Abesti-zatiekin jositako gogoeta

Abeslari ezagunen kanta zatiak elkarri erantsita, koronabirusaz, konfinamenduaz eta entretenitzeko moduez jardun da Maialen Berasategi.

Hertzainak, Benito Lertxundi, Xabier Lete, Anari eta beste askoren abesti zatiak josi ditu Euskadi Irratiko  'Aurrekoz Atzera' zutabean.


Jaitsi
Transkripzioa:[+] Transkripzioa:[-]

ESATARIA. Aurrekoz atzera, Maialen Berasategi.  

MAIALEN BERASATEGI. Ez dira, ez, betiko garai onenak. Eta horrexegatik gabiltza azkenaldian bihotza kargaturik, begiak bustirik, beti penetan, beti penetan. Ezdeus eta kaltebera sentiarazi gaitu izurri honek, izan ere, zerk eta xomorro ñimiño batek irakatsi behar gizakioi, azken finean gizaki hutsak garela.  

Gizakiak gizaki eta txoriak txori, kaiolan gaude kanpora begira, munduak gu gabe bere ibilgoari nola darraion ikusiz, eta nostalgiko galdetuz: "Txori-kantazale ederra, non ote haiz kantatzen?"

Etxean erdi-itota, sentituz nola sabaian behera euria ari duen, nahiz eta guk egon nahi genukeen han, kalean, euritan dantzan, euritan dantzan.  

"Gelditu etxean!” -agindu digute- “Bizi zaitezte insektu domestikoekin, zaudete hor zeuen lehiarekin". Eta guk?: obeditu. Gure aitaren, amaren, txakurraren etxea defendatuko dugula  zin egin dugu irmo, eta nola zorokrazia honetan luzamendutan eta gerotik gerora ibiltzea denbora galtzea den, goizean goizik jaiki orduko hasten gara hura nola ez galdu pentsatzen. Ai, balkoia izan ala ez izan!: horra hor auzia.  

Balkoidunek beren sentimendua nahi dute deklaratu, kantuan, txaloka. Beste batzuek, polizia kalean bueltaka ikusi eta, pentsatzen dute: "Batek beti horrela bizi behar badu, ez du gaizki egingo sartzea soldadu". Eta beste batzuok, informaturik eta azken xehetasunen berri jakin nahian, supermerkatuetatik komuneko paper guztia herioan etxeratu ondoren, aurrean papera eta atzean papera periodikua letuz ilustratzen gera.  

Azken batean, lagunok, ihes egiteko era guztien artean gutako bakoitzak aukeratua du berea, zeren ihes egin ezean nola aurre egin kanpoan den itzal beltz horri? Hamalau heriotzen langa eta milarena ere gainditua dugu Euskal Herrian. Bizitza da handiena, eta etorriko da eguna, gogorra edo biguna, kanpai tristeak entzunda ere parre egingo duguna. Baina bitartean, aizue, txin-txin txin-txin, diruaren hotsak, koska bat estuago jarri gaitu Santa Ekonomiaren izenean. Eta maskarak eta eskularruak urre bihurtu dira, eta benga, denak fabrikara salgai ez-funtsezkoak ekoiztera. Badakizue nola esaten duten: "Xoxa duenak kontatu eta poza duenak kantatu". Balkoitik baldin bada ere.                 

C1
2020-04-22
  • Maialen Berasategi
21882298
00:03:20
668