Isildu ez zirenak: Lore Jokoetako irabazleak

Historiako emakume bertsolarien berri eman nahi du ETB1eko "Hitzetik Hortzera" saioak. Urteetan itzalean egon diren hainbat emakumeren ahotsak bildu dituzte, bakoitza bizi izan zen garaiari ere erreparatuz.

Atal honetan, XIX. mende-hasierako Lore Jokoetako irabazleak ezagutu ditugu: Aña Etxegarai, Hondarribiko Joxepa, Maria Luixa Erdozio eta Marie Hargain.

 

Jatorrizko bideoa helbide honetan duzu ikusgai.
 


Transkripzioa:[+] Transkripzioa:[-]

Eider Perez.- XIX. mendean baziren eremu pribatutik kanpo kantatzen zuten emakume bertsolariak eta ez hori bakarrik. Orduko bertsolari-txapelketa garrantzitsuenetan ere irabazi zuten, jendez betetako plazen aurrean: Lore-jokoak.
Maria Luixa Erdozio, Marie Hargain eta Aña Etxegarai XIX. mende bukaerako bertso lore-jokoetan gailendu ziren, eta XX. mende-hasieran ere eskuratu zuten saririk.
Plazaz plaza ere ibiltzen ziren, arrakasta handiz. Marie D'Abbadie ikerlari eta kazetariaren kronikei esker jaso da, hein handi batean, hauen berri. Tamalez, ez da beraien bat-bateko bertsorik ezagutzen.
Azkainen sortu zen Maria Luixa Erdozio bertsolaria eta Donibane Lohizunen bizi izan zen luzez. Laboraria izan zen. Bi aldiz irabazi zituen lore-jokoak, 1869an eta 1875ean. Hogei urtetik gorako ibilbidea egin zuen Erdoziok bertsotan eta ez da edonolako datua, sei seme-alaben ama ere bazela kontuan izanda.
Sarako plazan egiten ziren bertso-saio haiek, orain gauden plaza honetan, ziurrenik. D'Abbadieren kroniken arabera, ehunka herritar biltzen zen bertan eta plaza goraino betetzen zen.
Haren hitzetan, apaizak, epaileak, auzapezak eta etxeko jabe handiak ere hurbiltzen ziren bertara.
Marie Hargain ezpeletarra ere hogei urterako hasi zen bertsotan. Hogeita zortzi urterekin irabazi zituen aurrenekoz lore-jokoak. Jasota dagoenez, berrogeita zazpi urterekin ere plazan jarraitzen zuen. Adin horretan, hirugarren postua lortu zuen Kanboko Lore-Jokoetan. Beraz, hogeita hamar urte bueltako bertso-ibilbidea behintzat egin zuen honek ere. Horrela deskribatu zuen fisikoki D'Abbadiek: “Marie Hargain, hogeita hamar-hogeita hamabost urteko euskaldun eder bat da. Beltzarana, azkarra, begitarte adierazkor batekin”.
Hiruretan gazteena zen Aña Etxegarai, 1873an jaio zen Lekornen eta Hazparnen bizi izan zen. Ostalaritzan eta ezpartingile jardun zuen eta Marie Hargaienkin batera bertsotan aritzen zen lantegian, berak aitortu zuenez.
Etxegarai eskolatua zen, irakurtzen eta idazten zekien, “Aña deabrua” ere deitzen zioten. D’Abbadiek egin zion elkarrizketan, oholtzan, beldurtzea ahantzi zuela aitortu zuen.
Idatzizko testigantzetan aipatzen denez, Hondarribiako neska batek ere kantatu zuen Lore-Jokoetan. Bere izenik ez da agertu eta ez dakigu noiz eta non ere, baina garaiagatik Hondarribiako Joxepa izan liteke. Bilintxen “Hondarribiko Joxepari” bertso-sortan aipatzen den bertsolari famatu hura.
Bertso hauetan kontatzen denez, hainbat donostiar talde joan ziren Joxepa bisitatzera, haren bertsolari onaren fama probatzera edo. Joxepa, ordea, ez zen atzera gelditu eta berak zalantzan jarri zuen Bilintxen bat-bateko gaitasuna edo hori dio, behintzat, bertsolari donostiarrak.

“Hondarribiko Joxepari”
Indalezio Bizkarrondo “Bilintx”
Ahotsa: Eñaut Agirre
Biolina: Gari Otamendi
Eskusoinua: Joxan Goikoetxea

Aspaldiyan, Joxepa
famatua zeunden,
gu berriz ikusteko
desiotan geunden.
Ondarrabi aldian
aditzen genduen,
dama bertsolari bat
nola bazeguen,
zeñak Euskal-erriyan
parerik etzuen.

Egiyak ote ziran
famaren ots ayek,
bixitatu zindugun
zenbait jakin zalek,
amar edo amabi
Donostiya-tarrek,
ayekin batian zan
bizar aundi arrek
izkribatzen dizkizu
zuri bertso abek.

Ni bertsolariya naiz
bañan det aditu,
ez zitzaizula zuri
ala iruritu,
zuk ola pentsatzia
ez da zer arritu,
nere jakinduririk
ez nuen argitu,
zergatikan ez nintzan
premiyan arkitu.

Egizu naizunian,
dama, etorrera,
zuregan utzitzen det
egunan aukera,
ipintzen badirazu
orrelako era,
aprobetxatu gabe
ez ninteke gera,
alkarrekin berriro
mintzatuko gera.

Aspaldian, Joxepa
famatua zeunden
gu berriz ikusteko
desiotan geunden
Hondarribia aldean
aditzen genuen
dama bertsolari bat
nola bazegoen
zeinak Euskal herrian
parerik ez zuen.

Egiak ote ziren
famaren hots haiek
bisitatu zintugun
zenbait jakin zalek,
hamar edo hamabi
donostiarrek,
haiekin batean zen
bizar handi hark
izkribatzen dizkizu
zuri bertso hauek.

Ni bertsolaria naiz
baina dut aditu
ez zitzaizula zuri
hala iruditu
zuk horrela pentsatzea
ez da zer harritu
nire jakinduriarik
ez nuen argitu,
zergatik ez nintzen
premian aurkitu.

Egizu (egin ezazu) nahi duzunean,
dama, etorrera,
zuregan uzten dut
egunaren aukera,
ipintzen badidazu
horrelako era,
aprobetxatu gabe
ez ninteke gera,
elkarrekin berriro
mintzatuko gara.

 

Eider Perez.- Ez dakigu desafio hori onartu ote zuen Hondarribiako Joxepak, baina Bilintxen bertsoak ez dira erantzunik gabe gelditu.
Maialen Lujanbio (hori esaten du Eiderrek, baina gero bideoan ageri dena Maddalen Arzallus da) jarri da Joxeparen paperean eta bertso hauen bidez eman dio erantzuna donostiarrari bi mende beranduago.

Joxeparen erantzuna


“Bertsolaritzaren sekretuak”
Ahotsa: Maddalen Arzallus
Biolina: Gari Otamendi
Eskusoinua: Joxan Goikoetxea

Hondarribiara egin du
bisita pijoa
pena du Joxepari
ez adarrik joa
berriz izan ez dezan
kexa eta ijua
Bilintxi bertso hauek
jartzera noa.

Galdera egin duzu
kalean eta kaian
delako Joxepa hori
harrapatu nahian
baina Joxeparik(an)
ez izaki zain han
bertsoa izaten da
noiznahi gure mahaian
baina ez erronkosoek
nahi duten garaian.

Hondarribiara etorri
zinena erromes
dama bertsolaririk
bazegoen edo ez
lehen ez nizun nik egin eta
orain lehengo ordez
proba hartuko dizut
gustuz eta ohorez
baldin aurkitzen banaiz
ni ere umorez

Mila zortzirehunetik
pasa gabiltzala
handia da Bilintxen
bertsoen itzala
beranti hartu dut nik
hauek jar nitzala
nahi duenak Joxeparenak
ikasi ditzala
geroak jakin dezan
ni ere banintzela.


Beranti hartu dut nik
hauek jar nitzala
nahi duenak Joxeparenak
ikasi ditzala
geroak jakin dezan
ni ere banintzela

 

C1
2020-03-02
21602467
08:22
558