Dokuteka
Agerraldia 5 Atala 12
Kaleko giroa. Bozinazo pare bat garbi-garbi.
AITA: Ama! Ama! Oraintxe ere ezertxo ere ez entzuten, ordea, gajoak!
Berriro bozinazo pare bat jo ditu aitak.
AITA: Ama! Hemen!
AMONA: Barkatu, gazte! Nirekin ari al zara?
AITA: Bai, ama, itxaron hortxe; segituan nator, aparkatzera noa eta!
AITA: Ama, zer egiten duzu hemen?
AMONA: Barkatu, baina uste dut deskuidatu egin zarela...
AITA: Pedro naiz, ama! Ez al nauzu ezagutzen?
AMONA: Urte askotako! Ni Maria Teresa naiz!
AITA: Badakit zu nor zaren!
AMONA: A, bai?
AITA: Bai, baina igualtsu dio... Zer zabiltza?
AMONA: Ba, beno, ez dakit, horrela... Ezezagun bati esplikazioak ematen hasteko ohiturarik ez daukat, baina tira, galdetu didazunez, erantzungo dizut, kortesiaz bederen: medikutatik nator.
AITA: A, bai? Ondoezik, edo?
AMONA: Badakizu... edadea, gazte! Urteek ez dute barkatzen!
AITA: Ez da, ba, ezer larririk izango?
AMONA: Ba, zer esatea nahi duzu? Medikuak ezetz dio, baina oraingo medikuek ba al dakite, ba, ezer?
AITA: Berak ezetz badio...
AMONA: Ba, azkenekotan nagoela lehenago esango nuke nik!
AITA: Tira, ama!
AMONA: Bai...
AITA: Hain gaizki sentitzen al zara, ba?
AMONA: Ez, ez, primeran sentitzen naiz.
AITA: Zer esaten ari zara, orduan?
AMONA: Ez dakit, ba, ez dakit! Baina... hementxe, halakoxe zerbait... Baina, Jesus! Ez zaitut nire esplikazioekin aspertu nahi, zuk ere izango dituzu zeure zereginak! Baina, bai, gizona, bost xentimo balio ez duen mediku horrek ezer ez daukadala! Jakin nahi nuke nire urteak balitu zer esango lukeen horrek! Baina, beno, horrela beharko du!
AITA: Pozten nau, ba, ondo zaudela jakiteak...
AMONA: Milesker, gazte! Estimatzen dizut nitaz arduratzea. Ez da, ez, egunero gertatzen den zerbait! Beno, egun on dizula Jainkoak!
