detalle dokuteka-generico-fitxa

Zenbat irauten du zaborrak?

Etxeetan sortzen dugun zaborrak hainbat osagai ditu. Hauek naturan birziklatzeko zenbat denbora behar duen azaltzen digu erreportaje honek.

Urtebete

Naturak ez du aparteko arazorik izaten paperaren osagaiak lurzoruan integratzeko, batez ere zelulosaz osaturik baitago. Lurrean botata geratzen bada eta negu euritsua eginez gero, laster degradatzen da. Hala ere, birziklatzea da egokiena, papera egiteko zuhaitz gutxiago bota dezaten.

5 urte

Erabilitako txikle zati bat, oxigenoaren eraginez, material gogor-gogor bihurtzen da epe horretan; eta gero pitzatu egiten da, desagertu arte. Erretxin naturalezko goma, goma sintetiko, azukre, usaingarri eta koloratzailez osatutako nahasketa da txiklea. Degradatu ondoren ez du ia aztarnarik uzten.

10 urte

Hamar urte behar ditu naturak gaseosa edo garagardo lata bat burdina-oxido bihurtzeko. Gehienetan altzairuzko 210 mikroiko lodiera izaten dute, bernizez eta eztainuz estalita. Kanpoan utziz gero, euri eta hezetasun ugari behar da oxidoak erabat estal dezan.

10 urte

Polipropilenozko botatzeko edalontziek poliestirenozkoek -arrautzen kaxatxoen materiala- baino kutsadura txikiagoa sortzen dute. Baina denbora behar izaten dute eraldatzeko. Plastikoa molekula sintetikotan geratzen da; ez dira ikusten, baina hortxe daude.

30 urte

Tetra-brik ontziak ez dira uste bezain toxikoak. Egia esan, horien egituraren %75 zelulosazkoa izaten da, % 20 dentsitate apaleko polietileno puruzkoa eta % 5 aluminioa. Aluminioak behar izaten du degradatzeko denbora gehien. Zelulosa, kanpoan baldin badago, urtebeteren buruan desagertzen da.

30 urte

Lakak, aparrak...Etxeko hondakinen artean elementurik polemikoenetakoa da. Lehenik eta behin, aerosola erabiltzen dutenez, eragile kutsagarria delako -kontrakorik esaten ez bada behintzat- CFC (klorofluorokarbonoa) osagaien eraginez. Bestela ere, metalezko egitura dela eta, nekez gertatzen da degradazio naturala. Oxidazioa da lehen urratsa.

30 urte

Botilen tapetako metalezko aleazioa erraz degradatuko dela dirudi, mehea delako; baina ez da hala izaten. Lehenik herdoildu egiten da eta gero apurka-apurka altzairuzko zatiak erresistentzia galtzen du, dispertsatu arte.

100 urte

Altzairuz eta plastikoz eginak direnez, botatzeko supiztekoek denbora behar izaten dute desegiteko. Altzairua, kanpoan utzita, 10 urteren buruan hasten da kaltetu eta apur bat herdoiltzen. Plastikoak, berriz, denbora horretan kolorerik ere ez du galduko. Osagaiak oso kutsagarriak dira eta ez dira degradatzen. Gehienek merkurioa izaten dute eta zenbaitek baita zinka, kromoa, artsenikoa, beruna edo kadmioa ere. Kanpoan 50 urte eman ondoren has daitezke bereizten. Baina agente kaltegarri gisa irauten dute hala ere.

100 eta 1.000 urte artean

Plastikozko botilak dira desagertzeko bihurrienak. Kanpoan utzita, tonizitatea galdu, zatitu eta zabaldu egiten dira. Lurpean gehiago irauten dute. Gehienak polietilenozko tereftalatoz (PET) eginak izaten dira, oso nekez desegiten den materialez hain zuzen ere: mikroorganismoek ez dute horiei aurka egiteko mekanismorik.

100 urte baino gehiago

Plastikozko kortxoak polipropilenoz eginak izaten dira, lastotxo eta jogurt ontzien material berarekin alegia. Ur botilak eta PETez (polietilenozko tereftalakoz) eginak baino errazago birzikla daitezke (horiek PVC, polivinilozko kloruroz eginak izaten dira).

150 urte

Plastikozko poltsak, meheagoak izanik, plastikozko botila baino azkarrago eralda daitezke. Poltsak, berez, dentsitate baxuko polietilenoz eginak izaten dira. Naturak "borroka" latza izaten du elementu horren aurka. Eta gehienetan galdu egiten du.

200 urte

Zapatilak larruz, oihalez, gomaz eta kasuren batzuetan apar sintetikoz eginak izaten dira. Horregatik, hainbat degradazio etapa izaten dute. Oihal edo larruz egindako zatiak desagertzen dira lehenik. Barruko aldea ez da degradatzen, murriztu bakarrik.

300 urte

Panpina artikulatu gehienak plastikozkoak izaten dira, degradatzen denbora gehien behar duen materialez eginak hain zuzen ere. Eguzkiaren izpi ultramoreek molekula txikietan zatitzea besterik ez dute lortzen. Prozesu horrek ehunka urte iraun dezake, baina lurrazaletik desagertu egiten dira.

1.000 urte baino gehiago

Denbora horixe behar dute pilek desagertzeko.

4.000 urte

Beirazko botila, edozein formatutan dela ere, oso objektu iraunkorra da. Material hauskorra izan arren -erorita hautsi egin baitaiteke- lurrarentzat lan eskerga da beira eraldatzea. Hondarrez eta sodio eta kaltziozko karbonatoz osatua, %100 birziklagarria da.

Irudia: Letone, Pixabay

detalle2

Dokuteka

B1
2002-03-12

x61pRelaContWAR

16424149

x61pViewCountWAR

6106

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR