Isildu ez zirenak: Joxepa Antoni Aranberri ''Xenpelar'' eta Martzelina Lopetegi

Historiako emakume bertsolarien berri eman nahi du ETB1eko "Hitzetik Hortzera" saioak. Urteetan itzalean egon diren hainbat emakumeren ahotsak bildu dituzte, bakoitza bizi izan zen garaiari ere erreparatuz.

Joxepa Antoni Aranberri ''Xenpelar'' eta Martzelina Lopetegi dira atal honetako protagonistak. Aurkezlea: Eider Perez.

 

Jatorrizko bideoa helbide honetan duzu ikusgai.


Transkripzioa:[+] Transkripzioa:[-]

Eider Perez.- Errenteriarra zen Joxepa Antoni Aranberri Petriarena, “Xenpelar”. Joan den hilabetean eskaini genion programan azaldu bezala,  

Bertsolari kaletarra eta fabrikako langilea izan zen. Hamabi urterekin hasi zen lanean eta bertan jardun zuen ikusmena galdu zuen arte. Ez zen familiako bertsolari bakarra izan. Bere ama Maria Luisa Petriarenak ere bazuen gaitasuna, baita bere osaba Juan Frantziskok ere, Xenpelar bertsolari ezagunak.  

Artean umea zela, galdu zituen baztangaren ondorioz bai osaba, bai ama, baita ahizpa jaioberria ere.  

Erantzun zorrotzeko eta izaera ausarteko emakume ezkongabea izan zen Joxepa Antoni. Denetariko gaiak landu zituen bere bertsoetan, baina seguruenik ezagunenak neska zaharren alde idatzitako bertsoak izan ziren. Enrike Elizetxeak Ibaizabal aldizkarian neska zaharrei buruzko bertso-sorta bat argitaratu zuen, aldizkariak berak antolatzen zuen lehiaketa batean.

 

Neskazarrak

Doinua: Azienda bat dago

Ahotsa: Eñaut Agirre

Biolina: Gari Otamendi

Eskusoinua:  

 

Enrike Elizetxea

Empleatzen ez bada

gazte dala neska

pasa bearko ditu

makiña bat kezka

burutik zoraturik

senar-gairik ez ta

orra azkenerako

neskazarren festa!

 

Neskazarretan badirade bai

ondo bizi diradenak,

baña oso gaizki oraiñ artean

bizitzen dira gueienak,

jende guztia ikaratzen du

neskazarraren izenak,

erne mutillak! ez bada ezkondu

naiz izan zerbait dutenak.

Enpleatzen ez bada

gazte dela neska

pasa beharko ditu

makina bat kezka

burutik zoraturik

senargairik ez eta

horra azkenerako

neskazaharren festa!

 

Neskazaharretan badira bai

ondo bizi direnak,

baina oso gaizki orain artean

bizitzen dira gehienak,

jende guztia ikaratzen du

neskazaharraren izenak,

erne mutilak! ez bada ezkondu

nahiz izan zerbait dutenak.

 

Eider Perez.- Joxepari eta bere lagunei ez zitzaizkien bertso haiek batere gustatu eta erantzun egin zioten Enrike Elizetxeari.

Neskazarrari

Joxepa Antoni Aranberri

“Xenpelar”

Maddalen Arzallus:

Ez nuben bada pensamenturic

zuri bersuak jartzeco

bañan lagunac esan dirate

isillic es egoteco

motiborican ez degu eman

zu orrela mintzatzeco

es diran gauzac esanditusu

diña da minberatzeco.

 

Ibaizabalen zari chiquibat

irabaztea gatican

gogora etorri sainsun guztiya

esandesu gugatican

nic esan bear banu munduban

saude gaur gure gatican

zu sendatzeco sendagarriric

etzan iñungo botican.

 

Zenbait alditan zu sendatzeco

egin ditugu erresuac

pena aundiya ematentzigun

emazte eta gurasuac

zeñek pentsatu zuk gure contra

orrela jartzia bersuac?

ez guera bada zuc ustedezun

besiñ enbidiosuac.

 

Edadechoco nere lagunac

nai nituben anparatu

oriyei gusto emateagatic

dizut ordañac vueltatu

naibaditusu Ibaizabalen

oyekere copiatu

eta sariric ematen badu

gutas ere acordatu. (hiru aldiz)

Ez nuen bada pensamendurik

zuri bersoak jartzeko

baina lagunek esan didate

isillik ez egoteko

motibori(an) ez dugu eman

zu horrela mintzatzeko

ez diren gauzak esan dituzu

dina da minberatzeko.

 

Ibaizabalen sari txiki bat

irabazteagatik(an)

gogora etorri zaizun guztia

esan duzu gugatik(an)

nik esan behar banu munduan

zaude gaur guregatik(an)

zu sendatzeko sendagarririk

ez zen inongo botikan.

 

Zenbait alditan zu sendatzeko

egin ditugu erreguak

pena handia ematen zigun

emazte eta gurasoak

zeinek pentsatu zuk gure kontra

horrela jartzia bertsoak?

ez gara bada zuk uste duzun

bezain enbidiosoak.

 

Edadetxoko nire lagunak

nahi nituen anparatu

horiei gustu emateagatik

dizut ordainak bueltatu

naiba dituzu Ibaizabalen

horiek ere kopiatu

eta saririk ematen badu

gutaz ere akordatu. (hiru aldiz)

 

Eider Perez.- Enrike Elizetxeak, erantzun hau jasota, bertso berriak argitaratu zituen Ibaizabal aldizkarian. Oraingoan, umilago eta barkamena eskatuz. Baina aldizkariko kajistak, inprentara bidali aurretik, testuak kokatzeaz arduratzen den langileak, iruzkin pertsonalak gehitu zizkien Elizetxearen bertsoei, neskazaharren kontra eginez berriro ere. Honi ere erantzun zion Joxepa Antonia Aranberrik.  

 

Kajista bateri

Joxepa Antonia Aranberri, Xenpelar

Ahotsa: Oihana Iguaran

Biolina: Gari Otamendi

Eskusoinua: Joxan Goikoetxea

Neskazarraren adiskiden bat

Bilbo aldean badegu

kajista dela Ibaizabalen

berak garbiro esan du,

nai dizut bada errespuesta

gaur zuri ere bialdu

zuk Enrikeri esan diozu

"Ez du jauna ezer galdu".

 

Sentizen det gaur ez daukatela

ezagutzeko honorea

kajista ori degun ezkero

orrelako adiskidea,

eztaduzkagu ukatutzeko

urteak eta humorea,

bañan bai zenbait andrek guizona

eta guizonak andrea.

 

Emen ez degu balsamorikan

neskazarrak gaztetzeko

bañan bai enplastera ederrak

osasuna ekartzeko,

Bilboaldean baldin badago

kajachoren bat saltzeko

erosi ezazu ta ondo gorde

zeori balsamatzeko. (hiru aldiz)

Neskazarraren adiskiden bat

Bilbo aldean badugu

kajista dela Ibaizabalen

berak garbiro esan du,

nahi dizut bada errespuesta

gaur zuri ere bialdu

zuk Enrikeri esan diozu

"Ez du jauna ezer galdu".

 

Sentizen dut gaur ez daukadala

ezagutzeko honorea

kajista hori dugunez gero

horrelako adiskidea,

ez dauzkagu ukatzeko

urteak eta umorea,

baina bai zenbait andrek gizona

eta gizonak andrea.

 

Hemen ez dugu balsamorik(an)

neskazaharrak gaztetzeko

baina bai enplastera ederrak

osasuna ekartzeko,

Bilboaldean baldin badago

kajatxoren bat saltzeko

erosi ezazu eta ondo gorde

zeori balsamatzeko. (hiru aldiz)

 

Iturria: Zavala, Antonio. Xenpelar eta bere ingurua. Oiartzun: Sendoa, 1993. http://ttiki.com/52324

Eider Perez.- Bestelako gaiek ere kezkatzen zuten Joxepa Antoni Aranberri, horien artean erlijioa, zaletasun karlista, edota gai sozialak ere. Lehenengo Mundu Gerrari buruz idatzi zituen bertso hauek, ohi bezala, Alemaniaren alde eginez.

Alemaniari

Joxe Antoni Aranberri

Xenpelar

Ahotsa: Oihana Iguaran

Biolina: Gari Otamendi

Eskusoinua: Joxan Goikoetxea

Alemaniko gizonak abill,

oraindik danak ez baitira ill;

bonbero onak baditu berdin;

su artzen badu itzaliko du

oraindik Berlin.

 

Enemigua eskui ta ezker,

danon erdiyan or dabill Kaiser;

ikusiko da gauza ori laister:

zein gelditzen den bat nagusi ta

bestia maizter.

Alemaniako gizonak abil,

oraindik denak ez baitira ihl;

bonbero onak baditu berdin;

su hartzen badu itzaliko du

oraindik Berlin.

 

Enemigoa eskuin eta ezker,

denon erdian hor dabill Kaiser;

ikusiko da gauza hori laster:

zein gelditzen den bat nagusi eta

bestea maizter.

 

Eider Perez.- Oiartzungo Galtzarreta baserrian jaio zen Martzelina Lopetegi. Bertsolari bizia eta ausarta izan zen, Antonio Zavalak bere bilketetan jaso zuenez. Erromerietan eta bileretan bertsolariak izaten zirenean, Martzelina haiengana hurreratu eta sarritan beraiekin bertsotan lotzen omen zen. Batzuetan, entzuten zegoen lekutik, eta beste batzuetan, bertsolariengana hurbilduta. Martzelinaren lau ahizpek eta lagunek ez omen zuten gustuko hau, eta errietan egiten omen zioten eta beregandik alde egin, baina hura ez zen gelditzen.  

Martzelinaren erantzun bizkorrari esker, bere zenbait bertso iritsi dira guganaino. Plazida Otañok bezala, Martzelina Lopetegik ere kantatu zuen Txirritarekin. Txirrita bera tentatzen hasi omen zen maitasun-kontutan hasteko eta oiartzuarrak honela erantzun zion.

Txirrita eta Martzelina Lopetegi

Ahotsak: Eñaut Agirre eta Maddalen Arzallus

 

Eñaut Agirre (Txirrita)

Aditu bihaituzu

nere abisuak

hoyek izango dira

gauza prezisuak

jakiñaren gañian

jarri gurasuak

bestela ez du baliyo

gure desiuak.

Aditu behar dituzu

nire abisoak

horiek izango dira

gauza prezisoak

jakinaren gainean

jarri gurasoak

bestela ez du balio

gure desioak.

 

Maddalen Arzallus (Martzelina Lopetegi)

Aita eta amarekiñ

Izaten naiz ondo

edo behintzat eskusarikan

batere ez dago;

jakiñaren gañian  

dirade lenago

libertadia hartua

aspaldiyan nago. (bi aldiz)

Aita eta amarekin

Izaten naiz ondo

edo behintzat eskusarik(an)

batere ez dago;

jakinaren gainean  

dira lehenago

libertadea hartua

aspaldian nago. (bi aldiz)

 

Eider Perez.- Txirrita ez zen izan Martzelina xaxatu zuen bakarra harekin ezkontzeko. Amerikano aberatsen bat ere gerturatu omen zitzaion eta honi ere kalabazak eman zizkion jarraian entzungo ditugun bertsoetan.

Eta gauzak zer diren, 1907an ezkondu egin zen azkenean eta geroztik, ez dugu bere bertsorik ezagutzen.

Martzelina Lopetegi eta Amerikanoa

Eñaut Agirre (Amerikanoa)

Zure ait'eta amak eta nik

itzez tratatu genduan:

al baldin bazan esposatzeko

biyok aurtengo neguan;

oraintxen laixter esan beauzu

zer dadukazun goguan;

bazenakizu ni zuretzako

zer gauza ona naguan!

Zure aita eta amak eta nik

hitzez tratatu genuen:

ahal baldin bazen esposatzeko

biok aurtengo neguan;

oraintxe laster esan behar duzu

zer daukazun gogoan;

bazenakizu ni zuretzako

zer gauza ona nagoen!

 

Maddalen Arzallus (Martzelina Lopetegi)

Zu gauza ona baldin bazaude

munduan ez da txarrikan,

badirurizu gaur bertan irten

zerala infernutikan;

naiagatikan ez dezu entzungo

nigatik baiezkorikan,

etzait gustatzen zu bezelako

mutilzar itxusirikan.

badirurizu gaur bertan irten

zerala infernutikan;

naiagatikan ez dezu entzungo

nigatik baiezkorikan,

etzait gustatzen zu bezelako

mutilzar itxusirikan

Zu gauza ona baldin bazaude

munduan ez da txarrik(an),

badirudizu gaur bertan irten

zarela infernutik(an);

nahiagatikan ez duzu entzungo

nigatik baiezkorik(an),

ez zait gustatzen zu bezalako

mutilzahar itsusirik(an).

badirudizu gaur bertan irten

zarela infernutik(an);

nahiagatikan ez duzu entzungo

nigatik baiezkorik(an),

ez zait gustatzen zu bezalako

mutilzahar itsusirik(an)
 

 

Eñaut Agirre (Amerikanoa)

Ez al diozu begiratutzen

nere poltsa diruari?

Ortatik sobra dabilkigunak

gauza daukagu ugari.

Ez al dituzu ikusi izandu

errian zenbat dendari

jatekorikan eman nai ezik

dirurik eztuenari?

Ez al diozu begiratzen

nire poltsa-diruari?

Hortatik sobra dabilkigunak

gauza daukagu ugari.

Ez al dituzu ikusi izan(du)

herrian zenbat dendari

jatekorik(an) eman nahi ezik

dirurik ez duenari?

 

Maddalen Arzallus (Martzelina Lopetegi)

Orrelakorik eztet aditu

jaiotzetik oraindaño,

nere negarra zabalduko da

Amerikatik auntzaño,

zuk izan arren urre ta zillar

zedorri estaltzeraño,

nik naiago det neskazar bizi

zurekin ezkondu baño. (bi aldiz)

Horrelakorik ez dut aditu

jaiotzetik oraindaino,

nire negarra zabalduko da

Amerikatik harantzaino,

zuk izan arren urre ta zilar

zeorri estaltzeraino,

nik naiago dut neskazahar bizi

zurekin ezkondu baino. (bi aldiz)

 

Bertsoen hitzak https://bdb.bertsozale.eus helbidean dituzue eskura.

 

C1
2020-03-17
21702387
13:17
365