29
  • Gurrutxaga, Amagoia
21920346
00:02:29
567