Dokuteka
Agerraldia 11 Atala 3
Kaleko giroa.
TXARO: Beno, zer moduz animo horiek?
TXUSMA: Beno...
TXARO: Eta hireak, Txete?
TXETE: Zer esango dinagu!
TXARO: Ez zekiat, ba. Zer moduz hagoen edo...
TXETE: Historia hau dena lehenbailehen amaitzeko gogoz, neska. Bateria aurkitu dinat, eta bajoa bakarrik falta zaigun orain taldea osatzeko.
TXARO: Hi, aizak... ez zegok gaizki...
TXETE: Ea duro batzuk ateratzen ditugun.
TXARO: Bai, motel, zerbait beharko diagu!
TXUSMA: Hi, ba, egunen batean obra hau antzeztea aski, denok aberasteko! Orduantxe hik nahikoa asti gitarra jotzeko.
TXETE: Ez niagok ni hain seguru!
TXUSMA: Harritzekoa duk! Behin ere egon al haiz hi ezertaz seguru?
TXARO: Aizue, lasai, e, ez diagu goizean goizetik eztabaidan hasi behar eta!
TXETE: Eta gaur ere ero hura agertzen bada?
TXARO: Gaur ez duk azalduko.
TXUSMA: Je, hik esan dun!
TXARO: Ez zeukak, behintzat, azaldu beharrik.
TXETE: Ba, azaltzen bada, ni banian.
TXUSMA: Baita ni ere.
TXARO: Zuekin? Zuekin?... Kakatiak alaenok!
TXETE: Hi, ni ere bai hire tokian... Hura ez hunan hire kontra joan, e, hura gure bila zebilenan!
TXARO: Egon hadi horretan! Zuen bila?
TXUSMA: Beno, berdin zion... azaltzen badun, ospa, zera... guk behintzat!
TXARO: Ei, gauza bat.
TXUSMA: Zer?
TXARO: Ez al da hura?
TXETE: E? Zer?
TXARO: Bere kotxea! Han, atari aurrean...
TXUSMA: Zein dela bere kotxea?
TXARO: Han... atari aurreko hura! Apustu egingo niake huraxe dela! Goazemazue, goazemazue hemendik!
TXETE: Baina, zer esaten ari haiz?
TXARO: Joe, huraxe dela, ba, bere kotxea, Maiteren aitaren kotxea!
TXUSMA: Seguru al hago hura dela?
TXARO: Joan eta galde egiok!
TXETE: Ertzainengana lehenago! Ez, ez... niregatik libre dun! Hor konpon! Ni banian.
TXARO: E, e... zergatik ez dugu lehendabizi begiratzen, ea hor dagoen?
TXETE: E? Begiratu esan al dun? Ezta katalejuekin ere!
TXUSMA: Neroni horretan! Hobe izango dun bakean uztea.
TXARO: Beno, utzi nire kontu! Zuek hemen behean itxaron, eta nik ikusiko diat zertan diren gauzak.
TXETE: Nahi dunan bezala, baina ordu-erdi barru jaisten ez bahaiz, alferrik itxarotea... ito egin hauela pentsatuko dinagu!
TXARO: Hi ere ez hadi esajeratua izan! Atzotik daurra baretuko ahal huen piska bat!
TXUSMA: Hik utzion... inguruan dabilen bitartean, bistatik alde egitea hobe!
TXARO: Kafetxo bat har ezazue zuek bitartean.
TXETE: Hire kontura beharko!
TXARO: Bai, motel! Ondo aterako ahal zaiguk hau? Bestea ezta kafetarako ere!
