Musukoa jantzita atera kalera

Hitz berriak ekarri dizkigu koronabirusak. Horietako zenbait hitzen inguruko azalpenak eman ditu Adolfo Arejita euskaltzainak Euskadi Irratian.

"Maskarilla" hitzaren ordez "maskara" proposatu dute batzuek; Arejitak, aldiz, "musukoa" hobetsi du.

Oharra: Gai honekin lotuta, hemen daukazu Euskaltzaindiak atera duen Koronabirusaren oinarrizko lexikoa.


Jaitsi
Transkripzioa:[+] Transkripzioa:[-]
MAITE ARTOLA KAZETARIA. Adolfo, egun on. Zer moduz?
ADOLFO AREJITA EUSKALTZAINA. Ondo. Ondo. Piska bat gogo hilduta, nolabait esateko, edo bihotz beheratuta, zeren luze, luze joaten ari da, eta piska bat, ez da erraz animoak goian mantentzea.
MAITE ARTOLA. Gogo hilduta, gustatu zaigu hitz hori.
ADOLFO AREJITA. Bai. Gogo hilduta edo gogo beheratuta. Edo bai, hil urrio eta ez esateko, ezta? Eta, baina, neurri batean, mundu guztia esaten ari da: "Dena oso ondo doa, animoz  oso ondo". Eta nik ez dut sinisten. Ez da posible! Ez dakit. Ni behintzat sentitzen naiz neure egunerokotasunetatik urrunduta, pixka bat sentitzen naiz, pixka bat animoz ere jota.
MAITE ARTOLA. Bai.
ADOLFO AREJITA. Bota. Bai.
MAITE ARTOLA. Koronabirusaren okerrena, hala ere, pasatu dela entzun diegu agintariei. Eta pandemiaren goreneko puntua izendatzeko, pico hitza nagusitu da gaztelaniaz. Euskaraz, ez dakit, sabaia jo duela, erpina jo duela, tontorrera iritsi dela... Zer esan beharko genuke?
ADOLFO AREJITA. Nik sabaia ez nuke hautatuko. Erpina, bai beharbada, zeren erpina da... Gailurra, erpina... Badira hor, zeren Euskal Herria menditsua izanik, baditu geologia-kontuan, hori... Gailurra, erpina esateko, ba punta, tontorra, goia, gaina, enfin, hainbeste hitz baditu, ezta? Eta klaro, gaztelaniaz hitz oso generiko samar bat hautatu da, ezta? Ez da ez cima, edo cumbre edo horrelakorik hautatu, baizik eta pico. Eta bueno, gailurra beharbada orokorregia da, zeren asko erabiltzen da mendi-mundu horretan, beharbada erpin izan daiteke egokia. Gero bada punta hitza ere, zeren bada gure toponimian ere Lamiaran punta, edo Zorrotzapunta eta holako toponimoak badira. Edo Aldapeko sagarraren puntan, puntaren puntan, eta horrelakoak ere. Orduan, punta bera ere, nahiz eta mailegua izan, egokia da. Eta gero, Maite, esan duzuna, hori, goiko hori, meseta hori esateko, ba ez dakit, goi-zelaia edo goi-lautada izan daitekezke hitz aproposak.
MAITE ARTOLA. Goi-lautada, konforme. Máscara, nola esan behar dugu máscara? Gazteleraz mascarilla hitza dabil hitzetik hortzera...
ADOLFO AREJITA. Ni neu maskaratxoaren aldekoa ez naiz, zeren mascarilla hartzen duzu mailegu bat ehuneko ehunean, eta erabil daiteke. Baina hor proposatu da, eta Euskal Irratitik bertatik proposatu didate, hori musukoa, ezta? Eta entzun eta batera esan nuen ba benetan hitz egokia begitantzen zait hori, musukoa.
MAITE ARTOLA. Hala ere, ez zaigu guri otu, e! Dena, eta egiari zor, Patxi Saez soziolinguistak sare sozialetan idatzi zuen berak proposatzen zuela musuko erabiltzea.
ADOLFO AREJITA. Bai. Zeren musua, musua muturra esaten den horri edo aurpegi ingurua edo visage edo horri esateko, musua oso hitz zaharra da. Musugitarra badakigu zer den, ezta?, eta musugitarra... Eta gero, ba ez dakit, lehen ere agertzen da, txapela eskuan eta pip(i)a musuan, enfin, kopla zaharretan, eta eskuak eta musua ondo garbitzeko eskatzen zaigu egunetan. Ba musu hitza benetan egokia da, gutxi erabilia da. Eta gero, -ko atzizki horrekin, ba baditugu beste holako, soineko, soinekoa bera, badaukagu burukoa, badaukagu gerrikoa, badaukagu euritakoa eta pluralean ere baditugu oinetakoak edo belarritakoak. Ba zergatik ez musukoak? Original samarra iruditzen zait eta benetan ba sartuko nuke.
MAITE ARTOLA. Erosi egingo dugu.
ADOLFO AREJITA. Eta bada, eta bada bide batez beste hitz bat ere, ba herri-hizkeran esaten dena nire erregistroan behintzat entzuten dena, eta da, erderatik dator, da moxala, ezta? Ba ospitaleetan eta, arnasarik hartu ezinda eta bularretatik eta hausporik ez datorkielako zelan ipintzen zaien, ba azken batean arnasa hartzeko hori, eta baserri-munduko jendeak esaten du ba, "hori, moxal horrek enbarazu baino ez du egiten": moxala. Ez dakit ezta?, beharbada arruntegia izango da, baina hori ere bada.
MAITE ARTOLA. Musukoa eta  moxala, hortaz. Eta azkena, orain hemendik aurrera gainera egunero erabiliko duguna etengabe desescalada gaztelerazko hori. Gu ari gara leuntze bat bezala aipatzen, konfinamenduaren leuntzea...
ADOLFO AREJITA. Bai. Ez dakit. Begira, Maite, hitzik egokiena izango litzateke, zentzuaren aldetik, beheranzkoa edo beherunzkoa, baina horrek beste esanahi bat badu. Eta orduan ba niri bururatzen zaidana da, edo bai, leuntzea izan daiteke edo maila hitzarekin ere proposa daiteke, maila beheratzea, maila jaistea edo soilik ba, ez dakit, jaitsiera edo beheratzea, ezta? Baina hitzen bat benetan hautatu beharko dugu, eta ez daukagu. Zer bestela, desescalada eta deseskalatu horrekin kateatuko gara.
MAITE ARTOLA. Hortaz, gaur garbi atera ditugunak: erpina eta goi-lautada, nahi baldin badira... Musukoa oso garbi, moxala akaso ez hainbeste, eta maila-beheratze bat edo leuntze bat.
ADOLFO AREJITA. Bai. Ondo.
C1
2020-04-22
  • Arejita , Adolfo
21882419
00:05:23
1618