Andoni Egaña, artisten zereginaz

Kultur alorreko gehienei bezala, Andoni Egañari ere lana gutxitu egin zaio koronabirusa dela-eta, eta horrek sortutako zenbait ondoriori buruz hitz egin du irratian.

Besteak beste, artisten prekaritateaz eta intimitatea gorde beharraz egin du gogoeta audio honetan.

Irratsaioa osorik entzuteko, egin klik hemen.


Jaitsi
Transkripzioa:[+] Transkripzioa:[-]

Esataria 1. Andoni Egaña, egun on. Zer moduz zaude? 

Andoni Egaña bertsolaria. Ondo, ondo. Egun on zuei ere. 

Esataria 1. Kulturgintzako langile autonomoa zaren neurrian ze gogoeta egiten duzu ezegonkortasun honen aurrean, Andoni? 

Andoni Egaña. Bai, bueno, egia esan gu prekaritateaz aritzen garenean, jendeak prekaritatea diruarekin soilik lotzen badu, ba, bueno, deseroso sentitzen naiz: ni ez naiz prekarioan bizi diru aldetik, hori garbi daukat. Baina egia da, baita ere, prekarioan ez bizi izateko diru aldetik lan asko egin behar dela, lan ikaragarri; urtean ehunda dezente (bertso)saio gehiago egin behar dira ez-prekarioan bizitzeko, ezta? Eta orduan, ba bueno, saioak falta zaizkizunean, bueno prekaritate hori ba nozitzen hasten zara, nahiz eta, esaten dizudan bezala, nire aldetik dirua baino gehiago etorkizuna seguru ez edukitzean datzan prekaritatea, ezta: ez dakizu. 

Orain badakigu hilabetean-edo ez dugula bertsotan diru-sarrerarik izango, edo ez garela irtengo; baina ez dakizu hemendik urtebetera edo bira zer gertatu litekeen. Eta bueno, prekaritatea alde horretatik, bai, nozitzen dut.  

Esataria 2. Eta azkenaldian sumatu ditugu gure kulturgintzako zenbait artista, diziplina desberdinetakoak, sareko plazan kantuan, musika-tresnekin, errezitatzen, antzerkia eginez, bertsotan ere bai... Nola ikusten duzu sortu den bulkada hori?  

Andoni Egaña. Bueno, ondo, alde batetik. Eta bestetik, ba bueno, ez dakit nola esan. Nik uste dut sortzaileon eginkizun nagusia dela bueltatzen garenean hobeak bueltatzea; alegia, lan intimoa egin behar dugula. Txapelketa batera gindoazenean bezala, errimak landu behar ditugula, orain sortu behar diren doinuak ikasi behar ditugula, arrazoiketa batzuei buelta batzuk eman behar dizkiegula... Nik uste dut lan garrantzitsua, guk gizartearekiko daukagun konpromisorik handiena dela bueltatzea alde egin genuenean baino hobeak izanik, eta hori intimitatean egiten da.  

Gero bestea, ba ez dut gaizki ikusten, ezta? Badaude atari batzuk oso gure etxekoak direnak, ba Berriakoa, adibidez, eta hor parte hartzea ez dut gaizki ikusten. Baina, ostras, zer pentsatua ematen dit, e! Extimitatearen gizartean bizi gara, ez intimitatearenean, eta bueno, intimitateari eman nahi diot garrantzia. Extimitatea, jode, ondo dago, baina kontuz. Aita zoriontzeko Euskadi Irratitik pasa beharra daukat?  

Esataria 1. Bai, gehiegi erakusteko joera bat esan duzu, ez? gauza gehiegi erakusteko... Nola esan duzu? Extimitatea? 

Andoni Egaña. Bai. Intimitatearen kontrako hori. Jo, gure aita zorionduko dut, baina ez zait iruditzen  Euskadi Irratitik pasa beharra daukadanik aita zoriontzeko. Oraintxe ari zineten horretan... 

Esatariak. Bai. Bai. Bai. 

Andoni Egaña. Eta ulertzen dut, hedabidea zarete, baina aber zer hedatzen dugun, ezta?  

Esataria 1. Ja, ja. Hori iruditzen zaizu guk gorde beharko genukeela, bakoitzak geure barruan, edo?

Andoni Egaña. Bueno, zuek proposamena egitea ulergarria iruditzen zait, eta gero bakoitzak ikusiko du, ezta? Bai? Jode, birus honek emango digu aukera holako gauzetaz pentsatzeko. 

Esataria 1. Bai, ez dago zalantzarik. Patxada pixka bat hartzen baldin badugu gauzak pentsatzeko, ez da gaizki etorriko, ez? 

Andoni Egaña. Bai ba! Guk gainera, euskara gauza batzuetan jakintsua da, eta osasuna deitzen diogu. Osotasuna da osasuna, osasuna ez da gaixorik ez egotea bakarrik. Osasuna da osotasuna; alegia, lanpostu bat finko edukitzea, soldata bat duina, zalantzarik ez izatea hurrengo hilean lanik izango duzun ala ez, hori nozitzen ari denaren laguntza sozialak ontzat hartzea, zaintza-kontuak... Hori dena da osasuna, osotasunetik datorrelako hitza.       

B2
2020-03-26
21762104
00:03:55
334